Ezezagunerantz bidaiatzearen ideia izango da Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2019/20 denboraldiko ardatz nagusia, eta barne hartuko ditu Elkanori eskainitako proiektuaren lehenengo bi konposizioak, Mikel Chamizo eta Mikel Urquizaren eskutik hurrenez hurren.
Mikel Chamizoren lana, “Navigare necesse est”, espedizioaren hasierari eskainia egongo da, 1519. urtean hain juxtu, eta Mundubira: Musika Bidelagun proiektua osatuko duten bost obretatik lehena da; proiektu horrekin orkestrak bat egin du Juan Sebastian Elkanoren zirkumnabigazioaren urteurrena gogoratzeko ospakizunekin, 1519 eta 1522 urteen artean burutu zena.
Irailean izango da estreinaldia, denboraldiko lehenengo programaren barruan. “Expectativa” izenburuarekin programak ezkutuko errepertorioa proposatzen dio ikusleari, Chamizok Elkano proiektuari egindako ekarpena izan ezik. Bilboko Koral Elkarteak eta Mojca Erdmann sopranoak interpretatuko dute lana, eta Robert Treviño izango da zuzendaria. Treviño Euskadiko Orkestrako zuzendari titularra da, eta Mundubira: Musika Bidelagun proiektuaren sustatzailea.
Lehenengo programa horri irailaren 27an emango zaio hasiera Gasteizen, eta ondoren Donostia (irailak 30 eta urriak 1), Bilbo (urriak 2) eta Iruñatik (urriak 3) igaroko da.
Proiektuaren aurkezpenean Chamizo berak azaldu zuen bezala, “Navigare necesse est” lana Magallanes-Elkano bidaiaren hasieran kokatzen da eta hiru ataletan banatua dago: “erlijio-erritua, bidaia luzeetan ontziratu baino lehen ohitura zen lez, abesbatzak interpretatua; Sanlucar de Barramedako portuko paisaia soinudunaren birsortze irudikatua, bertatik abiatu baitziren Magallanesen naoak Atlantiar ozeanoan barneratzeko; eta lehenengo nabigazio-minutuak itsasoan, gizateriaren historiako abentura beldurgarrienetako baterako norabidean”.
Elkano proiektuaren bigarren zatia, balentria ikusezinei omenaldia
Chamizoren lanak emango dio hasiera denboraldiari, eta Mundubira proiektuaren bigarren zatia berriz, maiatzean estreinatuko da, Mikel Urquizaren eskutik. Magallanesen zuzendaritzapean, espedizioa Hego Amerikara iritsi eta egungo Brasil eta Argentinan geldialdia egin zuten garaian kokatuko den lana sortzeko prozesu bete-betean dago Bilboko konpositorea.
Urquizak azaldu zuen bere lanak “gizakia goraipatuko duela, eta ez heroia, gure inguruko hainbat balentria ikusezin omenduz”. Izan ere, Elkanok Hego Amerikan zehar egindako bidaiak ondoren izandako migrazioen oroitzapena dakarkio Urquizari: “batetik norabide berean egin direnak, euskal diasporaren mugimendu orokorra osatzen dutenak hain juxtu, eta bestetik, aurkako norabidean gertatu berriak, hegoamerikar asko gure artean bizitzera eraman dituztenak”.
Joël Mérah, Teresa Catalán eta Zuriñe F Gerenabarrenak osatuko dute musika ibilbidea, eta bidaia osatu zuten etapak berreskuratzeaz arduratuko dira: Ozeano Barea – Asia, India-Afrika y itzulera, hurrenez hurren. 2020/21 eta 2021/22 denboraldietan zehar estreinatuko dira.
Euskadiko Orkestraren 2019/20 denboraldiko informazio guztia ikusi.