Duela 500 urte lehen mundubira osatu zen eta hainbat herrietako pertsonak aurrez aurre jarri ziren lehenengo aldiz. Bidaiak mugarri eta erreferentzi geografiko, kultural eta humano berriak ekarri zituen, eta gaurdaino heldu diren ondoriak. Horien artean, tamalez, desberdintasunak eta besteak gizakiengan pizten dituen deserosotasunak eta beldurrak. Euskal Herrian bertan, horren oso gertuko adibidea da Hegoaldea eta Iparraldea banatzen dituen Bidasoa ibaiaren egoera. Ibai honetan, bederatzi pertsona migrante hil dira 2021eko apiriletik, Frantziara gurutzatzeko saiakeran.
Testuinguru horretan, pertsonen libre zirkulatzeko eskubidearen aldeko aldarrikapena egin du gaur Elkano Itsas Herria zeharkaldi kulturalak. Itsasoa eta nabigazioa elkartrukerako, aniztasunerako eta elkarbizitzarako espazio gisa ulertzen ditu Euskal Herriak itsasoarekin historian zehar izan duen harremana berreskuratzeko asmoz euskal kostaldea zeharkatzen ari den ibilaldi honek.
Uztaileko ibilbideari amaiera emateko, Irun eta Hendaia arteko mugaz gaindiko ibilbidea egin du gaur arratsaldean egitasmoak, Bidasoa ibaian. Eta pertsonen libre zirkulatzeko eskubidearen aldeko aldarrikapena egiteko, 18 gizon eta emakume migrantek osatu dute Juanita Larando pataxearen tripulazioa. SOS Arrazakeriak, Emaus Fundazioak, Irungo harrera sareak eta Ndank Ndank elkarteak bat egin dute Elkano Itsas Herriaren ekimenarekin.
Patatxea 16:30etan atera da Irundik, Santiagotarrak arraun elkartearen paretik; Bidasoa ibaia zeharkatuz, Hendaiako CMHT - Hendaia Txingudi Klub Nautikoraino nabigatu du.
Aurreko geldialdi guztietan bezala, harrera ekitaldia egin diote agintariek eta herriko eragileek Elkano Itsas Herriari eta patatxearen tripulazioari Hendaian. Ekitaldian, Caritaseko aholkulari juridiko den Abdolulaye Gueyek hartu du hitza migranteen izenean. Albaolako presidente eta Juanita Larando patatxearen patroi Xabier Agotek eta Hendaiako alkate Kotte Ezenarrok ere hitza hartu dute. Ekitaldian, Amets Arzallus bertsolariak kantatu ditu.
Elkano Itsas Herria, Euskal Herriak itsasoarekin historian zehar izan duen harremana berreskuratzeko asmoz euskal kostaldea zeharkatzen ari den ibilaldi kulturala da. Elkano Fundazioak, Albaolak eta Donostiako Euskal Itsas Museoak bultzatzen duten ekimena da, eta uda honetan Gipuzkoa, Bizkaia eta Lapurdiko hogeita bost udalerri bisitatzen ari da.
Hendaiako geldialdia gaurtik igandera bitartean luzatuko da, ‘Itsasoaren Besta-Fête de la mer’ jaietan parte hartuz. Ondoren, atseden hartuko du abuztuan eta irailean jarraituko du Gipuzkoa eta Lapurdiko kostaldean zeharreko bidaia. Orduan, artean bisitatu gabeko herrietara joango da. Getariara itzuliko da Elkanoren Eguneko programazio berezian, eta eskala egingo du Donostian Euskal Jaietan. Hortik aurrera, zeharkaldiak beste tarte bat izango du Lapurdin: Donibane Lohizunen eta Ziburun izango da, irailaren 15etik 18ra egingo diren Ondarearen Europako Jardunaldien baitan.