Study tour bat lehen mundubiraren Gipuzkoako sustraietara, zahartze aktiboa bultzatzeko

23 EKA, 2021
55 urtetik gorakoek "Elkanoren lehen zirkumnabigazioa: euskaldunak mundu modernoaren hastapenetan” on-line ikastaroa osatu dute eta Gipuzkoako kostaldeko itsas eta arrantza-ondarea ezagutzeko aukera izan dute.

BITXIKERIAK: MUNDUBIRA ekimenak bizitzan zeharreko ikaskuntzaren estrategia erabiltzen du zahartze osasungarria sustatzeko.

"Elkanoren lehen zirkumnabigazioa: euskaldunak mundu modernoaren hastapenetan” lehen online-ikastaroko 55 urtetik gorako ikasleek aste honetan Gipuzkoako kostaldean egingo diren bisitaldi gidatuen programan hartuko dute parte, eta bisitaldi horietan gure lurraldearen historian eta itsas ondarean sakonduko dute. Mutriku, Deba, Zumaia, Getaria, Zarautz eta Orio izango dira bidaia horren geralekuak. Herri horietan, ikasleek aukera izango dute duela 500 urte lehen mundubira egiteko erabili ziren teknologiaren eta ezagutzaren berri izateko.

Horrela amaitzen da ‘BITXIKERIAK: ondarea hurbilduz, MUNDUBIRA etapa’. 55 urtetik gorako pertsonei zuzendutako ekimen bat da, aukera izan dezaten beren interesak zabaldu, ezagutzak eskuratu eta harreman‑sarea handitzeko, modu birtualean zein aurrez aurre. Begi Bistan turismo jasangarriko enpresak sustatuta, Elkano Fundazioarekin eta Oniversityrekin lankidetzan, programak bizitzan zeharreko ikaskuntzaren estrategia erabiltzen du zahartze aktiboa bultzatzeko, eta formatu berria proposatzen du 55 urtetik gorako pertsonentzat, Gipuzkoako itsas eta arrantza-ondarearen garrantzia azpimarratzen duena, munduari lehen bira ematea lortu zuen Magallaes-Elkano espedizioaren 500. urteurrenaren testuinguruan. Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak hautatu zuen, Adinberri 2020 deialdiaren barruan.

Astelehenean, online-ikastaroko lehen promozioko ikasleek diplomak jaso zituzten, eta lehen aldiz aurrez aurre entzun zuten Elkano, euskaldunak eta munduaren inguruko lehen itzulia liburuaren egile Daniel Zulaikak emandako 'Elkanoren mundua' hitzaldia. Ondorem, eta bihar ostegunera arte, Gipuzkoako kostaldean zehar ibiliko da taldea –lehorrean eta itsasoan– itsasoari lotutako duela 500 urteko Euskal Herriko testuinguru sozioekonomikoa ezagutzeko.

Nazioarteko lankidetza epe luzera

Bestalde, BITXIKERIAK proiektuaren esparruan, bi topaketa profesional egin dira Getarian eta Donostian, eta Gipuzkoako hainbat eragilek zahartze aktibo eta inklusiborako eta silver-economy sustatzeko estrategia aurkeztu ahal izan dute. Proiektua sustatu duten eragileekin batera, honako hauek ere partaide izan dira: Rural Kutxaren Gizarte-ekintza, APTES, Matia Fundazioa, Biodonostia, Euskofederpen, La Caixa Fundazioa, Tecnalia, Adinberri eta Gipuzkoako Aldundia.

Topaketek, halaber, aukera eman dute beste lurralde batzuekin epe luzerako lankidetza-aukerak aztertzeko; izan ere, Urola Kosta Mankomunitateko, Etxepare Institutuko, Akitania-Euskadi-Nafarroa Mugaz Gaindiko Bulegoko, Adinekoen Unibertsitateen Nazioarteko Elkarteko (AIUTA) edo U3Ako (University of the Third Age) ordezkariek hartu dute parte.