XXV. Nostromo Saria irabazi duen eleberriaren autoreak, Enrique Santamaría historialari eta idazleak, Elkano aurkeztu du gaur, munduari lehen bira eman zion kapitainari buruzko kontakizun zoragarria. Juventud argitaletxeak plazaratu du eleberria, eta, bidaia hartatik harago, Getariako marinelaren bizitza berreraiki eta kontatu du, datu historiko ezagunetan oinarrituta, eta marinelaren inguruko alderdi fantastikoak alde batera utzita.
Santamaríak gaur goizean aurkeztu du bere azken eleberri saritua Donostiako Itsas Museoan. Harekin egon dira museoko zuzendaria, Xabier Alberdi, eta Agustín Montori, Amigos de Nostromo elkarteko presidentea eta Juventud argitaletxearen ordezkaria. Gaur arratsaldean bertan, Santamaríak beste aurkezpen bat egingo du jendaurrean, leku berean.
Antzinako Erroman girotutako zenbait eleberriren autorea da, eta Elkano Fundazioarekin elkarlanean aritzen da maiz. Idazleak hau ziurtatu du: “Juan Sebastian Elkano historiatik desagertu zen, munduari emandako lehen bira kontatu diguten moduaren ondorioz. Izan ere, kontatu digutenen eta oraindik kontatzen digutenen interesek errealitatea faltsutu dute”.
Hortik datorkio historiari leial izateko seta. Eleberriko pertsonaia gehienak pertsona errealetan oinarrituta daude, eta kontatutako gertaeren protagonista izan ziren. Izan ere, getariarrari buruzko hiru urteko ikerketa lan baten fruitua da eleberria. Autoreak azpimarratu du ahalegin handia egin duela eleberriko beste protagonista ahalik eta modu zorrotzenean islatzeko: ‘aurkikuntzen garai’ hartako nabigazioa.
Garaiko iturri originaletatik abiatu da eleberria, eta narratiba atsegina eta bizia erabili du. Horrela, Juan Sebastian Elkanoren familia eta garai hartako Getaria berreskuratu ditu Santamaríak XXI. mendeko irakurleentzat, bai eta Elkanorekin harremana izan zuten edo izan ahal zuten pertsona eta pertsonaia historikoak ere. Batik bat, haren bizitzan emakumeek izandako rol garrantzitsua azpimarratu du, hala haren ama Catalina del Puertok nola haren maitaleek: Mari Hernández Hernialdekoa, haren seme eta oinordeko unibertsal Domingo Elkanoren ama, eta Maria Bidaurretakoa. Bigarren horrekin alaba bat izan zuen, baina alaba horren izenik ez dakigu.
Lehen zirkumnabigazioari dagokion bidaiaz harago, euskal marinelak bidaiaren aurretik egin zuenari buruz idatzi nahi izan du Santamaríak, bai eta ondoren gertatutakoari buruz ere. Bidaiaren ondoren gertatutakoa ahaztu egin da, baina interesgarria da, eta horri buruzko informazio asko dago: “Irakurlea ontziaren brankaren aurrean zabaltzen diren itsaso eta mundu berrietara arrastatuko du Elkanok, bai eta Gorte Inperialeko intrigetara ere. Baina ikerketa-lan handiko hiru urteren emaitza ere bada. Ikerketa horren helburua izan da gezurren, desitxuratzeen eta kondairen atzean dagoen egiazko Elkano aurkitzea”.
Azken Nostromo Saria irabazi duen lanari dagokionez, Agustín Montorik gogorarazi du 1995ean Bartzelonan sortu zen Amigos de Nostromo elkarteak “itsas literatura berria ezagutzeko eta horren zabaltzea sustatzeko nahian nabigatzen du[ela]. Elkano esaten dugun horren froga da: abentura, historia, epika; dena batuta dago ederki landutako narrazio indartsuan”.
Elkano Fundazioak lotura berezia du Santamaríaren eleberriarekin. Izan ere, autoreari proiektua bururatu zitzaionean Fundazioarekin harremanetan jarri zen, euskal marinelari buruzko ahalik eta informazio eguneratu gehien biltzeko asmoz. Fundazioaren helburuetako bat ezagutza berria sortzen laguntzea eta, sareko lanaren bidez, hori zabaltzea da. Zentzu horretan, ongi oinarritutako eleberri bat argitaratzea metodo ona da Elkanori eta garai hartako itsasoko Euskal Herriari buruzko ezagutza berri hori gizarteratzeko.
Autoreari buruz
Enrique Santamaría (Bilbo, 1964), ororen gainetik, historialaria da. Historia bokazioz ikasi zuen, eta historia ekonomikoan espezializatu zen. Inoiz ez du bere lehen eta benetako bokazioa alde batera utzi. Haren lan-ibilbidea beste bide batzuetatik joan da, eta horrek ikuspuntu ezberdin bat eman dio, fakultatetik inoiz atera ez direnekin alderatuta, eta horren lotura eta morrontzatik aldendu du. Haren lanaren funtsa historia jende guztiari zabaltzea izan da. Horretarako, besteak beste, hiru eleberri argitaratu ditu. Elkano eleberriaren autorea izateaz gain, La vuelta de Elkano. El molesto triunfo de la gente corriente (Elkanoren bira. Jende arruntaren arrakasta deserosoa) saiakera ere idatzi du, eta aurten argitaratuko da, Munduari emandako Lehen Biraren V. mendeurrena delako.
Elkano ez da Santamaríaren lehen aldia literaturan. Hiru eleberri historikoren autorea da, hain zuzen ere Publio vitelio Longo eta Fábrica de Dinero (Diru fabrika), Pámies argitaletxearenak eta Hislibris Sariaren irabazlea, eta Los misterios de oriente (Ekialdeko misterioak), Evohé argitaletxearena.