Sanlucar de Barrameda modernitatearen kosmodromoan

Manuel J. Parodi Álvarez, Historian Europako Doktorea. Unibertsitate Magallanikoen Sarea (RUMA)
20 IRA, 2019

Sanlucar de Barrameda egiazko “Cabo Cañaveral” baten erpinean dago, XV. eta XVI. mendeen arteko trantsizioaren “Baikonour” batean, eta gune pribilegiatua da, Gizateriaren Historiaren bilakaerarekin lotutako esparru geografiko, kultural eta historiko ziñez berezian kokatua baitago: Kadizko Golkoa eta Guadalquivir ibaiaren bokalea.

Orain dela ia bostehun urte, milurtekoaren ia erdira atzera eginda, batzuetan Historiak gogorarazten dizkigun ausart talde horietako bat Sanlucar de Barramedara heldu -itzuli- zen; akituta, ia ahanzturan erorita, ustekabean, ezezagunak ziren; itsasgizon handi baten gidaritzapean itzuli ziren, Juan Sebastian Elkano euskalduna, zeinak munduaren inguruko lehenengo bira burutu baitzuen, Ekialde Urrunetik mendebalderantz nabigatzea erabaki ondoren.

XVI. mendean Sanlucar de Barramedako itsasertzera ontziak heltzea ez zen batere arraroa: Sanlucarreko itsasertzean oso ohituak zeuden itsasontziak etortzen eta joaten ikustera, ezinbesteko lekua baitzen Guadalquivir bokalaren eta Kadizko Golkoaren artean, bihurgune garrantzitsua Mediterraneoaren eta Atlantikoaren arteko nabigazioan, Europa eta Afrika artekoan, eta baita ere Guadalquivir haranaren barrualdearen -bertan zeuden gune nagusia eta Sevillako portua- eta bide ozeanikoen artean, penintsularen hego-mendebaldeko lurraldeetatik mundu zabalera joateko.

Nabigazio luze eta zail baten ondoren, urrutiko lurraldeetatik zetorren ontzi bat Sanlucarreko portura iristea ere ez zatekeen batere harrigarria izango: Baetis ibai zaharraren bokaleko komunikazio-ardatz historikoan ohituta zeuden urrutiko lurraldeetako ontziak eta jendea heltzen ikustera, horrelaxe izan zen mendeetan zehar, antzinatik; oso urrutiko geografietatik iristen ziren, nabigatzaile feniziarrak hegoaldeko itsasertz horietara heltzen ziren garaietatik, Erroma itsasertz horien jaun eta jabe egin zen garaietatik Erdi Arora arte, non iparraldeko jendeak, bikingoek, itsasertz betikatarra suntsitu baitzuten XI. mendean, islamiarrek Guadalquivirreko itsasertz eta lurraldeak kontrolatzen zituztenean, garai bateko Rio Grande.

Ilustrazioaren egilea: Arturo Redondo.

 

Mundubira bilakatu zen espedizioaren hasiera eta amaiera

Eta horrenbestez, zergatik zen berezia, apartekoa, ohiz kanpokoa, nabigazio oso luze baten ondoren, urrutiko lurraldeetatik Sanlucarreko itsasertzera itsasontzi bat heltzea, itsasertz hartako hondartzetan hain ohikoa izanik, antzinatik, era guztietako itsasontziak heltzea, hainbat jatorritako itsasontziak…? Ontzi hondatu hura, Victoria naoa hain zuzen, eta ontziko tripulazioa osatzen zuen ausart talde hebaindu eta txiki hura benetan bereziak eta bakarrak egiten zituena zen bidaiaren izaera bera lehenik eta behin, hain urrun eraman zituena, berriro abiapuntura itzultzeko.  

Espedizioaren izaera bera nabarmentzekoa da, eta baita ere amaigabeko hiru urtetan Neptunoren zelai urdinetan nabigatu eta gero, odisea hura hasi zuten berrehundik gora itsasgizonetatik bizirik iraun zuten 18 marinel haiek Sanlucarrera itzultzea lortzea. Bertan itsasoratu ziren, eta Lurraren lehen zirkumnabigazioa, lurraren inguruko lehen bira burutu zuten 1519ko iraila eta 1522ko iraila artean; ordura arte gizateriak burututako bidaia ikaragarriena izan zen, beti mendebalderantz nabigatuz.

Victoria nao hondatua eta Juan Sebastian Elkanoren gidaritzapeko heroi-tripulazioa Sanlucar de Barramedara iritsi ziren azkenean (inork espero ez zuenean) 1522ko irailaren seian, hiru urte lehenago, 1519ko irailaren 20an hain justu, Sanlucarren bertan hasitako itsas ibilaldi gorabeheratsu eta arriskutsu baten ondoren.

 Hasiera batean Hernando de Magallanesek gidatu zuen ontzidi hura (Victoria, Santiago, San Antonio, Trinidad eta Concepcion naoek osatutako armada txiki bat), Carlos V. enperadorearen zerbitzura, Sanlucar de Barramedatik irten zen 1519an, udako azken distirekin. Nabigazio ozeanikoaren ziurgabetasunei aurre egin zieten, Ekialde Urrunean, Moluka uharteetan, aurkitzen ziren espezien bila; Sanlucarrerako itzuleran Victoria naoa baino ez zen geratu hasierako ontzidi hartatik, eta 1519an bidaia hasi zuten marinel gehienak ere desagertu egin ziren bidaiaren gorabeherak zirela eta. Espedizio hura bultzatu zutenen itxaropenak sobera bete ziren, izan ere, inoiz egin gabeko bidaia burutzea lortu zen, lurraren esferikotasuna behin betiko frogatuz, eta horrenbestez, gizateriaren etorkizunarentzat paregabeko aurrerapena zen.

Horrela burutu zen, hiru urte luzeko nabigazio gorabeheratsu baten ondoren, munduaren inguruko lehen bira; etorkizun berri bat zabaldu zen gizateriarentzat, eta Sanlucar de Barramedak historiako gune garrantzitsu horren erreferentzia esparrua, alfa eta omega izateko ohorea izan zuen.

XVI. mendeko base espaziala

Sanlucar de Barrameda eremu pribilegiatua zen, Kadizko Golkoaren eta Guadalquivir ibaiko bokalaren artean kokatua. Oinarrizko enklabea zen nabigazio ozeanikoen garapenean, mundua zirkumnabigatu zuten bidaietan, planetaren lehen mundializazioa garatzea ahalbidetu zutenak; aurrez behin baino gehiagotan esan dugun lez, egiazko “Cabo Cañaveral-en” erpina izan zen, XV. eta XVI. mendeen arteko trantsizioko (Erdi Aroaren eta Aro Modernoaren arteko une historikoa) “Baikonour”-a. Eta beraz, gune pribilegiatua izan zen, gizateriaren historiarentzat ezinbestekoa izan zen esparru geografiko, kultural eta historikoan kokatua: Kadizko Golkoa eta Guadalquivir ibiaren bokalea. 

Laurehungarren urte amaierako eta bostehungarrenaren hasierako Sanlucarren, Kadizko Golkoko eta Guadalquivir ibaiaren bokaleko leku pribilegiatu hark Barrancako koroaren zitadelan eta Arrabal de la Ribera izeneko errebalaren eremuan zuen nabigazio ozeanikoen erreferentziazko puntua; bidaia ozeaniko horietan urrutiko lurraldeetara iritsi ziren, Zorioneko uharte ospetsuetara adibidez, eta baita haratago ere, Karibera eta Amerikako Mundu Berrira, Kolonbiako espedizioen eskutik, horien sustatzaile eta protagonista Cristobal Colon almiranteak bezalaxe harreman estua izan zutelarik Sanlucarrekin.  

Esan bezala, Aro Modernoaren hasieran, Sanlucar egiazko “Cabo Cañaveral-en” antzekoa zen, eta bertatik itsasoratzen ziren garaiko “espazio-ontziak”, Magallanes eta Elkanorena bezalako naoak.