Pigaffetaren kontakizun galdua (2/2)

Enrique Santamaría, Historialaria eta nobelagilea
19 MAR, 2020

Pigafettaren kontakizuna galdu egin zen, bai eta bidaiako beste dokumentu asko ere, aurreko artikuluan azaldu dugun bezala. Kopia bat bakarrik dugu, eta haren jatorria erabat zalantzazkoa da. Edukia ere, agerikoa denez, aldatuta dago.

Oraindik ere etengabe errepikatzen den bertsio tradizionalak esaten du San Juliango badian Magallaesi aurre egin ziolako uzten duela aipatu gabe Pigafettak Elkano. Hori egia balitz, zergatik ez du aipatzen beste espainiarrik ere rol positibo batean? Bereziki esanguratsua da Espinosa ez aipatzea, armadako azken kapitain jenerala izan baitzen eta erabat leiala Magallaesi. Hain zuzen, huraxe izan zen, berez, matxinada itzali zuena. Aipamen falta hori ezin denez azaldu, testuaren zintzotasuna defendatzen dutenek nahiago izan dute kontuan ez hartu.

 

Jatorrizko testuan hitz egiten al zen espainiarrei buruz? Itxura denez, bai. Abentura horretako bi kronista nagusiek, Pedro Mártir de Angleríak eta Gonzalo Fernández de Oviedok, jatorrizkoa irakurri zutela adierazi zuten, eta bietako batek ere ez du esaten Elkano eta espainiarrak aipatzen ez zirenik. Hala izan balitz, noski, atentzioa emango zien gertaera horrek. Are gehiago, Oviedok bere obrako bi kapitulu erabiltzen ditu Pigafettaren kronika aztertzeko, eta Espinosari eta Elkanori buruz hitz egiten duenean, honako hau esaten du:

"El lector podrá colegir desto y de lo que está dicho en los capítulos precedentes, algunas cosas en las que discrepan estos capitanes, Espinosa y Juan Sebastián del Cano […] e yo hablé con el uno y con el otro, y de sus relaciones y privilegios, que ambos los vi, entendí lo que tengo dicho, y del tratado de Pigafetta lo que desuso le atribuyo." Oviedo, Historia General y Natural de la Indias, XX. liburua, II. zatia, I. kapitulua, II. liburukia. 

Ezinezkoa da bi pertsonaren kontakizunen arteko aldeak argitzeari buruz aritzea, testuak aipatu izan ez balitu. Eta honela jarraitzen du: "

"A la verdad, en algunas de las cosas que este caballero (Pigafetta) da en su narración yo he estado neutral o perplejo, pero llegado al capítulo LXVI holgué al ver lo que dice del rey e isla e cibdad de Bruney, por que al mismo Juan Sebastián del Cano le oí yo decir cuasi lo mismo que este caballero." Oviedo, Historia General y Natural de las Indias, II. zatia, III. kapitulua, II. liburukia.

Mafrak eta Elkanok kontatzen digute Bruneiko enbaxada Espinosak eta Elkanok berak zuzendu zutela, eta ez da Pigafetta aipatzen. Hark, ordea, iritsi zaigun bertsioan, bere burua jartzen du protagonistatzat, eta ez du hitz egiten beste biei buruz. Orduan, nola da posible Oviedok esatea Pigafetta eta Elkano bat datozela beren kontakizunetan? Bada, bistan denez, berak irakurritako kronika eta Liburutegi Anbrosianoko eskuizkribua ez direlako testu bera. Bestalde, Brunein gertatutakoari buruzko Pigafettaren narrazioa nahasia eta inkoherentea da. Enbaxadaren aurrean lehorreratu zela dio, baina gero han gertatutakoa ontzietatik kontatzen jarraitzen du, eta ez du azaltzen nola itzuli zen ontzietara, nor geratu zen lehorrean eta zergatik. Zati horretan ikusten da argien testua aldatu egin dela, eta gainera ez oso modu trebean.

Esanguratsua da, halaber, San Juliango matxinada garrantzitsuari buruz hitz egitean Pigafettaren egungo testuan protagonisten izenak nahastea, eta jatorrizko bertsioa irakurri zutenetako inork ez hori kontuan hartzea. Oviedok Pigafettaren egunkaritik zuzenean kopiatu zuen pasartea, eta izenak zuzen idatzi zituen. Gainera, ez zuen aipatzen akatsik zegoenik, italiarrarekin oso kritikoa zen arren. Eta Simone Colinesen frantsesezko laburpenak berak ere matxinadaz hitz egiten du (bertan dago espainiarrei egindako aipamen bakarretako bat, gero Amoretterenean bezala), baina izenak ondo jarrita.

Zein azalpen eman behar zaio honi guztiari? Bat ere ez, ez dagoelako. Magallaesen hagiografo ugariek Liburutegi Anbrosianoko eskuizkribua gurtzen dute, beren heroiaren beatifikazioaren oinarria delako (Magallaesek, bide batez, Elkanok bezala, merezi du bere irudiaren azterketa historiko serio bat egitea 500 urteren ondoren), eta nahiago dute, besterik gabe, ez ikusiarena egin eta beste alde batera begiratu. 

Zweigek onartzen du, zintzotasunez, agerikoa dena: "… hori bezain arraroa da Pigafettak eraman zuen egunkari zabal hura galdu izana […] Jatorrizko egunkari hori ezin da izan, inola ere, guk ezagutzen dugun bidaiaren ondorengo bertsioaren berdina, bistan denez, egunkari hartatik bildutako laburpen bat besterik ez baita". Zweigek uste du, espainiar "pentsamoldeaz" duen ezjakintasun sakona dela medio, dokumentuen desagerpen hori Elkanori mesede egiteko egiten dela (nahiz eta ni ez naizen gai imajinatzeko nola espero duen Magallaesen aldekoagoa izatea); hala, bi pertsonaien arteko kontraposizio artifizial bat erreproduzitzen du, eta horixe da lehen mundu-biraren gainean nagusi den historiografia txarraren kausa nagusia. Ahaztu egiten du Elkanok idatzitakoa ere desagertu dela, hau da, artxibo pribatuetan aurkitutakoa bakarrik dagoela. Ez du hari buruzko interesik erakusten, heroiaren kontrapuntu gisa erabiltzeko ez bada.

Elkanoren aipamenik eza soilik nabarmentzen jarraitzeak, hau da, gainerakoen aipamenik ezari erreparatu gabe jarraitzeak, ezin hobeto erakusten du zer mailatan dagoen oro har Espainiako historiografia eta bereziki Elkanori buruzkoa.

Argitalpen moderno guztien oinarrian dagoen “birsorkuntzari” dagokionez (Liburutegi Anbrosianokoa), ez aipatze horiek oso ondo datoz "Pigafetta kapitainaren" mitoari eusteko. Alabaina, aski da pixka bat erreparatzea, testu mutilatua dela ikusteko. Carvalho kargutik kendu arte, zehatza da narrazioa, eta bidaiaren xehetasun guztiak biltzen ditu, baina espainiarrek kontrola hartzen dutenetik aurrera testua hutsunez betetzen da. Ez du aipatzen Carvalhoren kargugabetzea, ez eta Bruneiko enbaxadarekin zer gertatu zen ere. Era berean, ez du esaten zer gertatu zen Timorren ere, ez eta nolakoak izan ziren gerora aipatzen dituen desertzio horiek eta beste mila xehetasun eta pasarte ere. Alabaina, merkatari musulman batek Timor uhartean bertan Txinari buruz kontatu ziona deskribatzeko leku asko erabiltzen du. Liburua irakurriz, erraz ikus daiteke Pigafetta idazle trebea zela, eta erraz deskriba zitzakeela gertaera horiek guztiak, berak nahi zuena aipatuz edo aipatzeari utzita; beraz, gerora "moztu" egin zelako hipotesiak du zentzurik handiena.

Pigafettaren ezinikusiaren ideiak, aldiz, ez du inolako oinarri eta logikarik. Espedizioko espainiar guztiekin haserre egon zitekeela pentsatzea, eta bizirik itzultzea, erabateko zentzugabekeria da. Kronikariak bere borondatez erabaki zuen Elkanorekin haren ontzian ontziratzea eta munduari bira emateko bidaia arriskutsuan laguntzea. Ez dezagun ahaztu gizon haiek ontzi txikietan pilatuta zihoazela, inolako intimitaterik gabe. Halako egoera batean sentimenduak ezkutatzeko gai izatea ezinezkoa zen, eta are zailagoa ehunka orrialdeko testuak ezkutatzea. Elkanok berak dio Magallaes bizi zen bitartean ez zuela ezer idatzi "ez zelako ausartzen". Albok, Trinidad itsasontziko kontramaisuak, ez zuen lerro bakar bat ere idatzi San Julianen gertatutakoaz, eta iruzkinetan ere ez zen luzatzen portugaldarra hil arte. Mafraren kasuan, badirudi komandantzia aldatu aurretik gertatutako guztia hura gertatu ostean laburbildu zuela. Eta San Martín orkatiletatik lotuta belazurrun batetik botatzeko agindu zuen Magallaesek, izan ere: “le hallaron una figura fecha de la navegación que habían llevado, é por miedo la había echado á la mar”.

Era berean, komeni da gogoratzea garai hartan ohikoa zela kapitainekin arazoak zituzten eskifaia-kideak uharteetan eta kostaldean uztea. Hala gertatu zitzaien espedizio honetako zenbait partaideri, bai eta bizirik atera ziren batzuei ere ondorengo bidaietan. 

Azkenik, kontakizuneko elementu bakar batetik ere ezin da ondorioztatu italiarrak Elkanori edo kide espainiarrei ezinikusia zienik, kontrakoa baizik: "Tripulazio gehiena ohorera emanda egonik bizitzara baino gehiago, Espainiara itzultzeko ahalegin guztiak egitea erabaki genuen, nahiz eta arrisku batzuk igaro behar izan oraindik".

Egunen batean jatorrizko testuaren benetako kopiaren bat agertuko balitz, edo jatorrizkoa bera, ezustekoren bat hartuko genuke ziur asko.