Euskaraz argitaratu du lehen aldiz Elkano eta lehen mundubiraren agenda National Geographic-ek

23 ABE, 2019
Elkano 500 Fundazioak bultzatuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesari esker, aldizkariak 2020ko agendaren 5.000 ale euskaraz argitaratu ditu. Historian zehar itsasoari lotuta bizi izan diren Getaria bezalako herrien kultura nabarmentzen du agendak.Kiosko eta  liburu-dendetan dago salgai,

National Geographic aldizkariak euskarazko edukiak argitaratu ditu lehen aldiz bere historian; 2020ko agendan izan da, Juan Sebastian Elkano euskal itsasgizona eta munduaren inguruan egindako lehen itzulia ardatz dituena. Duela 500 urte gertatutako bidai hartan euskarak ere mundubira egin zuen, ontzi haietan hitz egiten zen hizkuntzetako bat zen eta. Argitalpena Elkano 500 Fundazioak bultzatuta egin da eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu Nagusiaren kabinetearen diru laguntza izan du. Agendaren 5.000 ale argitaratu dira euskaraz eta kiosko eta liburu-dendetan dago salgai.

Fundazioak historia zabaldu eta ezagutzera emateko egiten duen lanaren emaitza da agenda hau, besteak beste. Kasu honetan National Geographic-ekin izan da elkarlana, Fundazioaren helburuak erakundearen ezaugarriekin –zorroztasun zientifikoa eta zabalkundea – bat datoz eta. Agenda, bi eragileen arteko elkarlanaren ekarpen berria da, aldizkariak iraila eta urriko zenbakietan zirkumnabigazioaren inguruko bina artikulu argitaratu zituen eta.

Agendak 160 orrialde ditu eta hainbat irudiz eta planoz ilustratua dago. Astez aste, munduaren ikuskera aldatu zuen bidaia hartako tripulazioak aurre egin behar izan zien joan-etorri eta gorabeherak azalduko dira orrialde horietan. Agendak gogora dakartza bidaiaren mugarriak, berreskuratu egiten ditu espedizioaren berri eman zuten kronikagileen testigantzak eta agerian jartzen du munduko lehen bira hartan esku hartu zuten herrialde guztien partaidetza. 

Gainera, Fundazioak itsasoari lotura dagoen herri baten kultura azpimarratu nahi izan ditu agendan, Getaria eta getariarren bitartez; herri baten historiaren haria izanik, itsasoak gizarte eredu bati eta gizon eta emakumeen bizimodu zehatz bati forma eman dio eta.

Euskara mundubiran eta National Geographic aldizkarian

Duela 500 urte espezien Uharteetara abiatu ziren itsasontzietan, beste hizkuntza batzuen artean, euskaraz hitz egiten zen; eta Elkano eta berarekin itzuli ziren euskaldunekin, munduari itzulia eman zion. Horregatik, gaur, National Geographic aldizkariak bidaia haren errelatoa kontatu du lehen aldiz euskaraz argitaratuz.

Beste horrenbeste gertatzen zen beste hainbat espediziotan, munduko lehen biraren aurretik eta ondoren, horietan euskal marinelek parte hartu ohi baitzuten. Izan ere, nabigatzaile trebe eta ospetsuak ziren euskaldunak Erdi Aroan nahiz Aro Modernoan. Bidaia luze horietan, beren jantziak, lanabesak eta musika-instrumentuak ez ezik, beren sinesmenak, ohiturak eta hizkuntzak ere ontziratu ohi zituzten marinelek. Hala, euskarak ere bira eman zion munduari Elkanorekin, baita beste milaka euskal nabigatzaile eta arrantzalerekin ere. Haietako batzuk gogoan izan ditu historiak, eta beste asko, gehienak, ahaztu.

Ezaugarri teknikoak:
Azal gogorrekoa
160 orrialde
Tamaina: 19x24 cm
Hizkuntzak: euskara eta gaztelera
Asteko plangintza egiteko orrialdeak, oharrak hartzeko bloka, era 2020 eta 2021ko egutegiak.

PSN: 9.95 €