Eta beraz, Lurraren lehen zirkumnabigazioa Juan Sebastian Elkanok Moluketatik itzultzeko hartutako erabakiaren ondorioa izan zen, betiere Trinidad naoko kapitain Gomez de Espinosaren adostasunarekin.
1521eko abenduak 21
Victoria ontzia Tidore-tik abiatu zen Elkanoren aginduetara. Trinidad naoak matxurak zituen eta horiek konpontzeko Tidore-n geratu zen, ondoren Pazifikoa zeharkatuz itzultzeko asmoarekin. Konponketak amaituta abiatu zen, baina haize eta korronte egokirik aurkitzen ez zuenez berriz ere Moluketara itzuli zen. Azkenean, bertan atzeman zuten Portugaldarrek.
1522ko urtarrilak 25
Victoriak Timorren eskala egin zuen. Beste itsas zeharkaldi beldurgarri baten hasiera izan zen, Elkanok zuzendutako ontziak berak bakar-bakarrik Indiako Ozeano osoa zeharkatu baitzuen lehorrik jo gabe.
Maiatzak 19
lehorrik jo gabeko hiru hilabeteko bidaian berriz ere gorriak ikusi ondoren, Afrika hegoaldeko Esperantza Oneko lurmuturrera iritsi ziren, baina portugaldarrek atzemango zituztenaren beldur zirenez, lehorreratu gabe aurrera jarraitu zuten Atlantiar Ozeanoa zeharkatzeko.
Uztailak 2
Portugaldarren menpekoak ziren Cabo Verde uharteetan elikagaiak erosteko geldialdia egitea beste erremediorik ez zuten izan. Tratuan ari zirela portugaldarrek igarri egin zuten ekialde urrunetik zetozela, eta lehorrean zeuden 12 marinelak atxilotu egin zituzten. Victorian zeuden gainontzeko gizonak, Elkano buru zutela, ihes egin eta aurrera jarraitu zuten amaigabeko bidai hartan.
1522ko irailak 6
18 gizon iritsi ziren Sanlucarrera Victoria naoan, portu hartatik bertatik irten eta hiru urtera. Itsasoratu ziren bost ontzietatik bakarra iritsi zen; 238 gizonetatik, 18, eta horietatik lau euskaldunak:
Juan Sebastian Elkano, Victoria ontziko kapitaina, Getariarra.
Juan Akurio, pilotua, Bermeotarra.
Juan Arratia, txotxoa, Bilbotarra.
Juan Zubileta, pajea, Barakaldarra.