Ondarroa eta Lekeitio munduaren inguruko lehen itzulian

Daniel Zulaika, Historian graduatua. Elkano 500 Fundazioa.
30 URR, 2019

Bermeok eta kostako beste hainbat herrik ez bezala, Lekeitiok eta Ondarroak Magallanes-Elkano espedizioari egindako ekarpena ez ziren eskifaia-kideak izan, bi nao ezin hobe baizik: Victoria eta Trinidad, espezien Moluka irletara iritsi ziren ontzi bakarrak. Eta gainera, Victoria ontziak munduari bira eman zion.

XVI. mende hasieran, Euskal Herriak ontzigintza arloko industria garrantzitsuenetakoa zuen eta itsasoz haraindi egindako espedizio gehienetan parte hartu zuen ontzi eta gizonekin. Testuinguru horretan, Lekeitiok eta Ondarroak garrantzi handia izan zuten, eta horren erakusgarri da Magallanes-Elkano espedizioan izan zuten parte-hartzea,  lurraren inguruko lehen itzulia burutu zuena hain zuzen.

Euskaldunek munduaren inguruko lehen itzuliari egindako ekarpenak hainbat interes puntu ditu, eta guztiak aletzen joango gara Elkano 500 Fundazioko blogean jartzen joango garen kolaborazioetan. Batetik nabigatzaileak ditugu, hogeita hamaika euskaldun guztira –hogeita bi bizkaitar eta bederatzi gipuzkoar-, eta horietatik sei itzuli ziren. Horietatik zazpi, Bermeotarrak hain zuzen, hobeto ezagutzen saiatu ginen, eta laster beste batzuei buruz dakiguna kontatuko dugu, besteak beste Pedro de Tolosa, Juan de Zubileta eta Juan de Arratia ezagutuko ditugu. Norbanakoaren garaipenen gainetik, eta Elkano kapitainari meriturik kendu gabe –buruzagi moderno baten ezaugarriak zituen gizona-, hiru urtetan zehar mundu ezezagunean egindako bidaia hura lan kolektiboa izan zen.

Baina Euskal Herriak ez zizkion marinelak bakarrik eman  espezietarako armada hari; euskaldunek antolaketan, horniketa-lanetan, ontzien prestaketan… parte hartu zuten, eta baita ontzien eraikuntzan ere, izan ere ontzidia osatzen zuten bost naoetatik hiru euskaldunak ziren, eta hiru urteko bidaia hartan izan zituzten arazo kontaezinei ondoen aurre egin zieten ontziak izan ziren, Victoria, Trinidad eta San Antonio hain juxtu.  

"Kortxeleko mamuk", Ondarruko Andra Mari elizan.

Ondarroa eta Victoria, munduaren inguruko itzuliko naoa

Eta horrenbestez, Ondarroak espedizioari egindako ekarpena izan zen Victoria ontzia, Elkanok munduaren inguruko lehen itzulia burutzeko erabili zuena. Erosi zen momentuan, Victoria ontziaren izena Santa Maria zen, eta Domingo de Apallua zen jabea;  ontziaren erosketa ezinbestean egin zen, bidaiaren antolatzaile Sevillako Kontratazio Etxeak ez baitzion beste aukerarik eman Domingo de Apalluari.  

Hainbat lanen arabera, Victoria eraikitzeko egurra (haritza, pinua, artea), kobrea, brontzea, beruna eta kalamuzko olana erabili ziren. Ez dugu inoiz ziurtasun osoarekin jakingo, baina  ontzigain nagusiaren luzera 21,4 m. izango litzatekela uste da; luzera osoa berriz, 25,9 m. eta gehienezko zabalera, 6,6 m. Batez beste 3-4 korapiloko (6-7 km/orduko) abiadura lortuko lukeela uste da. Espedizioko dokumentuetan erregistratua egoteagatik zehaztasun osoz ezagutzen dugu zer zama eraman zezakeen edo zenbateko tonajea zuen, 85 tona zehazki (102 tonaren baliokidea). Pisuari dagokionez, 190 tona izango lituzkela uste da, eta haize oihalek 286 metro karratuko azalera izango lukete. Zalantzarik ez dago nao solidoa zela, bestela ez zukeen lortuko mundu amaierara iritsi eta itzultzea.

1518an egin zen salerosketa, erosle eta saltzaileen arteko desadostasun giroan. Desakordio horien ondorioz, irailaren 17an, Domingo de Apallua ontzi-jabe ondarroarrak ahalorde-gutuna eman zion Pedro de Arismendy semeari, Sevillako eskribau Bernal Gonzales de Vallesilloren aurrean; gutun horretan Apalluak adierazi zuen Santa Maria naoa (gero Victoria deitua) bere borondatearen aurka saldu zela. Era berean, bere semeari ahalmena eman zion ontziaren balioari zegokion diru kopurua eskatzeko Kontratazio Etxeko ofizialei. Azkenik, eskribau beraren aurrean adierazi zuen bere ontzia bahitua izan zela Magallanesen armadarako 800 dukatengatik (300.000 marabedi, egungo 300.000 euro).

 

Ondarroa: vista del puerto, las Provincias Vascongadas. 185?. Grabatzailea: Lemercier, París. Kokalekua: Koldo Mitxelena Kulturunea.

Lekeitio eta Trinidad, ontzi-buruzagia

Munduaren inguruko lehen itzulia burutu zuen ontzia Ondarroakoa dela esan dugu, eta Trinidad ontzia, espedizioko ontzi-buruzagia, Lekeitiokoa zen –azken ontzi horretan itsasoratu zen Fernando de Magallanes portugaldarra. Victoria ontziarekin batera, espezien jatorriko Moluka uharteetara iritsi zen ontzi bakarra izan zen. Lekeitiokoak ziren, baita ere, espedizioarekin harreman estua izan zuten bi pertsona: Nicolas de Artieta, Trinidad ontziko jabea (artean Santa Catalina de Siena zenean) eta espedizioa hornitzeko arduradunetako bat; bestea Domingo de Barrutia marinela zen, Sevillan, Magallanesekin batera, Trinidad ontzi-buruzagian ontziratu zen euskaldun bakarra izan zen eta Brunein desagertu zen 1521ean.

Gerora Trinidad deitu zen Santa Catalina de Siena ontzia Victoria baino zerbait handiagoa zen, 110 upelekoa (132 tonaren baliokidea). Baina ontzi horregatik gutxiago ordaindu zen: 720 dukat (270.000 marabedi); diru hori Nicolas de Artietaren ordezkari Juan de Leguizamoni ordaindu zitzaion 1518ko urriaren 9an.

Ermita de Los Juanes, en Lekeitio.  1850. Egilea: Perez de Castro, Pedro. Kokalekua: Koldo Mitxelena Kulturunea.

Espezietarako armadari buruzko Sevillako Kontratazio Etxeko dokumentuengatik badakigu Artieta espedizioa hornitzeaz arduratu zela:  “porque algunas de las cosas contenidas en él (Memorial), pareciera que se hallarían mejores y a mejores precios en Vizcaya que en esa Andalucía, he mandado al capitán Nicolás de Artieta que las compre y provea en Vizcaya, y vos las envíe”. Artieta kapitaina Lekeitioko familia garrantzitsu bateko kidea zen; sendiak oso harreman onak zituen gortearekin, Gaztelako administrazioaren konfiantza zuen, eta horregatik Magallanes-Elkano ontzidiaren hornikuntzaz gain, Indietara bidali ziren beste ontzien hornikuntzaz ere arduratu zen.

Agindua jasotzean, Nicolas de Artieta Bilbora joan zen burdin forjatuzko produktuak erostera; zeregin horretan lagundu zion Duarte de Barbosak –Magallanes beraren koinatua eta eskifaia-kidea- eta baita Anton Cermeñok ere, Kontratazio Etxeko bolbora eskuztatzailea. Hainbat hilabetetan lan asko egin zuen: armak erosi zituen, bolbora, iltzeak, kainoi txikiak, bonbardak (kainoi handiak), baleztak, lantzak, geziak, armadurak eta espediziorako beste material batzuk, hala Bizkaian nola Gipuzkoan. Gastuei aurre egiteko 1.500 dukat (562.500 marabedi) jaso zituen. Magallanesen armadarako egindako gastuen zerrenda zehatzean ageri den lehen idazpena da eta Sevillako Indietako Artxibo Nagusian dago gordeta.

Armez gain, Artietak burdinazko beste produktu batzuk erosi zituen Euskal Herrian, besteak beste aingurak, arrantzan egiteko arpoiak, aitzur luzeak, mailutzarrak, palak, pikotxak, zerrak, argiontziak, aizkorak, gisatzeko galdarak, budina barra txikietan, era guztietako iltzeak, eta baita sutegi bat ere.


Domingo de Urrutia, ahaztuen artean  

Munduaren inguruko lehen itzulia burutu zuen espedizio hura ahalegin kolektibo baten emaitza izan zen, goragoko lerroetan esan bezala; espedizioan hainbat lagunek kargu eta zeregin garrantzitsuak izan zituzten, eta horiek izan dira historiaren “loria” eraman dutenak, baina balentria hartan parte hartu zuten baita ere – eta agian bereziki- kontakizunetan ia agertu ere egiten ez diren pertsonak. Ahanzturan erorietako bat da Domingo de Barrutia, espedizioko eskifaia-kidea izan zen lekeitiarra. 

Erregistroetan Domingo de Urrutia bezala ere ageri da; Juan de Barruti eta Ochada de Guruchearen semea zen. Sevillan Trinidad ontzi buruzagian itsasoratu zen euskaldun bakarra izan zen, Magallanesekin batera. Hileko 1.200 marabediko soldata zuen eta lau hilabete ordaindu zitzaizkion aldez aurretik. Ez dakigu askoz gehiago berari buruz, baina bai garaiko marinelen artean ohikoa ez zen datu bat: sinatzen zekien. San Juliango portuan (Patagonia hegoaldean) izandako matxinadari buruz 1520ko apirilaren 26an idatzitako informazioan bere sinadura ageri da, sinatu behar zuen aguazilak ez zekielako. 

Lekeitio, 1874. Grabatzailea: Manchón. Kokalekua: Koldo MItxelena Kulturunea.

Domingo de Barrutia 1521eko uztailaren 21ean hartu zuten preso Brunein, Elkanorekin lehorreratu eta gero, erregearekin akordioak lortzeko helburuarekin, baina inoiz gehiago ez zen bere berririk izan, eta orduz geroztik desagertutzat jo zen. Handik denbora batera egin zen kitapenean (datarik gabe) ageri da 23 hilabete eta 19 eguneko soldata zor zitzaiola, eta horrenbestez, 23.560 mrb ordaintzeke zeuden. Ondorengo hainbat epai agirik, 1529 eta 1540 artean, erakusten dute bere aita Juan Ibañez Barrutik erreklamazio bat aurkeztu zuela semeari sortutako soldatak kobratzeko. Jaso ote zuten diru hori? Erantzuna etorkizuneko ikerketek eman beharko lukete, baina jakinda itzuli zirenetik ia hogei urtera aitak auzitan jarraitzen zuela, ausartu gaitezke esatera oso litekeena dela Elkanoren oinordekoekin ere gauza bera gertatu izatea, izan ere, Felipe II.aren garaian, inoiz jaso ez zituzten ordainketak  eskatzen jarraitzen zuten.

 


Nicolas de Artietak Bilbon erositako armak