Elkano 500 Fundazioko Aholku Batzordeko kide Jose Mari Larramendi antropologoak gaur parte hartu du UPV/EHUko “Elkano eta munduaren inguruko lehen bira: 500 urte geroago” Udako Ikastaroaren bigarren egunean. Larramendik “munduaren inguruko bira kontatzeko beste modu batzuk” izeneko mahai-inguruan parte hartu du, eta bere hitzetan “Elkanok erronka bat proposatzen digu, etnozentrismoarekin amaitu eta kultura aniztasuna bizitzea”. Bere ustez munduaren inguruko lehen bira “mundualizazio proposamen integratzailea da, eta aukera “bikaina” da “gaur egungo globalizazio akosmikoa baino politikoki zuzena” berrikusteko.
Larramendik esan du lehen zirkumnabigazioak “paradigma berri bat ekarri zuela, munduaren ikuspegi bat eta bestelako zibilizazio kontzeptu bat”; eraldaketa horrek izan zuen garrantzia parekatu du 2011. urtean Dorre Bikien aurka izandako atentatuaren ondoren gertatu zen eraldaketarekin, izan ere, atentatuak “gure mundua aldatu zuten hainbat eta hainbat gertaera” eragin zituen.
Elkano 500 Fundazioko aholkulariaren hitzaldiak ardatz nagusi bat izan du: Elkanoren bidaiak mundu-ikuskeran eragin zuen aldaketa hain zuzen, amaiera eman baitzion Erdi Aroko ikuspegi teologikoari; horrek guztiak hainbat ondorio ekarri zituen, besteak beste “barbaroen bizitokia Lurretik kanpora zegoelako ustea desagertu zen; habitatutako Lurra mundua da, eta Elkanoren aurkikuntza horrek indarrean jarraitzen du gaur egun”. “Elkano Sanlúcar de Barramedan lehorreratu zenean, zibilizazio bakarra zegoen. Barbaroen eta zibilizazioaren arteko desberdintasunek jarraitu zuten noski, baina Mendebaldeari zegozkien biak.
Mundu Berria eraikitzea
Larramendik adierazi du etnozentrismoa gainditzea beharrezkoa dela – izan eurozentrikoa, sinozentrikoa edo “egungo trumpzentrismo espantsionista”- “Mundu Berria” eraikitzeko. Eta horrenbestez, globalizazioaren aurrean, mundualizazioaren aldeko apustua egin du “mundu berri bat eraikitzeko garaian”. Bere ustez, “mundua kontzeptua aniztasunarekin eta dibertsitatearekin lotua dago”, eta horregatik, Larramendik esan du “mundializazioak mundu komunaren ikuspegia txertatzen duela, menderatze orohartzailetik urruti”, non lurralde eta herrialde guztiak “merkatuaren legearen menpe baitaute”.
“Elkanotik Dorre Bikietara. Mundializazioa vs globalizazioa” hitzaldian aipatu ditu Heidegger-en bizitzaren desmundanizazioa (Entweltlichung), mundus eta globus-en arteko bereizketa kantiarra, Samuel Huntington-en zibilizazioen arteko talka edo Kulturaren Adierazpen Unibertsala. Jose Mari Larramendirentzat “gure etorkizuna gure balioen baitan dago”, eta horregatik bere apustua “kulturaren mundua da, mundua habitatzen duten eta elkarrekin bizi diren komunitate desberdinek sortutako kulturena”, eta ez “baliabideak, espazioak eta etekinak banatzeko gobernatu behar den globo amaitua”.