Europan, lurralde-eremuei buruzko ikuspegia aldatzen joan zen garai hartan; hala, eremu haiek gero eta gutxiago oinarritzen ziren elementu puntualetan, eta populazio batekin identifikatutako hedadura jarraitu eta homogeneo gisa ulertzen ziren (hau da, lurralde gisa); orobat, mugen auziarekin ere itsutzen hasi zen Europa, eta, garaitsu berean, ozeanoaren ezagutzak beste auzi bati eman zion bide: ozeanoaren gaineko jabetzaren auziari; izan ere, norena zen itsasoa?
Auzi horretan ere baziren Erdi Aroko aurrekariak, baina auzi gutxi batzuetara mugatzen ziren: itsasoetan ibiltzeko askatasunean oinarritutako ohiturazko eskubidea bermatzera eta itsasoan eginiko delituak jazartzera, kostaldeko agintariek delitu horietan arbitraje-lanak egitera eta esku hartzera, eta itsasertzeko eremu hurbilenetan agintari horien zenbat jurisdikzio-eskumen ezartzera, hain zuzen. Aipatzekoak dira marinel eta konkistatzaileen jarreran eragin handia zuten beste bi ideia ere. Lehena, zilegi zela printze fedegabeei lurren jabetza kentzea eta kristauei ematea; bigarrena, populatu gabeko lurrak res nullius-tzat hartzen zirela eta “aurkitzen” zituztenek haien jabetza eskuratu zezaketela. Aita Santuaren agintea finkatzen eta erregea “imperator in regno suo” gisa hartzen zuten ideiak indartzen zihoazela eta, goragoko aginte baten berrespena jaso beharraren ideia ere bultzatzen zen.
Itsasoak mendean hartzea bihurtu zen norgehiagoka geopolitikoen afera nagusia eta lehentasun handiena, eta, hain zuzen, hori agerian utzi zuten lehen pasarte argiak Alcaçovas-Toledoko (1479-80) eta Tordesillasko itunen sinadura izan ziren. Portugalek eta Gaztelak urrearen eta espezien ibilbideak berenganatzeko Atlantikoan zituzten auzien testuinguruan kokatu behar dira bi itun horiek.
Cantinoren planisferioa (1502); mapan agerian geratzen da Tordesillasen marraztutako meridianoa (1494)
Lehen itunaren arabera, hitz gutxitan esanda, Portugalek amore eman zuen Penintsulako lurralde-helburuetan, Gaztelak Atlantikoan zituenetan amore ematearen truke. Gaztelak Kanarietako jabetzari soilik eutsi zion, eta, hala, paralelo bat (28º I) ezarri zuten muga gisa; paralelo horretatik aurrera, Portugalek zuen itsasoez eta lurrez jabetzeko eskubidea. Hitzarmen haiek guztiek Aita Santuaren bulda jaso zuten; bedeinkapen haien baldintza bakarra herri desleialak ebanjelizatzea zen.
Baina egoera goitik behera aldatu zen Kolonen bidaiaren ondoren eta mendebaldeko bideari jarraituz espezien lurraldera irits zitekeela egiaztatu ondoren. Hori arautzeko adostu zuten Tordesillasko Ituna; horretan, paraleloaren ordez meridiano bat ezarri zuten (Azoreak uharteditik 370 legoa mendebaldera). Esanguratsua izan zen aldaketa. Nekez aurkitu liteke Atlantikoa hartzen hasi zen garrantzi izugarriaren adierazle hoberik, I-H logikatik E-M logikara igarotzea baino. Era berean, akordioaren aurretik eta ondoren Aita Santuaren bulden bedeinkapena jaso zuen Tordesillasko Itunak ere.
Jakina da Itunaren eskutik nola geratu zen Amerikaren banaketa, Brasilgo lurraldeak portugaldarren esku utzita, eta meridianoaren antipodetako trazatuak zer zalantza sortu zituen (1529ko Zaragozako Itunean ebatzi ziren duda horiek). Alabaina, ezinbestean ekarri behar dugu hona Europako gainerako potentziek ez zutela gogo onez hartu eta ez zutela onartu Gaztelak eta Portugalek ezaguna zen eta ezagutzeko zegoen mundua banatzeko modua. Hain zuzen, hasiera-hasieratik arbuiatu zuten Ituna eta haren indarraldi ofiziala ezerezean geratu zen Cateau-Cambresisko Bakearen (1559) ondoren. Kristandadea behin betiko banandu zenean eta potentzia haiek ulertu zutenean eragin politikoa lortzekotan lehorrean ez ezik itsasoan ere nor baino nor jardun behar zutela, orduan abiatu zen itsas potentzia handien aroa. Hainbat mailatan lehiatu ziren potentziak, eta liskarrak alderdi ugari izan zituen, hasi eztabaida teorikotik, eta gatazka irekira artekoak.
Los Abrojos edo Pernambucoko itsas gudua (1631). Margolan anonimoa (c. 1632)
Norenak dira itsasoak?
Tordesillasko Itunean paralelo baten ordez meridiano bat trazatu zutenean, “marka" bat (mugalde lauso bat, eta, zehazkiago, hartu-eman, bizikidetza eta trukerako eremu bat) ere ordeztu zuen, eta haren lekuan muga garbi bat ezarri, muga-lerro bat. Bistan denez, kontinentean ezartzen ari ziren lehorreko mugak zedarritzeko prozesu paraleloa izan zen hura. Agerikoa zen, beraz, zer zen jokoan zegoena: itsasoaz eta haietan egiten ziren jarduerez jabetzeko eskubidea, hain zuzen (Serna, 2017).
Horrek guztiak berekin ekarri zuen eztabaida teoriko bat, ozeanoak mare liberum izan behar zuela defendatzen zutenen eta mare clausum izan behar zuela hobesten zutenen artean. Lehenek eskubide naturala hartzen zuten oinarritzat, eta, zehazki, ius communicationis delakoa, gizaki orok beste batekin komunikatzeko duen eskubidea, inork galarazi ezin zezakeena. Hala, Francisco de Vitoriak zera adierazi zuen indiarrei buruzko 1538-39ko bere lehen Relectio de indis delakoan: “eskubide naturalez guztionak dira ur-lasterrak eta itsasoa… eta, beraz, inork ezin du debekatu haien erabilera” (1998: 131). Hugo Grocio legelariak, asmo politiko askoz agerikoagoekin, Mare Liberum (1609) lanean garatu zuen proposamen hori, eta berretsi zuen beharrezkoa zela itsaso ozeanikoa guztion eremu libretzat hartzea. Beste batzuen iritziz, ordea, eremu hori ez zen guztiona, res nullius baizik; hau da, populatu gabeko edozein lurren antzekoa, eta, beraz, hura okupatzen zuenak bere egin zezakeen. Tordesillasko Itunean modu inplizituan jasotzen zen hori. Freitas portugaldarra eta Selden ingelesa –Mare clausum lan entzutetsuan (1635)– izan ziren jarrera horren defendatzaile entzutetsuenak; bi-biek aldarrikatzen zuten botere politikoek autoritatea zutela itsasoen gain beren jurisdikzioa ezartzeko.
Eztabaida teorikotik harago, ordea, potentzia handiek itsaso horiek menderatzeko lehiari ekin zioten bete-betean. Hala, mugimendu biziko garaia zabaldu zen itsasoan: aurrerapen handiak egin ziren ontzigintzan; izugarri garatu ziren orduko monarkia eta errepubliken zerbitzura zeuden itsas armadak; handitu egin zen Europaren, Asiaren eta Amerikaren arteko itsas merkataritza; liskarrak sortu ziren, ozeanoetako itsasbide handiak kontrolpean nork hartuko; itsaslapurretek eta pirateriak oztopatu egiten zuten urrea, zilarra edo espeziak Europara iristea; itsas gudu handiak gertatu ziren (Lepanto, Pernambuco, Las Dunas, Garaitezina….). Garai hartan jada indarrean zen pentsaera ozeanikoa, itsasoa zen auzi globalen euskarria (Sloterdijk, 2007: 62), eta ikuskera horrek indarrean jarraitu zuen “nabigatzeko” beste modu batzuk zerumugan agertu ziren arte.
Epilogoa
Ozeanoari buruzko gogoeta hauen hasieran azaldu dugu Magallaes-Elkanoren espedizioa iraganaren eta geroaren arteko mugarria izan zela ozeanoari buruzko ikuskerei zegokienez. Bidezkoagoa da zehaztea, ordea, mugarri izandako garai oso baten gailurra izan zela espedizio hori –Kolonen, Vasco da Gamaren eta Urdanetaren bidaiekin batera–. Aro hura XV. mendeko espedizio portugaldarrekin abiatu zen, eta Urdanetaren 1568ko itzulerako bidaiarekin bukatu. Denbora-tarte bizi horretan, mendebaldeak ozeanoari eta nabigatzeari berari buruz zuen ikuskera goitik behera aldatu zen. Aurrez, eremu ezezagun, kanpoko, banatzaile eta arriskutsutzat hartzen zen ozeanoa (eremu ezaguna baino gehiago imajinatutakoa zen), eta bidaia haien bidez, ezagutu zitekeen eremutzat hartu zen hasiera batean, eta menderatu zitekeen eremutzat, gerora. Aurrerantzean, lurrak banantzen zituen espazioa beharrean lurrak elkarrekin lotzen zituen eremua bihurtu zen ozeanoa. Eta, horren ondorioz, geopolitika modernoaren epizentro bilakatu zen.
* Ozeanoa eta lehen globalizazioaren inguruko hausnarketa hauek Espainiako Gobernuaren Ekonomia eta Lehiakortasunerako Ministerioaren HAR2017-84226-C6-5-P "Los cambios de la modernidad y las resistencias al cambio. Luchas sociales, transformaciones culturales y conflictos. Siglos XV-XIX" ikerketa proiketuaren testuinguan egin dira, zein Deustuko Unibertsitatearen 'Euskal Ikerketak' ikellari taldearen jardueraren testuinguruan.
Aipatutako bibliografia
- Achón Insausti, J.A. (2019): “Relatos desenclavados, territorios conectados. La primera experiencia global y la construcción del discurso foral “, in Achón Insausti, J.A.; Imízcoz, J.M.: Discursos y contradiscursos en el proceso de la modernidad (siglos XVI-XIX). Madril: Sílex, 227.-290. or.
- Aragón, Álvaro (2019): La cartografía del siglo XVI, una herramienta política y estratégica, en (https://elkanofundazioa.eus/blog/la-cartografia-del-siglo-xvi-una-herramienta-politica-y-estrategica/). Azken kontsulta: 2020/04/10.
- Bennassar, B. (1985): La América española y la América portuguesa. Madril: Sarpe.
- Comellas, J.L. (2019): La primera vuelta al mundo. Madril: Rialp. 3. arg.
- Gruzinski, Serge (2010): Las cuatro partes del mundo. Historia de una mundialización. Mexiko: Fondo de Cultura Económica.
- Pigafetta, A. (1985): Primer viaje alrededor del mundo, arg.: Leoncio Cabrero, Madril: Historia16.
- Reche, Alberto (2016): De los peligros del mar: ballenas y navegantes despistados, in: http://www.studiahumanitatis.es/de-los-peligros-del-mar-ballenas-y-navegantes-despistados/. Azken kontsulta: 2020/04/10.
- Serna Vallejo, Margarita (2017): "El océano Atlántico: de marca o espacio fronterizo a 'territorio' dividido y sujeto a distintas jurisdicciones", in Truchuelo, S.; Reitano, E. (ed.): Las fronteras en el mundo atlántico (siglos XVI-XIX). La Plata: Universidad Nacional de La Plata. http://libros.fahce.unlp.edu.ar/index.php/libros/catalog/book/85
- Sloterdijk, Peter (2007): En el mundo interior del capital. Para una teoría filosófica de la globalización. Madril: Siruela.
- __________ (2018): “El mundo sincronizado. Aspectos filosóficos de la globalización”, in ¿Qué sucedió en el siglo XX? Madril: Siruela, 53.-62. or.
- Soler, Isabel (2003): El nudo y la esfera: el navegante como artífice del mundo moderno. Bartzelona: Acantilado.
- Truchuelo, S. (coord.) (2009): Andrés de Urdaneta: un hombre moderno. Ordizia: Ordiziako Udala.
- Urdaneta, A. de (1907): “Relación del viaje del comendador García de Loaisa a las islas de la Especería o Molucas en 1525 y sucesos acaecidos en ellas hasta el de 1535”, in Uncilla y Arroitajáuregui, F. de: Urdaneta y la conquista de Filipinas. Donostia: Probintziako inprenta, 317.-430. or.
- Vitoria, Francisco de (1998): Sobre el poder civil. Sobre los indios. Sobre el derecho de guerra. Arg.: Luis Frayle. Madril: Tecnos.
- Hainbat egile: (2007-2010): Cartografía, in: http://valdeperrillos.com/category/temas/cartograf. Azken kontsulta: 2020/04/10
- Elkanoren aipamena jasotzen duen agiria Sevillako Indietako Agiritegi Nagusian gordeta dago, eta esteka honetan kontsulta daiteke: https://www.mecd.gob.es/cultura/areas/archivos/mc/archivos/agi/destacados/documento-elcano.html
Sail honetako beste artikuloak:
Ozeanoa, Elkanoren aurretik eta ondoren (1/4): Erdi Aroko ozeanoa
Ozeanoa, Elkanoren aurretik eta ondoren (2/4): Mapamundiak eta bidaiak
Ozeanoa, Elkanoren aurretik eta ondoren (3/4): Lehen zirkumnabigazioaren eragina