Itsasoarekiko harremana berreskuratzea, Euskal Herri osoak partekatzen duen itsas historiaren bidez –eta Elkanoren Lehen Mundubiraren testuinguruan–; hori da Elkano Itsas Herriaren helburua, Elkano Fundazioa, Albaola eta Donostiako Euskal Itsas Museoaren eskutik garatuko dena. Maiatza bukaeratik eta irailera arte, Juanita Larando patatxak itsasotik burutuko den zeharkaldia osatuko du eta Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko hogei herri baino gehiagotan geldituko da, eta hori gertatzen den bitartean plazetan itsas ondareari buruzko jarduerak antolatuko dira, kostaldeko herriek komunean duten ondarearen ingurukoak.
Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Elkano Fundazioaren patronoak, Markel Olanok, Albaolako presidenteak, Xabier Agotek; Euskal Itsas Museoaren zuzendariak, Xabier Alberdik; eta Elkano Fundazioaren zuzendariak, Ion Irurzunek, ekimena aurkeztu dute gaur goizean Donostian, Pasaia Itsas Festibalean (maiatzak 26-29) hasiko dena eta euskal kostaldean zehar ibiliko dena irailaren 18ra arte, Ziburu eta Donibane-Lohizunen egingo diren Europako Ondare Jardunaldietan, eta irailaren 6an Getarian porturatu ondoren Elkano Eguna eta Lehorreratzearen errepresentazioa direla eta. Aurkezpen ekitaldian Elkano Itsas Herriaren ibilbidean geldialdi izango diren zenbait herritako ordezkariak ere egon dira, besteak beste, Pasaia, Getaria, Barakaldo, Lekeitio, Donibane-Lohizune, Elantxobe eta Azkaine, Ibaialde eta Urmuga elkarteekin batera.
“Euskal Herria sozialki, kulturalki eta ekonomikoki itsasoari begira garatu da, munduarekiko zubi irekia dena. Ez zen kasualitatea izan euskal nabigatzaile batek munduari bira emateko beharrezko ezagutza eta gaitasuna izatea. Elkano herri baten itsas kulturaren isla da, eta proiektu honen bitartez, ondare hori ezagutzera eman nahi dugu, zabaldu eta goraipatu, bizirik mantentzeak aberastu egiten gaituelako gizarte gisa, herri gisa”, azpimarratu du ahaldun nagusiak. Elkano Itsas Herriak gaineratu duenez, eragileen arteko lankidetzaren bidez “topagune dinamiko eta bizia” sortuko du euskal kostalde osoko eragile eta biztanleen artean.
Xabier Alberdik, Euskal Itsas Museoaren zuzendariak, nabarmendu du Elkano Itsas Herria proiektua “udalerrien eta bertako biztanleen arteko interdependentzia-harremanen sare trinkoa eta Euskal Herria osatzen zuten lanbideak eta itsas jarduerak kultura biziberritzeko saiakera bat” dela, “non Juan Sebastian Elkano edo Lehen Mundubira ahalbidetu zuen teknologia bezalako pertsonaiak sortu ziren”.
Bestalde, Xabier Agotek adierazi du “Albaolan oso pozik” daudela “proiektu honetan parte hartzeagatik, Elkano Itsas Herriaren bidez Juan Sebastian Elkanoren figura merezi duen moduan ezagutzera emateko aukera dugulako”.
Kultur programazioa
Maiatza eta iraila bitartean, Juanita Larandok –XVIII. mendeko patatxa baten erreplika, belaz eta arraunez mugitzen dena eta Albaolako Aprendiztegi erribera ontzigintza eskolan eraikia izan dena– euskal kostalde guztia portuz portu zeharkatuko du.
Elkano Itsas Herriaren zeharkaldi kulturalaren osagarri, erakusketa ibiltari bat egingo da, itsas kulturak euskal gizartearen garapenean izan duen garrantzia nabarmentzen duten hainbat bloke tematikoz osatua. Gainera, erakusketa horrekin batera, itsasoa, nabigazioa, Lehen Mundubira, itsas ezagutza, Euskal Herriko itsas historia oro har, eta bereziki bisitatuko diren herrien inguruko zenbait jarduera egingo dira. Hitzaldi historikoak, solasaldiak, bertsolariak, musika, dantza, ipuin kontalariak, tailerrak, dokumentalak eta ontzian nabigatzen ikasteko asmoz Juanita Larandorekin egingo diren irteerak, ekintza horiek guztiek plaza bakoitzean publiko guztientzako egitaraua osatuko dute.
Kresala Dantza Taldearen “Amoria & Dolore. Elkano Lehen Mundubira”; “Elkano battela, xumea baina gurea, Nerea Alberdi eta Kepa Elgoibarren musika eta Koldo Amestoy narratzailearekin; “Elkarrekin Elkano” haurrentzako ikuskizuna, Iñaki Martiarena “Mattin” eta Ixabel Agirresarobe ipuin kontalariarekin; Mitxel Etxekopar zuberotarrak Elkanori buruz sortu duen pastoral baten antzerki eta musika elementuekin sortutako errezitaldia; “Pedalkadak itsasoan” eta “Elkano, haizeari mila galdera” dokumentalen proiekzioa; astronomiaren gaineko haurrentzako tailerrak eta Aranzadi zientzia elkartearekin egingo direnak; solasaldiak erakusketa ibiltarian Euskal Itsas Museoaren eskutik edo itsasoarekin lotura duten ofizio tradizionalen erakustaldia, Albaolarekin; horiek izango dira kultur programazioaren osagaietako batzuk, eta udalerri bakoitzean bere nortasuna emango zaio tokiko sortzaileen parte-hartzearekin.
Elkano Itsas Herriaren ibilbidea
Getarian hasita, Elkano Itsas Herria Pasaia Itsas Festibalean hasiko da (maiatzak 26-29). Ekainean Bizkaira mugituko da eta bertan hamar bat herri bisitatuko ditu, besteak beste, Ondarroa, Bilbo, Portugalete –bere fundazioaren 700 urtemugaren ospakizunetan– Elantxobe edo Lekeitio. Uztailean Gipuzkoara itzuliko da eta Mutrikutik sartuz, besteak beste, Deba-Itziar, Zumaia edo Orio bisitatuko ditu, gero Hondarribira joateko. Uztaila bukaeran Urmuga elkartea eta EuskarAbentura espedizioarekin batuko da Txingudi inguruan, eta Lapurdin sartuko da, barnealdean dagoen Azkaingo porturaino iritsiz.
Atsedenaldi txiki baten ondoren, abuztuan bere ibilbidea jarraituko du Gipuzkoa eta Lapurdiko kostaldean, aurretik bisitatu ez dituen herrietan. Azkenik, irailean, Getariara itzuliko da Elkano Egunaren inguruan egingo den programazio berezirako. Hortik aurrera eta Donostiako Euskal Jaietatik pasa ondoren, zeharkaldiaren azken txanpa Ziburu eta Donibane-Lohizunen osatuko da Europako Ondare Jardunaldietarako itzuliz. Antolakuntza oraindik harremanetan dago beste herri batzuekin, ibilbidean sar daitezen.
Elkano Itsas Herria erakunde eta euskal kostaldeko herrien arteko saregintza lanaren emaitza da. Elkano Fundazioak, Albaola eta Donostiako Euskal Itsas Museoak proiektua garatu dute, Getaria eta Pasaiako udalen laguntzarekin eta Euskal Herri osoko eragile eta administrazio publiko askoren parte-hartzearekin: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoa, Gipuzkoa, Bizkaia eta Lapurdiko udalak; baita Urola-Kostako Mankomunitatea ere, BasqueTour, Eusko Label, HAZI eta Pasaia Itsas Festibala, Urmuga eta EuskarAbentura.