Getaria eta Sevilla arteko itsas ibilaldia belaontzian, munduaren inguruko lehen birari lotutako gaurkotasun gaiei buruzko hausnarketa egiteko

10 IRA, 2019
Ibilaldia Pottoka belaontzian egingo da, lau etapatan, irailaren 15etik urriaren 11a bitartean. Arlo profesional oso desberdinetako 16  tripulatzailek hartuko dute parte, Unai Basurkoren gidaritzapean.

Irailaren 15a eta urriaren 11a bitartean, lau etapatan banatutako itsas ibilaldia egingo da Getaria eta Sevilla artean, munduaren inguruko lehen birari lotutako gaurkotasun gaien inguruan hausnarketa kolektiboa egiteko aukera izango da: euskaldunek itsasoarekin duten harremana, itsasoa eta iraunkortasuna, zientzia eta teknologiaren eragina gizartearen garapenean, eta kultura aniztasuna zein mundializazioa; gai horien inguruko hausnarketa egingo dute oso profil desberdinetako 16 tripulatzailek, Pottoka belaontzian, Unai Basurko kapitain dutela.

Itsas ibilaldiaren sustatzaile Elkano 500 Fundazioak munduaren inguruko lehen birak gizaterian eragin zituen aldaketen inguruan oinarritzen du bere jarduera, eta horien artean, pentsamenduaren arloa. “Geografía-, kultura- eta gizarte-erreferentzia berriek mundua pentsatu eta ulertzeko modu berriak ekarri zituzten”, esan du Fundazioko zuzendari Ion Irurzunek ekimenaren aurkezpenean. Bere ustetan, itsasoak eta nabigazioak baldintza egokiak sortuko dituzte egungo gizartea eta orain dela 500 urteko gertakariak lotzen dituzten gaien inguruan hausnarketa egiteko. “Ixiltasunak, espazio mugatuak eta elkarbizitzak testuinguru egokia sortuko dute sormenerako eta banakako zein taldeko hausnarketarako”, azaldu du Irurzunek. Etapa bakoitzeko tripulazioa osatuko duten pertsonen aniztasunak aberastu egingo du azken emaitza: Elkano 500 Fundazioak dokumentala eta argitalpen bat ekoitziko ditu, itsas ibilaldian ikasitakoa zabaldu eta gizartearekin partekatzeko helburuarekin.

Ion Irurzunekin batera aurkeztu dute ekimena gaur, Donostiako Euskal Itsas Museoan, Unai Basurko nabigatzaileak eta tripulazioko bi kidek: Virginia Imaz, astronomoa eta Peyo Lizarazu, surflaria.

Ibilaldi – pentsamendu-espazioaren irteera ofiziala irailaren 15ean, igandea, izango da, 17:30etan, Getariako portutik. Eta gainera, orain 500 urte munduari bira eman zion espedizioaren itsasoratzea gogoratzeko Juan Sebastian Elkanoren jaioterrian ospatuko den Elkanoren Itsasoratzea jaialdiaren barruan egingo den irteera sinbolikoan parte hartuko du Pottoka belaontziak. 

Lau etapak

Unai Basurkok esan duenez, belaontziak 1.000 itsas milia egingo ditu Getaria eta Sevilla artean, ia hilabete iraungo duen itsas ibilaldian. Tarte horretan, hausnarketa prozesuan lan egiteaz gain, tripulatzaileek nabigazioaren esperientzia bizitzeko aukera izango dute, baita nabigazio teknika desberdinetara hurbiltzeko eta ontzi bateko eguneroko lanetara hurbiltzeko aukera ere.

Lehenengo etapa Getaria eta A Coruña artean egingo da irailaren 15etik 21era, eta Cueton (Santander) geldialdia egingo dute. Juan de Santander itsasmutilaren jaioterria da Cueto, eta orain 500 urteko espedizioan ontziratu ziren hiru kantabriarretatik Elkanorekin itzuli zen bakarra izan zen.

Itsas ibilaldiaren hasieran, tripulaziokideak izango dira June Ansoleaga, EITBko meteorologoa; Charo Tribis-Arrospe, irakasle erretiratua; Jose Mari Larramendi, antropologo eta Elkano 500 Fundazioko Aholku Batzordeko kidea; eta Ana de Lara, itsas biologoa.

Bigarren etapa Coruña eta Portugalgo Cascais herrien artean egingo da, irailaren 22tik 28ra, eta Baionan egingo dute geldialdia. 1522an Victoria ontzian Sevillara bizirik itzuli ziren 18 lagunetatik bi Galiziako herri horretakoak ziren, Diego Carmena marinela eta Vasco Gomez Gallego ontzimutila hain zuzen. Oraingo honetan, tripulaziokideak izango dira Daniela Garreton, artista eta Panthalassa taldeko kidea; Joseba Argiñano sukaldaria; Emma Lira, National Geographic-eko kazetaria; eta Adrián Lamas, Afrikako proiektuen kudeatzailea Mundukide elkartean.

Hirugarren etapa Cascais eta Portimao artekoa izango da, irailaren 29tik urriaren 4ra arte. Etapa horretan Gonzalo Terceñok ordezkatuko du Unai Basurko kapitaina. Oraingo honetan hauek osatuko dute tripulazioa: Mari Paz Montesinos, Vértices plataformakoa; Virginia Garcia, Aranzadi Zientzia Elkarteko astronomoa; Ekai Txapartegi, EHUko filosofia irakaslea; eta Alejandro F. Aldasoro, idazlea eta bi aldiz finalista Euskadi Literatura Sarietan.

Azkenik, eta berriro Basurko kapitain dutela, urriaren 5ean Pakea Portimaotik irtengo da eta itsas ibilaldiaren azken miliak egingo ditu Sevillara iristeko urriak 11an, Sanlúcar de Barramedan geldialdia egin ondoren. Ibilaldiaren azken etapa horretan parte hartuko dute Peyo Lizarazu surflariak; Iban Ayesta filosofoak; Manuel Parodi historialariak; eta Felipe Apalategui kultura kudeatzaileak

Xabier Urresti argazkilaria eta Hondarribiako patroia izateaz gain, Unai Basurkoren taldeko kidea ere bada, eta berak dinamizatuko ditu eztabaidak.   

Unai Basurko haurra zela hasi zen nabigatzen Getaria eta Zarautzen, eta gaur egun ere portugaletetarrak lotura estua du bi udalerriekin. Itsas ibilaldi honetako kapitainak beti izan du Elkanorekiko jakin-mina eta miresmena, hainbesteraino non munduari bira eman baitzion bakarka zein leihaketan 2007an.  Basurko izan zen, baita ere, 2013an Antartiar Penintsulara egin zen espedizioaren kapitaina, eta Magallanes itsasartea zeharkatu zuten orduan.  Azken urteetan, ontzian prestakuntza ematen du, belaontziko nabigazioak enpresa munduarekin eta gizartearekin dituen antzekotasunak baliatuz.

Astronomoa eta marinelen biloba

Aranzadiko astronomo Virginia Garciak, azaldu duenez, marinelen biloba izanda, zalantzarik gabe onartu zuen Fundazioak itsas ibilaldi honetan parte hartzeko egindako proposamena: “nire aitona Enriquerengandik jaso nuen astronomiarekiko interesa, berak eguzkiak, izarrak eta sestantea erabiltzen baitzituen itsasoan  orientatzeko. Aitona Juanek munduko hainbat portutatik bidalitako postalak gordetzen ditut oraindik”. Astronomoarentzat “jakin-nahia izan da beti jendea aukera berriak bilatzera bultzatu duena, eta horrek mugiarazi gaitu historian zehar”; “XV eta XVI. mendeetako nabigatzaile handiak” ere aipatu ditu, eta adierazi du gaur egun beste mundu batzuk ezagutu ditzakegula orain 500 urte pertsona talde txiki batek mundua zirkumnabigatu zuelako.

Euskaldunak, itsasoa eta berrikuntza

Peyo Lizarazu surflariak berriz, euskaldunen eta olatuen arteko harremana azpimarratu du, eta baita berrikuntzarako “aurretiko jarrera naturala” ere.  “Atzoko itsasgizonak, gaurko surflariak, euskaldunen eta itsasoaren arteko harremana aurrera doa eta bizirik jarraitzen du, teknologiaren eta ezagutzaren ikuspegitik garatuz”. Lizarazuk denbora darama gai horren inguruan hausnartuz eta itsas ibilaldi honetan bere “ekarpentxoa” egin nahiko luke, izan ere, ibilaldiak aukera emango du “gai hori eta beste hainbat partekatzeko, ozeanoak dituen olatuak adina baitira historian zehar gizakiak itsasoarekin izan duen harreman zinez bereziari buruzko galderak”.