Bederatzi egunez, 720 kilometro egingo ditu ekimenak, lehen itsas birarekin lotura duten Hego eta Ipar Euskal Herriko hainbat herritatik barna.
Bederatzi egun bizikletan, 720 kilometroko bidea egiteko, eta duela 500 urte, lehen mundu-birarekin eta garaiko beste esplorazio-bidaia batzuekin lotura izan zuten Euskal Herri osoko hainbat herri lotzeko. Itsasoari loturiko ondarea partekatzen duten herriak, guztiak. Erronka hori du ‘Euskal Herri barneko mundubira’ ekimenak. Elkano Fundazioaren asmo berri honen helburua Euskal Herri itsastarra deskubritzea, gure historiaren kontakizun hori berreskuratzea eta gaur egungo gizartearen esku jartzea da, bizikleta horretarako bitartekotzat hartuta. Ibilbidea bihar hasiko da Getarian, lehen itsas bira osatu zuen euskal marinelaren jaioterrian, eta herri berean bukatuko da irailaren 8an.
‘Euskal Herri barneko mundubira’ gaur aurkeztu da Getarian, eta bertan dira Iker Goiria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria; Daniel Solana, Basquetour Euskal Turismo Agentziako zuzendaria; Ion Irurzun, Elkano Fundazioaren zuzendaria, eta ibilbide-pilotu hau osatuko duten taldeko kideak: Ane Miren Miralles, Naila Jornet, Garbiñe Mendizabal, Ander Izagirre, Iosu Iztueta eta Ion Irurzun bera.
‘Euskal Herri barneko mundubira’ Elkano Fundazioaren ekimena da; Basquetour eta Gipuzkoako Foru Aldundia dira asmoaren babesle, eta Orbea eta Vaude etxeak laguntzaile. Bi marka horiek bat egin dute berriro Fundazioaren proiektu batekin, eta bizikletak eta beharrezko ekipamendua jarri dituzte egitasmoa gauzatu ahal izateko.
Partaideek iruditan jasoko dute ibilbide osoa, dibulgazio-dokumental bat ekoizteko, eta, horren bidez, ekimenaren emaitzen berri eta gure lurraldearen itsas historiaren berri emateko. Bestalde, Ander Izagirre idazle eta partaideak bidaia-liburu batean jasoko du esperientzia, bidaiaren kronika eta kontakizun historikoa uztartuz.
Itsas kontakizun bat, bederatzi etapatan
Datozen egunetan ‘Euskal Herri barneko mundubira’ ekimeneko partaideek zeharkatuko dituzten lekuak oso loturik dauden gure herriaren itsas historiarekin. Ontzigile, bidaiaren antolatzaile eta marinel, euskaldunen presentzia oso nabarmena izan zen Lurraren lehen itsas bira osatu zuen espedizio hartan, eta bestela ere, Euskal Herriak esku-hartze garrantzitsua izan zuen itsas esplorazio-bidaien historian, ontzigintzan garaiko potentzia handienetakoa baitzen.
Taldea bihar goizean abiatuko da, 10:30ean, Getariako Udaletxeko plazatik.Gipuzkoako udalerri horretako kaleak zeharkatu ondoren, Mundaka alderantz joko dute taldekideek, eta han amaituko dute lehen etapa, Zumaia eta Deba (Gipuzkoa) eta Ondarroa, Lekeitio, Ispaster eta Ea (Bizkaia) atzean utzi ondoren.
Datorren irailaren 8ra bitarte, ‘Euskal Herri barneko mundubira’ taldeko kideek hainbat herri eta paraje zeharkatuko dituzte, besteak beste: Bermeo, Bakio, Gorliz, Plentzia, Barrika, Sopela, Getxo eta Bilbo, Bizkaian; Amurrio, Gesaltza-Añana, Gasteiz, Ozaeta eta Zalduondo, Araban; Altsasu, Betelu, Lekunberri, Irurtzun, Iruñea, Huarte, Zubiri, Erro, Aurizberri eta Orbaizeta, Nafarroan; Ezterenzubi, Donibane Garazi, Itsasu, Ezpeleta, Uztaritze, Baiona, Barra, Biarritz, Donibane Lohizune eta Hendaia, Ipar Euskal Herrian; eta Zegama, Segura, Legazpi, Zumarraga, Ormaiztegi, Beasain, Ordizia, Tolosa, Hondarribia, Pasai Donibane, Pasai San Pedro, Donostia, Orio eta Zarautz, Gipuzkoako etapetan.
Gogoetarako gunea
Ibilbide pilotu bat sortzea da asmo nagusia, kirolaren bidez gure historiarekin lotuko gaituen bide bat, eta, horrekin batera, Euskal Herriko txirrindulari-bideen artean errotzea. Baina horrez gain, proiektuak badu beste helburu bat; izan ere, ibilian-ibilian, partaideek gogoetarako zenbait gune bideratuko dituzte, lehen itsas birarekin lotura duten gaur egungo gaiei buruz eztabaidatzeko eta hausnartzeko, ez baita ahaztu behar globalizazioaren hasierako mugarrietako bat izan zela itsas bidaia hura.Horretarako, ibilbideko hainbat puntutan, partaideek elkarrizketak izango dituzte jakintzaren hainbat arlotako adituekin, eta hainbat esperientzia eta ekarpen bilduko dituzte, taldearen dinamika aberasteko.
Elkano Fundazioak antolatutako beste proiektuak –Magallanes Espedizioa / Elkano Getaria-Sevilla (2020) edota Getaria-Sevilla (2019) bela zeharkaldia– egokiera ezin hobea izan dira itsas birak ekarri dituen ondorioei buruz gogoeta kolektiboa egiteko, eta alde horretatik, bizikleta-ibilbide hau ere aukera paregabea izango da hausnarketa-prozesu horri bultzada eta jarraipena emateko. 500 urte hauetan gertatutakoari begirada kritikoa egitea da asmoa, historiatik ikasi ahal izateko, eta, aldi berean, begirada ireki bat, etorkizuna irudikatu ahal izateko.