Originaltasunagatik, ezagutzari egindako ekarpenagatik eta ikerketa-ildo berriak irekitzeagatik, Miren Aintzane Eguiluzek (Bilboko Ingeniaritza Eskola -Nautikako eta Itsasontzi Makinetako Eskola Teknikoa, Portugalete) UPV/EHUko Udako Ikastaroetako komunikazio onenaren saria lortu zuen bere lanarekin: “¿Y la mujer?: aproximación a la presencia femenina en los ambientes marítimos vascos del siglo XVI”.
Garai hartan emakumeek “etxean geratu behar zuten beti, hura baitzen beren tokia, nahiz eta gizartearen goi mailako emakumeak izan”; halere, Eguiluzek adierazi du “ur-bazterrean geratu zirela, itsasertzean eta kaietan, eta tentuz gerturatu zirela itsas eremuetara, baina behin eta berriz agertu zirela eremu horietan, zailtasunak izanda ere”.
Oso azterketa gutxi dauden gai horri buruzkoa izan zen ingeniariak Bilboko Ingeniaritza Eskolan egin zuen gradu amaierako lana. Eguiluzek dioenez, euskaldunen garapen ekonomikoaren eragilea itsas jarduerak ziren garai hartan, maila guztietako emakumeek itsasoarekin lotutako lanak egin zituzten: apalenek bizirauteko lan egiten zuten; eta aberatsenek, askotan aita edo senarren onespenarekin, horien ordezkari-lanak egiten zituzten etxeko gizonak ez zeudenean”. “Oso gaztetatik ikusten ditugu txalupari gisa, gaien garraiolari lanetan, armadore eta zamaketari lanak egiten…”. Gizonezkoek baino soldata askoz txikiagoa jasotzen zuten lan bera egiteagatik, eta, okasio gutxi batzuetan izan ezik, “ez zituzten gizonezkoen errespetu berarekin tratatu”.
Gizartearen onarpen ezari gehitzen zitzaion autoritateen kontrola, eta batzuetan, baita jazarpena ere. Ikerketa-lana egiten aritu den bitartean, Eguiluzek jakin ahal izan du hiribilduetako udalek lege argi eta irmoak egiten saiatu zirela beren jarduerari zegokionez. “
1553an Portugaleteko txalupariei ohartarazpena egin zitzaien beren lanbideko elementuak etxean ondo gordeta izateko eta inori ez emateko “alkatearen, errejidorearen edo aguazilaren baimenik gabe”.
Are ohikoagoak ziren arraina saltzen zuten emakumeak zelatatzeko dekretuak; emakumeek “errebeldian” saltzen zuten askotan, udal ordenantzen aurka alegia, edo herrietatik kanpora joaten ziren arraina saltzera muga-zergarik ez ordaintzeko; “autoritateek dekretuak saihesten zituztenak zigortu egiten zituzten lotsagarri utziz (traydas a la bergüenca)”.
Udako ikastaroetarako aukeratu ziren zazpi komunikazioetako bat aurkeztu zuen Eguiluzek. Elkano 500 Fundazioak deialdia ireki nahi izan du historialariarentzat, baina baita ere Getariako itsasgizonari, lurraren inguruko lehen zirkumnabigazioari eta garaiko testuinguru sozio-ekonomikoari buruz beste ikuspegi bat zuten beste arlo batzuetako profesionalei.
Komunikazioetan aurkeztutako gainerako gaiak hauek izan ziren: eskorbutoaren eragina munduaren inguruko lehen biran (Javier Almazan); zirkumnabigazioaren garrantzia zientzia modernoan (Ekai Txapartegi); garaiko itsas ezagutza (Alberto Rodriguez); hausnartzeko premia, ospakizunaz haratago (Xabier Kerexeta); eta Elias Salaverriaren margoa Elkanoren etorrerari buruz (Urdiri Salaberria eta Irene Cardaba).