Elkano Fundazioak eta Elhuyar Fundazioak lankidetza-hitzarmena adostu dute duela 500 urteko euskal itsas teknologia eta mundubirari esker egindako ekarpen zientifiko eta teknologikoak artikulu zein irrati eta telebistako programen bidez ezagutarazteko asmoz.
Akordio horren esparruan, Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrila saioak bi saio monografiko berezitan jorratu du gaia: Elkano, mundubiraren zientzia, Alvaro Aragon eta Lourdes Odriozola historialarien, Xabier Agote Albaolako zuzendariaren eta Naiara Barrado astronomoaren parte-hartzearekin; eta Xabier Alberdi eta Elkano monografikoa, non Euskal Itsas Museoko zuzendariak azaldu duen nolakoa zen garaiko itsas teknologia eta nola eta zergatik sortu ziren Elkano eta bidaiaren inguruko mito desberdinak.
Gainera, Radio Euskadiko La mecánica del caracol saioak Elhuyar aldizkarian Elkanori eskainitako saio bereziaren eta bidaiaren ekarpen zientifiko-teknologikoen berri eman zuen.