Aniztasunaren aldeko arte hiritarra, mundubira eta 500 urte geroago

2 UZT, 2021
Getariak Carlos Zabala, Arrastalu artista gipuzkoarraren murala inauguratu du Berdura Plazan, mundubira ardatz.

Getariako Udalak Berdura Plaza berritua inauguratu zuen atzo. Bertan, Carlos Zabala artista gipuzkoarrak, Arrastaluk, munduari lehen itzuliaren inguruko horma-irudi bat sortu du, bidaia hari –eta batez ere etorkizunari– lotutako aniztasun- eta elkartasun-balioak azpimarratuz.

Muralak zeramikazko piezak eta terrakotazko eskulturak konbinatzen ditu, eta mundubiraren bidaia kontatzen du, bi premisatatik abiatuz: amesten dugun mundua eta iraganaren errekonozimendutik etorkizun berri baterantz.

Esku-hartze horri esker, Getariako bizilagunek Berdura Plazako espazioa berreskuratu ahal izan dute, eta modu iraunkorrean gozatzeko aukera izango dute.

 

Inaugurazio ekitaldian, Getariako alkate Haritz Alberdik adierazi duenez "gustatuko litzaiguke espazio hau eta arte lan hau irudiaz eta errelatoaz haratago joatea, eta hausnarketarako gune eta izan nahi dugunaren erakusgarri bihurtzea".

Gainera, inaugurazio hori dela eta, Getariako Udalak 'Amesten dugun mundua' manifestua argitaratu du, eta bertan adierazi duenez, "Berdintasuna oinarri hartuta, datozen belaunaldiei egin diezaiekegun ekarpenik handienetako bat munduko aniztasuna aldarrikatzea eta horri balioa ematea da".

Arrastalu (Irun, 1952) margolari eta kartelgile gipuzkoarra da. Montes Iturrioz eta Graceneako ikaslea, Debako eskolan lan egin zuen. Ana Maria Guaschek errealismo fantastiko gisa definitutako estilokoa, Donostian, Hondarribian, Zarautzen, Arrasaten, Bilbon, Madrilen, Bartzelonan eta Pragan (Euskadi pinturan, 1978) egin ditu erakusketak. Arabako Arte Ederren Museoak badu bere obra. Jose Luis Zumeta eta Vicente Ameztoyrekin batera, 1980an Lemoiz gelditu murala egin zuen, zentral nuklearraren eraikuntza gaitzesteko, eta iaz Bilboko Arte Ederren Museoari dohaintzan eman zioten.