Erdi Aroko ozeanoa espazio ezezagun bat zen, munstroz eta imajina ezin daitezkeen beste arrisku batzuez betea. Munduaren lehen itzuliak, eta XV. eta XVI. mendeen arteko beste espedizio askok, arrisku iturri hura, geopolitika modernoaren epizentro bihurtuko zen gune bihurtu zuten. Artikulu honek, lauko serie bateko lehenak, Erdi Aroko iruditeriaren zati bat errepasatzen du, itsas munstroen herrixka.
Magallaesek eta Elkanok munduari emandako lehen itsas bira sinbolismo handiko mugarria izan zen, balentria hark berekin ekarri baitzuen mundu zabalera irekitzea, gure historia global eta konektatua hastea eta giza mugikortasunak eztanda egitea; eta a zer paradoxa bitxia –edo makurra, nondik begiratzen zaion– itsas bira horren bosgarren mendeurrenaren ospakizunak noiz eta garai zail hautan egokitzea, mundu konektatu honetako biztanleen zati handi bat etxean itxita eta gizarte-isolamendura behartuta dagoenean. Globaltasunari ateak zabaldu genizkion ia ordena berean (Txina, Europa, Mundu Berria, ondoren gainerakoak) itxi ditugu ateak eta jarri ditugu ezbaian hiperkonexio global horren emaitzak. Paradoxarekin jarraituz, antza denez itxialdi-egoera honetan ere ordu asko emango ditugu “nabigatzen”. Hitz-joko soil eta erraz bat baino gehiago da. Nabigatzeak, hau da, gainazal ez-solidoen gainean bidaiatzeak (uretan, airean, espazioan) eta, zergatik ez, modu birtualean ere bidaiatzeak, zenbait ideia biltzen ditu mendebaldeko kulturan: bilaketa, aurkikuntza, esperimentazioa, arakatzea edo ekitea, besteak beste. Eta nabigazioaren ideia hori ez zen Magallaes-Elkanoren espedizioarekin sortu, baina itsas bira hura mugarri nagusia izan zen, iraganaren eta geroaren artean. Iraganean, ozeanoa imajinatu eta amestu besterik ez zuten egiten ia-ia, eta mundu bira haren ondotik, ezagutu eta menderatu egin zuten.
Ozeanoa imajinatzea
Non est potestas super terram quae comparetur ei: ez dago lurrean horren pareko botererik. Bibliako aipamen horrekin (Job 41,24) ilustratu zuen Hobbesek 1651. urtean bere Leviatan obraren azala. Ezin egokiago, izen bereko eta ahalmen mugagabeko munstro biblikoa aukeratu zuen bere obran hezurmamitzen ari zen beste munstro hura gorpuzteko: estatua, alegia.
Baina hemen ez zaigu estatua interesatzen, munstroa baizik. Animalia asko –errealak nahiz fantastikoak– erabili izan dira Leviatan irudikatzeko: zenbaiten arabera, krokodiloa zen; beste batzuentzat, herensugea edo suge erraldoia; baina gehienentzat, balea. Kasu guztietan, neurrigabeko animalia zen, ozeanotik sortzen zena gizakiari eraso egiteko. Ugariak dira mendebaldeko iruditerian haren adibideak: Bibliako Jonas eta Moby Dick, kasurako, eta Pinotxoren istorioan ere badira antzeko pasarteak. Azter dezagun xeheago antzinakoenetako bat, Erdi Aroko adierazpenetan eragin handiena izan zuena: San Brendan-en kondaira.
San Brendan Irlandako fraide ebanjelizatzaileetako bat izan zen, eta V. eta VI. mendeen artean bizi izan zen. Bostehun urte geroago, haren ibiliak idatzi zituzten Navigatio Sancti Brandani lanean, eta, beste askoren artan, pasarte bat nabarmentzen da. Agi denez, itsasoan nabigatzen ari ziren batean, fraideak atseden hartzea eta eukaristia bat ospatzea erabaki zuen, eta begiz jotako uhartetxo bat aukeratu zuen horretarako. Meza esan ondoren, sua piztea erabaki zuten. Hura ezustea, ordea, konturatu zirenean uhartetxoa ez zela uharte bat, baizik eta balea bat, sua nabaritzean gorputza bihurritzen hasi zena.
Saint Brendan of Clonfert in ''Manuscriptum translationis germanicae” (ka. 1460 AD), Cod. Pal. Germ. 60, 179v' or. (UB Augsburg)
Ozeanoetako biztanle erraldoi horiek lur lehortzat hartzearen arriskua hainbat adierazpenetan jorratu izan da; areago, agertu eta desagertu egiten ziren uharteei buruzko kondaira ugariren sorburu ere izan da. Alberto Reche historialariak itsasoaren arriskuei buruz osatutako webgune interesgarrian begietsi ditzake irakurleak adierazpen horietako batzuk (Reche, 2016).
Erdi Aroan ozeanoari buruz zer-nolako ikuskera zuten islatzen du kondairak; eta hori da guretzat interesgarriena. Ikuskera horren arabera, funtsean, Herkulesen zutabeetatik haragoko guztia arriskuz betetako eremua zen gizakiarentzat, eremu ezezaguna eta gizatasunaren arrastorik gabea. Horrela berresten dute beste testu batzuek ere. Gai hori esploratu izan duten zenbait egilek, hala nola Peter Sloterdijk filosofoak (2007, 60) eta Isabel Soler idazleak (2003, 96), gogorarazten digute Biblian bertan edo funtsezko beste zenbait testutan (Dante Alighieriren Jainkotar Komedia lanean, kasurako) horri buruzko oso datu interesgarriak jasotzen direla. Adibidez, Danteren arabera, ozeanoa “gizakia harago joan ez zedin Herkulesek ezarritako mugetan” hasten zen, eta “jenderik gabeko mundu bat” zen (Jainkotar Komedia, Infernua, XXVI), eta Luzifer aintzira izoztu baten erdian bizi zen, gorputz erdia agerian zuela (Jainkotar Komedia, Infernua, XXXIV). Era berean, Danteren idatziaren arabera, Apokalipsiak zioen Azken Judizioaren eta Mesiasen etorreraren ondoren itsasorik ez zela izango: “ Zeru berria eta lur berria ikusi nituen, suntsituak baitziren lehenengo zerua eta lehenengo lurra, eta jadanik itsasorik ere ez zen” (Apokalipsia, 21,1).
Luzifer aintzira izoztuan. Gustavo Doré egilearen ilustrazioa Jainkotar Komedia lanerako (Infernua, XXIV) (1861-68)
Ozeanoa, finean, debekatutako eremu handietako bat zen Erdi Aroko mentalitatean. Esan nahi da Erdi Aroko kulturak ez zuela espazioaz guk dugun ikuskera bera. Ulertu behar dugu Erdi Aroko mundu hartan komunikazioak oso neketsuak zirela, eta, horren ondorioz, garaiko biztanleek ez zutela espazioaren ikuskera lineal eta homogeneorik. Aitzitik, espazioa populatutako mundutzat ikusten zuten funtsean, eta berezko zentzua zuten lurralde-hedadura zabalak imajinatu beharrean, han-hemen populatuta egon zitezkeen eremu sakabanatuak imajinatzen zituzten. Eta eremu horien artean, ezereza, edo, hobeto esan, gizakiak menderatu gabeko eremuak eta debekatutako eremuak, leku bereziki basatiak edo izaki arriskutsuen bizilekuak zirelako. Azken batean, naturak gizakia azpian hartzen zuen erresuma zen hura. Basamortuak, basoak eta ozeanoak ziren eremu basati eta babesgabeen artean basatienak (Soler, 2003), eta herensugea, berriz, leku haietan imajinatzen zituzten arriskuen adierazlerik argiena. Mendebaldean, tokian tokiko kultura guztietan ugariak dira herriak edo heroi jakin batzuek herensugea mendean hartzen dutela kontatzen duten kondairak. Gizakiak eremu basa horiek mendean hartzeko eta etxekotzeko gaitasunean gero eta konfiantza handiagoa zuela erakusten digute kondaira horiek; gero eta konfiantza handiago horren testigantza zoragarriak dira. Ozeanoari buruz ere ikuskera hori bera zuten garai hartan: alegia, menderatu gabeko eremutzat eta gizakiaz gaindiko izaki harrigarrien bizilekutzat irudikatzen zuten itsaso zabala.
Laburbilduz, berretsi dezakegu Erdi Aroan ozeanoa eremu ezezaguna zela, gizakientzat ia debekatua, munstroen bizilekua eta berealdiko beste arrisku askoren gertalekua. Finean, banatu edo bereizi egiten zuen eremu bat.
Sail honetako beste artikuloak:
Ozeanoa, Elkanoren aurretik eta ondoren (2/4): Mapamundiak eta bidaiak
Ozeanoa, Elkanoren aurretik eta ondoren (3/4): Lehen zirkumnabigazioaren eragina Ozeanoa, Elkanoren aurretik eta ondoren (4/4): Ozeanoa menderatzea