National Geographic-en 2020ko agenda

National Geographic eta Elkano 500 Fundazioa elkarlanean aritu dira 2020ko agenda argitaratzeko, munduari emandako lehen bira ardatz harturik. Historian zehar itsasoari lotuta bizi izan diren herrien kultura nabarmentzen du agendak, gainera. Horietako herri bat dugu Getaria. Lehen aldiz, agendaren 5.000 ale euskaraz argitaratu dira.

National Geographic aldizkariak euskarazko edukiak argitaratu ditu lehen aldiz bere historian, Elkano Fundazioak ezagutza berriak sortu eta euskal gizartean zabaltzeko egindako aposturari esker. National Geographic-en 2020ko agendan argitaratu dira euskarazko eduki horiek. Juan Sebastian Elkano euskal itsasgizonak munduaren inguruan nabigatu zueneko 500. urteurrena betetzen denean, Elkano bera eta balentria hura ditu ardatz 2020ko agendak.

Espezien Uharteetara abiatu ziren itsasontzietan, beste hizkuntza batzuen artean, euskaraz hitz egiten zen. Eta beste horrenbeste gertatzen zen beste hainbat espediziotan, munduko lehen biraren aurretik eta ondoren, horietan euskal marinelek parte hartu ohi baitzuten. Izan ere, nabigatzaile trebe eta ospetsuak ziren euskaldunak Erdi Aroan nahiz Aro Modernoan. Bidaia luze horietan, beren jantziak, lanabesak eta musika-instrumentuak ez ezik, beren sinesmenak, ohiturak eta hizkuntzak ere ontziratu ohi zituzten marinelek.

Hala, euskarak ere bira eman zion munduari Elkanorekin, baita beste milaka euskal nabigatzaile eta arrantzalerekin ere. Haietako batzuk gogoan izan ditu historiak, eta beste asko, gehienak, ahaztu. Edonola ere, itsasoari hertsiki lotutako herri baten kulturaren isla dira haiek guztiak. Berezko eta antzinako nortasun baten oroigarri. Nortasun horrek bizirik jarraitzen du gaur egun, nabigatzeko ibilbide berriak zabaltzen dituzten gizon-emakumeei esker. 

Elkano Fundazioak bere lanak eta helburuak aurrera eramateko laguntzailerik onenak bilatu ohi ditu, batez ere helburua dibulgazioa denean. Horietako laguntzaile bat da National Geographic, nazioarteko ospe handiko aldizkaria. Urtearen hasieran ekin zioten elkarlanari bi erakundeok, eta, elkarrekiko konfiantzari eta ulermenari esker, bi proiektu burutu ahal izan dituzte: bi artikulu argitaratzea National Geographic-en Historia aldizkarian eta 2020ko AGENDA. Fundazioak bultzada berezia eman dio agendaren euskarazko argitalpenari. Hala, agendaren 5.000 ale argitaratu dira euskaraz, eta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetzari esker, kiosko eta liburu-dendetan egongo dira salgai.

Agendak 160 orrialde ditu eta hainbat irudiz eta planoz ilustratua dago. Astez aste, munduaren ikuskera aldatu zuen bidaia hartako tripulazioak aurre egin behar izan zien joan-etorri eta gorabeherak azalduko dira orrialde horietan. Agendak gogora dakartza bidaiaren mugarriak, berreskuratu egiten ditu espedizioaren berri eman zuten kronikagileen testigantzak eta agerian jartzen du munduko lehen bira hartan esku hartu zuten herrialde guztien partaidetza.  Horrez gain, Getaria eta getariarrak azpimarratu nahi izan ditu Fundazioak, itsasoari lotutako herri baten kulturaren isla baitira: berezko eta antzinako nortasuna duten gizon-emakumeak, itsasoa bizibide dutenak.