Euskal Herriko zerua miniaturan

16 UZT, 2021
Munduari egindako lehen itzuliaren 500. urteurrenarekin bat eginez, Aranzadi Zientzia Elkarteak, Elkano Fundazioa eta Kutxa Fundazioarekin lankidetzan, Euskal Herriko zeruaren lehen planisferioa aurkeztudu,  43º-ko ipar latitudean kokatua eta oso-osorik euskaraz idatzia.

Berria egunkariarekin eta liburu dendetan eskuratu ahal izango da.

Juan Sebastian Elkano euskal itsasgizonak 1522an amaitu zuen Lurrari egindako lehen zirkunbalazioa. XVI. mendeko nabigatzaile haiek lotura handia zuten astronomiarekin; izan ere, bidaia handi haietan orientatu ahal izateko, izarrak ezagutu behar zituzten. Horretarako, hainbat tresna erabiltzen zuten, astrolabioa eta itsasorratza, adibidez.

Gaur egun, berriz, planisferioak erabiltzen dira gaueko gure zerua ezagutu eta zeruko mugimenduak ulertzeko. Eta munduari egindako lehen itzuliaren 500. urteurrenarekin bat eginez, Aranzadi Zientzia Elkarteak, Elkano Fundazioarekin batera eta Kutxa Fundazioaren finantzaketarekin, Euskal Herriko zeruaren lehen planisferio hau sortu du, 43º-ko ipar latitudean kokatua eta oso-osorik euskaraz idatzia.

Planisferio bat plano batean proiektatutako zeru sabai bateko izarren mapa bat da, konstelazioak eta izarrak ezagutzeko erabiltzen dena. Hala, Euskal Herriko zeruko izar guztiak  identifikatu daitezke, baina baita beste hiri batzuetatik ikusten direnak ere: Madril, Paris, Londres, Erroma, New York, Vancouver, Jerusalem, Beijing, Tbilisi, Sapporo eta beste batzuk. Izan ere, horiek guztiak paralelo berean daude eta.

Planisferioaren aurkezpen ekitaldia gaur goizen izan da, Getarian. Bertan, Aranzadi Elkarteko Astronomia saileko zuzendari Virginia Gaciak adierazu du bere taldeak inoiz esku artean izan duen asmo handieneko proiektua izan dela: “Honen moduko planisferio bat egin beharra zegoela ikusten genuen, halakorik ez baitzegoen gure paraleloan eta gure hizkuntzan”.

Elkano Fundazioko proiektuen koordinatzaile Rafa Zulaikak esan duenez “mundubiraren urtemugaren motibaziotik sortu zen Aranzadirekin daukagun elkarlana, eta ezagutza berria sortu eta lankidetza sareen bidez gizarteari zabaltzea da gure xedea”.

Gaur bertatik, planisferioa Berria egunkariarekin batera banatuko da, prezio berezian BERRIAlagunentzat. Datorren astelehenetik aurrera liburu dendetan ere eskuragarri izango da.