'Elkano battela, xumea baina gurea' ikuskizuna helduentzat sortu dute elkarlanean Koldo Amestoy kontalariak, Nerea Alberdi konpositoreak eta Kepa Elgoibar musikariak kontakizunak eta musika uztartuz, Getariako Juan Sebastian Elkano nabigatzailearen lehen mundu-biran inspiratuta. Hiruren artean ikus-entzuleak musikaz eta literaturaz osatutako bidaia oniriko batean barrena gozo gidatzeko.
Artistek gaur aurkeztu dute lana Donostian, EKE-ICB Euskal Kultur Erakundearen zuzendari Pantxoa Etchegoinekin eta Elkano Fundazioaren proiektu koordinatzailea den Rafa Zulaikarekin batera. Izan ere, bi erakundeek lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten iazko maiatzean, literatura- eta musika-lanen bidez zenbait arlori buruzko ezagutza sustatzeko: Elkanori eta lehen zirkumnabigazioari buruzkoa, batetik, eta bestetik, garai hartako testuinguru sozial, ekonomiko eta kulturalari buruzkoa, euskal kostaldeko herri guztiek itsasoari lotuta duten ondare partekatua den aldetik. Eta hain zuzen, hitzarmen horren emaitza da Elkano battela, xumea baina gurea ikuskizuna.
Koldo Amestoyk, Nerea Alberdik eta Kepa Elgoibarrek hauxe dute proiektu artistiko batean elkarrekin aritu diren lehen aldia. Nereak, gainera, zinemarako eta arte eszenikoetarako musika sortzen aritzen baita normalean, lehen aldiz izan du aukera ahozko kontakizunei laguntzeko musika konposatzeko, eta “izugarri gozatzen” ari da, Bilboko konpositoreak adierazi duenez. Kontalariak dioenez, berriz, “nahiz eta elkar ezagutzen ez genuen, biok dugu lankidetzan aritzeko eskarmentua, eta berehala ulertu genuen elkar eta dena oso erraz joan da”.
Narratzaileak azaldu duenez, “Elkanoren itsasbideari jarraituz, hark sekula entzun gabeko kontakizun eta kondaira batzuk aurkitu nituen, eta haietan oinarrituta kontakizuna antolatu dut”, eta Nerea Alberdik, berriz, “hainbat lekutako kutsuak” dituen partitura bat garatu du, kontakizuna lotu eta girotzeko. Agertoki gainean, Kepa Elgoibarrek musikarekin eta abestiekin aberastu egingo du helduentzat sortua izan den kontakizun- eta musika-ikuskizun hau.
Oraingo osasun-egoera dela eta, sortzaileek elkartu ezinik garatu behar izan dute lanaren zati handi bat, baina jada hasiak dira elkarrekin entseatzen, martxoan Getarian izango den estreinaldirako, pandemiari aurre egiteko neurri berriek aukera ematen badute behintzat. Lehen zirkumnabigazio harekin zerikusia izan zuten euskal udalerrien arteko loturak estutzea lortu nahi da egun horretan. Halaxe egin zen 2019ko irailean ere, “Elkanoren itsasoratzea” jaialdian. Orduan, duela 500 urte Magallaes-Elkano espedizioa abiatu zenekoa oroitu zuen Getariak, eta erakundeen ordezkariek ‘Itsasoratze Ituna’ sinatu zuten, euskal herritarrek espedizio hartan izandako garrantzia azpimarratu eta itsasoa gure kulturaren parte eta herrien arteko zubi dela aldarrikatzeko testua.
Aurrerago, apirilean, 'Elkano battela, xumea baina gurea' herritar guztiek ikusi ahal izango dute, Iparraldean.
Elkano 500 Fundazioak sortu zen une beretik uste izan du Iparraldearekin lankidetzan aritzea aukera bikaina dela itsasoarekin lotura estua duten lekuen artean elkarlanerako sareak sortzeko. Ekimen honek herritarrentzako kultura-eskaintza aberasten du, Bidasoaz bestalde erreferentziazkoak diren eta Fundazioaren hainbat helburu eta lan-irizpide berdin dituzten erakundeekin lankidetzan aritzeari esker.