Kultur zeharkaldia bihartik igandera izango da Pasaian.
Joan den ekainetik Gipuzkoako, Bizkaiko eta Lapurdiko 30 bat herri bisitatu ondoren, Elkano Itsas Herria kultur zeharkaldia amaitzear dago. Euskal Herriak itsasoarekin duen harremana berreskuratu nahi izan duen ekimen honen azken geldialdia Pasaian izango da bihartik irailaren 30era bitartean. Pasaia Itsas Festibala zela eta bisitatu zuen herri honetan, Elkano Itsas Herriak itsas kulturak euskal gizartearen garapenean eta itsasoaren inguruko ondare partekatuan duen eragina aldarrikatuko du berriro.
Euskal Herriko itsas historiaren laburpen gisa, azken etapa honetan Elkano Itsas Herria erakusketa bisitatutako herri bakoitzak erakusketara ekarri dituen panelen multzoaz osatuko da. Hogeita hamar bat panel, ekimenak uda honetan izan dituen herrietako ezaugarri adierazgarrienak jasotzen dituztenak eta itsasoarekin lotutako bizimodua biltzen dutenak. Erakusketa Pasai San Pedroko plaza berrian, lonjaren aurrean, egongo da eta ostegunetik igandera bisitatu ahal izango da.
Lehen mundu biraren historia publiko gazteenari gerturatzeko, Ixabel Agirresarobe kontalariak eta Iñaki Martiarena ‑ Mattin ilustratzaileak sortutako ‘Elkarrekin Elkano’ ipuin kontakizunaren emanaldi bikoitza izango da. Bihar, asteartean, hilaren 27an, 17: 30etan, izango da Antxoko liburuteegian eta asteazkenean, ordu berean, Trintxerpeko ludotekan.
Eta irailaren 7an Donostian estreinatu ondoren, Mitxel Etxekoparren ‘Ketariatik mundura’ formatu txikiko pastorala Pasaian ikusi ahal izango da asteazkenean, hilak 28, 18: 00etan, Juanba Berasategi kultur etxean.