Donostia Gastronomika 2019: dastatu mundubira

Munduari lehenengo aldiz bira eman zioten eskifaiako kideek geldialdia egin zuten herrialdeetako sukaldaritza gerturatuko digu Donostiako XXI. Gastronomikak, urriaren 6tik 9ra. 

Orain 500 urte munduaren lehenengo bira burutu zuen Magallanes-Elkano espedizioak aldaketa garrantzitsuak ekarri zituen gizateriarentzat; eraldatu egin zuen gizartearen nahiz historiaren garapena hainbat arlotan, horien artean elikadura. 

Eta horregatik Elkano 500 Fundazioaren lan-ildoen artean dago elikadura, batez ere jasangarritasunari lotuta.

Gainera, tokian bertako nahiz nazioarteko era askotako entitate eta erakundeen artean lankidetza sareak sortzeko bokazioa du fundazioak, hala testuinguru ekonomiko eta soziala zabaltzeko nola Elkanoren lehen zirkumnabigazioari lotutako gertaerak ezagutzera emateko.

Horren emaitza da Donostia Gastronomika-Euskadi Basque Country kongresuarekin lankidetza, 2019ko urriak 6 eta 9 artean munduaren inguruko lehen birarekin lotura duten herrialdeetako sukaldaritza gerturatuko duena. Brasil, Argentina, Txile, Indonesia edo Filipinetako sukaldariburuek sukaldaritza aniztasuna erakutsiko dute Donostian, usain eta zaporeen mundubira berezi batean.  

Merkataritza itsasbidetik, munduaren lehenengo itzulira

Lehen zirkumnabigazioa burutu zuen espedizioak ez zuen halako helbururik jatorrian. XVI. mendean motibazioa bestelakoa zen: itsasbide berriak irekitzea Ekialdearekin merkataritza harremanak ezarri eta espezie preziatuak lortzeko, besteak beste iltzea, piperra eta intxaur muskatua. Merkataritza bide berri horiek irekitzeak gure sukaldeetan usain eta zapore berriak sartzea ahalbidetu zuen.

Bidaiak iraun zuen hiru urteetan zehar Elkanok eta espezietako armadaren gainerako eskifaia kideek ezagutu zituzten sukaldaritza eta produktuak ekarriko ditu XXI. Donostia Gastronomikak. Munduaren inguruko itzuliaren zaporeaz gozatzeko aukera bat izango da; bertan bat egingo dute tradizioak eta gaur-gaurko sukaldariburu nahiz hainbat herrialdetako jatetxeek, hala nola Kanariar uharteetakoek, Brasilgoak, Txilekoak edo Indonesiakoak. Kongresuan beste latitude batzuetako gonbidatuak ere izango dira, esate baterako Plaza Athénée (Paris, Frantzia) edo Mere (Londres, EB) jatetxeetakoak, bidaiaren mundu mailako ideian sakontzeko. Getariako Elkano jatetxeko Aitor Arregui ere bertan izango da, hitzorduari hutsik egin gabe.