Pedro de Tolosa, munduari lehen bira eman zion itsasmutil gipuzkoarra

Daniel Zulaika, Historian graduatua. Elkano 500 Fundazioa.
6 OTS, 2020

Pedro de Tolosa Gipuzkoan jaio zen, Tolosan, eta 20 urte zituela Victoria itsasontzian itsasoratu zen, Magallaes-Elkanoren espedizioan. Victoria itsasontziko itsasmutil izan zen lehenbizi, eta ondoren despentsaria (bizigaien arduraduna). Itsasaldi hartako gertakarien lekuko eta protagonista izan zen. Elkano eta Pedro de Tolosa izan ziren munduari lehen itzulia eman zioten gipuzkoar bakarrak.  

Getarian edo Sanlúcarren munduari lehen bira eman zioten marinelen omenezko plaketan erreparatzen dugunean, hemezortzi izen aurkitzen ditugu. Haatik, hogeita hamar izan ziren munduari emandako lehen bira hartatik Sevillara itzuli zirenak. Haietako hamabi gizon hilabete batzuk geroago iritsi ziren, portugaldarrek preso hartu baitzituzten Cabo Verden, eta Lisboan barna itzuli baitziren. Azken horien artean zegoen Pedro de Tolosa itsasmutil tolosarra. Hain zuzen ere, Juan Sebastian Elkano eta Pedro de Tolosa izan ziren munduko lehen bira osatu zuten gipuzkoar bakarrak. Beste lau bizkaitar ere baziren; horietako hiru Elkanorekin iritsi ziren, eta bestea Tolosarekin.

Itsasmutil, ustekabean

Pedro de Tolosa tolosarra zen, Lazcano eta Maria de Alvisturren semea. Gurasoak ere tolosarrak zituen. Ez dakigu zer-nolako bizimodua izan ote zuen espedizioarekin bat egin aurretik, baina badakigu orduan 20 urte zituela eta ez zekiela idazten, garai hartan ohikoa zen moduan. Sanlúcar de Barramedan itsasoratu zen Victoria itsasontzian, armadak 1519ko abuztuaren 12tik irailaren 20ra han egindako egonaldian. Tolosa halabeharraren zoriaz itsasoratu zen; izan ere, Sevillako beste itsasmutil bat, Pedro Maldonado, ez zen agertu itsasontziak abiatzear zeudenean, eta haren lekuan sartu zen. Victoria itsasontzian beste hiru itsasmutil euskaldun zeuden: Juan de Arratia bilbotarra, Ochote de Erandio bilbotarra eta Somorrostroko Juan de Sanfelices. Horiez gain, Barakaldoko morroi bat, Juan de Zubileta, eta Debako arotz bat, Martin de Garate, zihoazen itsasontzian.

Itsasmutilak 17-20 urte bitarteko ikastunak ziren, eta, beste eginkizun batzuen artean, belazurrunetara igo eta haize-oihalak biltzeaz, bateletan arraunean egiteaz, salgaiak, hornigaiak, su-egurra eta ura kargatzeaz nahiz deskargatzeaz, eta sua itzaltzeaz arduratzen ziren. Hogei urte betetzen zituztenean, marinelak zirela egiaztatzen zuen agiri bat jasotzen zuten, barkuko ofizialek sinatua. Hilean 800 marabedi kobratzen zituzten (egungo 800 euro), marinelek baino laurehun gutxiago. Itsasoratzean, lau hilabete kobratu zituzten aurreratuta, hots, 3.200 marabedi.

Itsasmutil izatetik despentsari izatera

Atlantikoan eta Ozeano Barean zehar ibili ostean, Cebun (Filipina uharteak), Pedro de Tolosaren patua nabarmen aldatu zen; izan ere, 1521eko apirilaren 10ean, Huelvako Juan de Aroche, Victoria itsasontziko despentsaria, hil egin zen gaixotasun batek erasanda. Tolosarrak hartu zituen despentsariaren zereginak itsasontzian. Ezohiko gertakari horrek haren trebetasunen berri ematen digu. Kargu hori ofizialordeei zegokien, kontramaisu eta aguazilaren karguekin batera. Tolosa zen bizigaien eta uraren arduradun, eta eskotilako giltzak zituen bakarra. Elikagaiak kontrolatzearekin zerikusia zuen guztia garrantzi handikoa zen espedizioetan.

Moluka uharteetako egonaldiaren ostean, 1521eko abenduaren 21ean, San Tomas egunez, Victoria itsasontzia Tidoretik Sanlúcarrera abiatu zen, 25.000 kilo iltze-belarrez hornituta. Indiako Ozeanoaren hegoaldean eta Atlantikoan itsasaldi itzela egin ondoren, espedizioko kideak Cabo Verden lehorreratu ziren, bizigai bila. Baina portugaldarrek jakin zutenean Moluka uharteetatik zetozela, espedizioko hamahiru kide atxilotu zituzten, horien artean Pedro de Tolosa. Elkanok ihes egitea lortu zuen, eskifaiako gainerako kideekin batera.

Elkanok Carlos I.a erregeari bidalitako gutunari esker aske

Tolosarra preso egon zen Cabo Verden, eta ondoren Lisboako espetxera eraman zuten. Elkanok erregeari bidalitako gutunari eta azken hark egindako kudeaketei esker, presoak askatu egin zituzten handik hilabete batzuetara, eta Sevillara itzuli ziren. Hiri hartan kitatu zitzaion soldata Pedro de Tolosari. Espedizioan emandako hiru urte eta hogeita zortzi egunengatik 29.528 marabedi jaso zituen, eta beste 48.606 marabedi, kintaladei zegozkienak; beraz, guztira 78.134 marabedi. Kintalada ordaintzeko modu gehigarri bat zen: eskifaiako kide bakoitzak itsasontzian leku bat zuen bere salgaiak eramateko eta trukatu ahal izateko; espezieen truke, adibidez. Eta gero, lortutakoak leku horretan bertan ekartzen zituen.  

Pedro de Tolosari buruz ditugun azken erreferentzia dokumentatuak 1524ko maiatzaren 24an Badajozeko Batzarrean izandako parte-hartzeari dagozkio. Batzar hartan, Portugalek eta Espainiak Moluka uharteak zeini zegozkion eztabaidatu zuten. Eztabaidan, munduari bira eman zioten sei euskaldunetatik bostek parte hartu zuten. Tolosak bere lekukotza eman zuen, Elkano, Acurio, Arratia eta Zubiletarekin batera, Gaztelak Moluka uharteen jabe izateko eskubidea zuela frogatzeko. Deklarazio hartan –idazten ez zekienez, ez zuen sinatu–, Carlos I.a erregea hainbat aldiz ikusi zuela adierazi zuen; beraz, badirudi enperadoreak harrera egin ziola zenbait bider.

Munduari bira, talde baten eginahala

Lehenbiziko mundubirari buruzko argitalpen askotan Magallaes eta Elkano hartzen dira ardatz. Nolabait, espedizioko gainerako kideak itzalean geratzen dira. Haatik, guztien eginahalari esker eman ahal izan zion Victoria itsasontziak munduari bira. Pedro de Tolosa izan zen haietako bat. Lehenbizi itsasmutil jardun zuen, eta ondoren despentsari, beti Victoria itsasontzian. Hala, bertatik bertara bizi izan zituen espedizioko kideek sufritu behar izandako gorabehera izugarriak.