Elkano Fundazioa 'A medio milenio del mar' mintegian parte hartuko du

23 AZA, 2020
Ion Irurzun Fundazioko zuzendariak “Desde Elcano a Juan Sebastián: una mirada a los relatos” hitzaldiarekin parte hartuko du. Mintegia azaroaren 25 eta 26an ospatuko da eta online izango da. Helburua Magallanes itsasarteak  kulturan duen eraginari buruzko hausnarketa, inspirazio eta eztabaidarako gunea izatea da.

Azaroaren 26an, ostegunean, Ion Irurzun Elkano Fundazioko zuzendariak  “Desde Elcano a Juan Sebastián: una mirada a los relatos” hitzaldiarekin parte hartuko du Magallanes eta Txileko Antartikako Eskualdeko Kultura, Arte eta Ondarearen Ministerioak antolatutako A medio milenio del mar online mintegian, Espezieriako flota itsasartetik igaro zeneko 500. urteurrenean. Mintegiaren helburua Magallanes itsasarteak arteetan eta kulturan duen eraginari buruzko hausnarketa, inspirazio eta eztabaidarako gunea izatea da.

Fundazioaren parte-hartzea erakundeak Txileko Kultur Ondarearen Zerbitzu Nazionalarekin duen lankidetza-hitzarmenaren barruan kokatzen da, Elkanoren mundubiraren inguruko ekimen eta proiektuetan laguntzeko, kulturaren, itsas teknologiaren, arte plastiko tradizionalen, arte eszenikoen, astronomiaren eta etikaren arloetan. Izan ere, Elkano Fundazioak ikuspegi desberdinak integratu nahi ditu mundubirarekin lotutako gertaeren kontakizunean; gainera,  Txilerekin harremanak estutu nahi ditu, euskaldunak bezala itsasoarekin lotura duen herria baita.

Bi jardunalditan zehar, mintegian eskualdeko, nazioko eta nazioarteko hizlariek parte hartuko dute, eta gogoeta egingo dute itsasoak eta itsasarteak kultura, arte eta ondarean inspirazio-iturri gisa duten garrantziaz.

Mintegian parte hartzea doakoa da eta aldez aurretik izena eman behar da https://amediomileniodelmar.cl helbidean. Bertan dago eskuragarri ekitaldiaren egitarau osoa.