Amaia Rojo: “Elkanoren garaian, gizarte sareei eskerrak euskaldunek beren egoera sozial eta ekonomikoa hobetu zuten”

5 UZT, 2019
UPV/EHUko ikertzaileak dio XVI. mendean Sevillako euskal komunitateak talde heterogeneoa osatzen zuela eta “talde kontzientzia” zutela. Euskaldunek izan zituzten enpresa- eta familia-harremanak komunitate osoarentzat izan ziren onuragarriak.

XVI. mendean Sevilla leku estrategikoa zen, eta bertan, Castro kalean zehazki, bizi ziren euskal jatorriko merkatari, itsasgizon eta negozio-gizonek ezarri zituzten gizarte sareak ikertu ditu Amaia Rojok. Master amaierako ikerketa-lana aurkeztu eta gero, Rojo gaiari buruzko tesia egiteko prestatzen ari da, eta kapital soziala oinarri hartuta, “talde kontzientzia” zuten euskaldunek sare horietatik jasotzen zituzten onura kolektiboetan sakonduko du.

Elkano 500 Fundazioko Aholku Batzordeko kide Jose Mari Larramendi antropologoarekin eta Enrike Santamaria nobelagilearekin batera, Amaia Rojok (UPV/EHU) “munduaren inguruko bira kontatzeko beste modu batzuk” mahai-inguruan parte hartu zuen “Elkano eta munduaren inguruko lehen bira: 500 urte geroago” UPV/EHUko Udako Ikastaroetako bigarren saioan. Amaia Rojok “Euskal merkatari, itsasgizon eta negozio-gizonak lehen zirkumnabigazioan” izeneko hitzaldia aurkeztu zuen.

Bere ustez beharrezkoa da Getariako itsasgizonaren irudia eta lehen zirkumnabigazioa esparru zabalago batean kokatzea, eta horregatik da garrantzitsua garaiko gizarte sareak aztertzea. Rojoren hitzetan, Getariako itsasgizonaren historiografiaren erdigunea “Elkanok espedizioari eginiko ekarpena da; ez dakigu nor zen edo aurretik zer egiten zuen”. Bere lanarekin Elkano “fenomeno zabalago baten parte” dela erakutsi nahi du. Getariarra bere testuinguruan kokatzeak “historia partziala eta banakoa” izatea eragotziko du bere ustez.

Konfiantzazko harremanak

Amaia Rojok azaldu du garai hartan euskaldunek harreman onak zituztela Koroarekin, eta postu garrantzitsuak zituztela erakunde garrantzitsuetan, hala nola Kontratazio Etxean. Postu pribilegiatu horietatik batzuk besteei postuak bilatzen zizkieten, elkar laguntzen zuten, eta elkartu egiten ziren gizartean gora egiteko; “konfiantzazko harremanak” ezartzen zituzten, eta “solidaritate zantzuak” ere antzeman zitezkeen -kofradia bat sortu zuten-; harreman horiek, gainera, arlo pertsonalera hedatzen ziren, jatorri euskalduneko familien artean hitzartutako ezkontzen bidez.    

Rojok azaldu duenez, ez zuten talde homogeneo bat osatzen: “maisuak, merkatariak, bankariak, kortsarioak, piratak… izan zitezkeen. Batzuk postu garrantzitsuak zituzten erakunde esanguratsuetan, eta era berean, merkataritza interesak edo interes finantzarioak zituzten”. Laburbilduz, gaitasuna zuten “egoerara eta momentuko onura ekonomikora moldatzeko”.

UPV/EHUko ikertzaileak ikerketarako erabiltzen ari den iturriak aipatu ditu. Rojok esan du Indietako Artxiboan baino gehiago -informazio asko katalogatzeke dago- Sevillako Probintzia Artxiboan aurkitu duela katalogatutako notario-dokumentazio gehien “hainbat euskaldun arruntagoei” buruz, eta horien bidez “beraien artean sortzen zituzten sareak” berregiten joan da.