Koreografia Faustino Aranzabalena da eta jatorrizko musika Enrike Solinisena.
Kresala konpainiak mundubiraren eta euskal nabigazioaren historia publikoari hurbiltzeko proposamen berri bat aurkezten du: 'Amoria & Dolore: Elkano, lehen mundubira'. Faustino Aranzabalek zuzentzen du obra berriaren koreografia eta musika orinala Enrike Solinisena da. Hogeita hamar dantzari inguru daude oholtza gainean, dantzaren bidez lehen munduko itzulia eta euskal nabigazioaren Urrezko Aroa kontatzeko. Ikuskizuna datorren larunbatean, apirilaren 25ean, estreinatuko da Bilboko Euskalduna Jauregian, 'Aurrera fest!' Jaialdiaren baitan.
Kresala Dantza Taldea AMORIA & DOLORE - Elkano, lehen mundu bira. from Kresala dantza taldea on Vimeo.
Josu Sagardia dantzari eta Kresala EDTko presidenteak, Claudia Erentxun dantzariak eta Ion Irurzun Elkano Fundazioko zuzendariak ikuskizuna aurkeztu dute gaur goizean Bilbon. Obrak, Elkanoren zirkunnabigazioaren urrezko aroan zehar bidaiatzen du, ikerkuntza eta berrinterpretazioa lagun, ondare artistiko eta koreografiko berria sortuz. Balleta 17 eszenatan eta akto bakarrean garatzen da, Esquivel, Iztueta eta Gadesi keinuak eta erreferentzia garbiak eginez. Horrez gain, Artzeren, Etxepareren eta Galeanoren poemek, besteak beste, obra goitik bera hezurmamitzen dute. Jon Etxabe, Daniele Carnovich, David Sagastume, Orfeo Donostiarra, Gazte abesbatza eta Orfeoi Txiki, eta Leire Berasaluce, Josean Bengoetxea, Maika Etxekopar eta Asier Hernandez errezitatzaileak izango dira Kresalako dantzariekin batera.
Sagardiak azaldu duenez, XVI. mendean Gipuzkoako, Bizkaiko eta Iparraldeko dantza tradizionalek beste herrialde askotako dantzen eragina jaso zuten, garai hartako euskal nabigatzaileak bidaiatu ziren herriena; dantzatik haratago, mundubirak eta euskal nabigazioak orohar, mundu modernoaren kontzepzioan eragin erabakigarria izan zuten, eta Kresalaren ikuskizunak horren erreferentziak jaso nahi ditu baita ere.
Ion Irurzun Elkano Fundazioko zuzendariak lan honen garrantzia azpimarratu du mundubira eta bere testuinguruaren berri emateko. "Lehen zirkunnabigazioaren eta garai hartako Euskal Herriaren itsas ahalmenaren historia kontatzeko, beharrezkoak dira Historia liburuak eta Akademia, baina baita beste proposamen eta hizkuntza batzuk ere, era guztietako publikoengana hurbiltzeko aukera emango digutenak. Hori dela eta, Kresalak bere proposamena aurkeztu zigunean, argi ikusi genuen gure lan-irizpideekin bat zetorrela eta haiekin batera joango ginela. "
Sarrerak dagoeneko salgai daude Euskalduna Jauregiaren webgunean. 27 euro dira (kudeaketa-gastuak barne), eta bost euro murriztuko dira erosketa #KreoEnTiKultura kultura sustatzeko plataformaren bidez egiten bada.