Abiatu da Getarian Magallanes/Elkano Espedizioa, bizikleta-ibilbide bat, gure gizartearen erronkei buruzko gogoeta egiteko

9 IRA, 2020
Lehenbiziko bi etapetan, lehenbiziko mundu-bira egin zuen nabigazioarekin lotura duten Gipuzkoa eta Bizkaiko hamarren bat hiri zeharkatzen ditu.

Hainbat bidaiarik, abenturazalek eta kirolarik gogoeta egingo dute egungo gaien inguruan, Elkanoren bidaiatik abiatuta. Elkano Fundazioak eta Andaluziako Juntako Turismo Kontseilaritzak sustatuta, Magallanes / Elkano Espedizioak bizikletan zeharkatuko du penintsula irailaren 19ra arte

Magallanes/Elkano Espedizioaren taldeko kideak Josu Iztueta, Nacho Dean, Ana Zamorano, Emilio Martin, Maria Pujol eta Elkano Fundazioaren zuzendari Jon Irurtzun dira, eta gaur goizean abiatu dira bizikletan Sevillarantz, Sanlúcar de Barrameda hirian zehar hara iristeko irailaren 19an. Bidean, taldeak 1.600 kilometro baino gehiago egingo ditu Euskadi, Gaztela eta Leon, Gaztela-Mantxa eta Andaluzian zehar. Izan ere, lurralde horiek guztiek beren lekua izan zuten, orain 500 urte direla, munduaren inguruko lehen bira egin zenean. 

Irteera goizeko 10etan izan da, Getariako Udaletxearen plazan, herri horretan jaio baitzen munduaren bira lehenengoz burutu zuen euskal itsasgizona.  Bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendaria, Goyo Zurro; Andaluziako Juntako Turismo saileko kontseilari eta lehendakariorde Juan Marin eta Junta horretako Turismorako Idazkari Nagusi Manuel Muñoz; eta haiekin batera, Getariako alkate eta Elkano Fundazioaren buru Haritz Alberdi eta Elkano Fundazioko lantaldea, hala nola getariar ugari. Magallanes / Elkano Espedizioa ekimena lankidetzan abiarazi dute Elkano Fundazioak eta Andaluziako Juntak. Laguntzaileak izan dira Basquetour eta Getariako Udala, eta  Gaztela-Mantxa erkidegoko Juntak era parte hartu du. Orbea, Vaude, Negua, Bizibiziki, Solocanarias, Bodegas Barbadillo eta Inés Rosales enpresek ere bat egin dute, ekimena hornitzeko bizikletak, ekipamendua, lokalizazio-sistemak eta elikadura emanez, parte-hartzaileen taldearentzat.


Bi etapa Euskadin zehar
Herriko zenbait kale zeharkatu ondoren, taldeak Bilbo aldera jo du, Zumaia, Itziar eta Deban barna, Gipuzkoan, eta ondoren, Bizkaian, Ondarroa, Lekeitio, Bermeo, Erandio, Barakaldo eta Bilbo zeharkatuko ditu. 

Bihar, bigarren etapa Bilbotik abiatuko da, eta Balmaseda igaroz, Mena Haranetik sartuko da Espedizioa Gaztela eta Leon erkidegoan, horixe baita Magallanes / Elkano Espedizioak zeharkatuko dituen lau erkidegoetatik bigarrena.

Euskadin barna egingo duen ibilbideak azpimarratzen du munduaren inguruko itsas biraren historia, bai itsasontziei dagokienez (Victoria, Trinidad eta San Antonio ontziak euskal itsasertzeko ontzioletan eraiki ziren) bai Espezieen Uharteetarantz abiatu ziren ontzietan zihoazen euskal itsas gizonen kopuru handiagatik ere. Azpimarragarriak dira, esaterako, Bermeoren kasua, zazpi gizon baitziren hangoak, eta Bilbo, sei marinel baitziren hangoak. 

Gogoetarako gunea
Ibilbidean zehar, Magallanes / Elkano Espedizioko kideek gogoeta egingo dute munduko lehen bira harekin –globalizazioaren hasiera markatu zuten gertaeretako bat–  lotura duten egungo gaien inguruan, hain zuzen ere, Covid-19ak ekonomia, gizarte nahiz osasun arloetan ekarritako krisiak mugarri bat ezarri duenean, gure gizartea behartzen ari dena munduri buruz duen ikuspegia birplanteatzera.  Beraz, bizikleta-ibilbide hau, berriro ere, testuinguru berezi bat da, gogoeta-prozesu kolektibo bat egiteko, munduaren inguruko biraren ondorioei buruz, begirada zabal bat eginez 500 urte horien gainean; itsasoaren eta planetaren jasangarritasuna; kultura-aniztasuna; sakrifizioaren balioa; aldaketara egokitzea. 

Aldi berean, esperientzia horrek aukera emango du ibilbide historiko eta kultural baten diseinu pilotua egiteko –haren definizioan parte hartuz inplikatuta dauden lau erkidegoek–, lagungarria izango baita munduaren inguruko lehen bira ezagutarazteko formatu berrietan, gertakizun haren gaineko ikuspegi eta kontakizun desberdinak integratuz.

Sevillara iristen denean, esperientzia aurkeztuko da Andaluziako hiriburuan irailaren 18tik 20ra bitartean bilduko den Gizarte Berrikuntzaren Nazioarteko I. Kongresuan. 
 

Ibilbidea eta taldea
Iztuetarekin batera (Tolosa 1957) parte-hartzaileen taldeko kideak izango dira Nacho Dean (Málaga, 1980), naturalista eta esploratzailea, 2013 eta 2016 bitartean munduaren bira oinez egin zuena, klima-aldaketa dokumentatzeko; Emilio Martin (Huelva, 1982), bi aldiz munduko txapelduna duatloian, 2012an eta 2015ean; Ana Zamorano (Sodupe, 1992), bidaiaria, argazkilaria eta bideo dokumentalen egilea eta Maria Pujol (Sevilla,) 1982 triatleta profesionala. Haiekin joango da Elkano Fundazioaren zuzendari Jon Irurtzun ere, haren ardura izango dela planteatutako gaien gaineko gogoeta egin ahal izateko guneak sortzea. 

Ibilbidearen etapa zehatz batzuetan, muina osatzen duen taldeari hainbat lagun elkartuko zaizkio, zeharkatzen ari diren erkidegoko pertsonak; gainera, elkarrizketak egingo dituzte beste hainbat lagunekin, haien esperientziak ekartzeko gogoetara, prozesua oparoagoa izan dadin. Zeharkaldi osoa dokumentatuko da, dibulgaziozko dokumental bat egin eta gizartearekin partekatu ahal izateko ekimenaren emaitzak.