Magallanes – Elkano espedizioko Bermeoko zazpiak (2/2)

Daniel Zulaika, Historian graduatua. Elkano 500 Fundazioa.
10 UZT, 2019

Espezien uhartedirako espedizioan ontziratutako Bermeoko zazpi kideei eskainitako sarrera honen lehen zatian –espedizio hura Lurraren inguruko lehen itsas bira bihurtu zen eta zazpi haietako bik osatu zuten–, azaldu dugu Bermeoko taldea izan zela Juan Sebastian Elkanok espedizioan izandako laguntza nagusia, eta talde haren buruzagiari buruz –hau da, Juan Akuriori buruz– gaur egun dugun informazioa ere berrikusi dugu. Bada, gaur, Juan Agirre, Martin Insaurraga, Pedro Mugertegi, Pedro Txindarza, Anton Basozabal eta Pedro Sautuari buruz Indietako Agiritegi Nagusitik ateratako informazioari buruz arituko gara.

Irudian, Arrantzaleei Monumentia, Bermeo.

 

1519an, zazpi bermeotarrek osatutako talde bat munduaren mugetaraino abiatu behar zuen espedizio batean sartu zen, hain zuzen ere espezien uharteetarantz. Hainbat gorabehera zirela medio, espedizioaren norabidea aldatu egin zen, eta, horregatik, Victoria itsasontzi bizkaitarrak bira eman zion munduari. Bermeoko bi herritarrek itzultzea lortu zuten, historiako lehen mundu-bira eginda, baina herri txiki hark garesti ordaindu zuen balentria hura: zazpi herritar haietatik lau hil egin ziren, eta hiribilduan hiru alargun geratu ziren, senarrik gabe eta “muturreko pobrezian”. Juan de Acurio taldeko buruzagi eta Elkanoren laguntzaile nagusia  (Concepción naoan elkarrekin ontziratu zirenetik, hiru urte geroago Sanlúcar de Barramedara heldu ziren arte) ezagutu ondoren, gaionontzeko sei gizonen gora beherak ezagutuko ditugu jarraian.

Juan Agirre: Trinidad itsasontzian eskorbutoz hil zirenetako bat.

Juan Agirre delakoa Maria Otxoa Akurioren senarra zen; beraz, seguru asko, Juan Akurioren koinatua izango zen. Concepción itsasontzian ontziratu zen, marinel gisa, 1.200 marabediko soldatarekin. Beste batzuk bezala, Trinidad itsasontzira pasatu zen, bere ontzia erre zutenean. Juan Agirre eskorbutoz hil zen 1522ko urriaren 13an, itsasontzi hartako espediziokideek jasandako baldintza dramatikoetan: 1522an, ontzia Moluketako Tidore uhartean konpondu zuten –iltzea erosi zuten uhartean– eta, ondoren, ekialderantz, Panamarantz itzultzeko bidaiari ekin zion Trinidad ontziak 53 gizonekin. Era guztietako ekaitzak eta tifoiak jasan zituzten, bai eta eskorbuto-epidemia bat ere. Izurrite haren ondorioz, 32 espedizionario hil ziren, horien artean Juan Agirre bermeotarra.

Espediziotik itzuli ondoren egin zen soldata-likidazioan 29.240 marabediko zorra aitortu zitzaion haren emazteari, oinordeko gisa. Hala ere, Juan Akuriori buruz aritu garenean azaldu dugun bezala, 1534an, itzuli eta hamabi urte geroago, erregeari Agirre, Basozabal eta Domingo Yarzaren alargunei soldatak ordaintzeko eskatzen jarraitzen zuen Akuriok.

Martin Insaurraga (Matxin bizkaitarra): itsas bira amaitzeko zorian zegoela eskorbutoz hila

Martin Insaurraga, Martin Insaurragaren eta Maria Txindarzaren semea eta Maria Otxoa Artaetxeren senarra zen. Seguru asko, Pedro Txindarzaren lehengusua izango zen, hau da, espedizioan parte hartu zuen beste bermeotarretako batena. Matxin Bizkaitarra ere esaten zioten, ohikoa baitzen jatorriaren araberako ezizena jartzea. Itsasmutil gisa ontziratu zen Concepción itsasontzian, hilean 800 marabediko soldata jasotzearen truke. Itsasmutil gisa, honako lan hauek egiten zituen: mastetara igo, belak jaso eta jaitsi, bateletan arraun egin, salgaiak kargatu eta deskargatu… Concepción itsasontzitik Trinidadera pasatu zen, eta, pixka bat geroago, Moluka uharteetan, Victoria itsasontzira; han, berriro ere Juan Akuriorekin eta Juan Sebastian Elkanorekin aritu zen.

Hala ere, ezin izan zuen egiaztatu Lurra biribila dela: eskorbutoz hil zen Atlantikoaren erdian, 1522ko ekainaren 1ean, Victoria ontzia Sanlúcarrera iritsi baino hiru hilabete lehenago. Likidazioan, haren oinordekoei 61.926 marabediko zorra aitortu zitzaien (seguru asko, Maria Otxoa Artaetxe emazteari); horietatik 38.193 marabedi, kintaladei zegozkienak.

Pedro Mugertegi (Bermeoko Peru): bat-batean hil eta Moluka uharteetara iritsi ez zen itsasmutila

Pedro Mugertegi, Bermeoko Peru izenaz ere ezaguna zena, Martin Morterusa eta Maria Mugertegi Bermeoko herritarren semea zen. Itsasmutil gisa ontziratu zen Concepción ontzian. Itsasmutil guztiek bezala, hilean 800 marabediko soldata zuen, eta lau hilabeteko soldata kobratu zuen aurreratuta. Indietako Agiritegi Nagusian jasota dago bat-batean hil zela 1521eko irailaren 16an, Itsaso Barean, Moluka uharteetara –hau da, espezien uharteetara– iritsi baino lehen. Likidazioan, 16.956 marabediko zorra aitortu zitzaien haren oinordekoei –logikaz, gurasoak izango ziren, ezkongabea baitzen–.

Pedro Txindarza: munduari bira eman zion txoa.

Pedro Txindarza, Pedro Txindarzaren eta Maria Sanchezen semea, Magallanes – Elkano espedizioko kide gazteenetako bat zen –15 urterekin ontziratu zen–, eta Bermeoko zazpien artean, Lurrari bira eman zioten bi kideetako bat. Concepción ontziko morroi edo txo gisa, 500 marabediko soldata zuen, eta lanik arruntenak egiten zituen: janariak banatu, otorduen ondoren mahaia jaso, ordu erdiro hareazko erlojuei bira eman, erratza pasatu…

Pedro Txindarza Lurrari bira eman zion beste bizkaitar baten adin eta lanbide berekoa zen: Barakaldoko Juan Zubiletaren adin eta lanbide berekoa, alegia –blog honetako beste sarrera batean arduratuko gara horretaz–.Txindarza 1521ean pasatu zen Victoria ontzira, berea erre zutenean. Moluka uharteetan, gainera, itsasmutil kargura igo zuten. Cabo Verden portugaldarrek preso hartu zuten, baina aske utzi zuten hilabete batzuk geroago –Elkanoren bitartekotzari esker, Karlos I.ari eskatu baitzion hura askatzen ahalegintzeko–, eta orduan Sevillara itzuli zen. 39.364 marabedi jaso zituen; horietatik 22.286, kintaladei zegozkienak.

Anton Basozabal: arrastoa Moluka uharteetan galdu zitzaion istinkaria.

Anton Basozabal Madalena Markaidaren senarra zen. 1519ko uztailean hasi zen ontzidiaren prestaketa-lanetan eta istinkari gisa ontziratu zen Concepción itsasontzian: itsasontziak iragazgaiztearen arduraduna zen. Lan horren truke 1.875 marabediko soldata jasotzen zuen hilean. Baina espedizioan zehar Trinidad ontziko kontramaisu kargura igo zen. Maila-igoera garrantzitsua izan zen, dudarik gabe; izan ere, 1520ko irail inguruan, Magallanes oraindik bizi zela, aginte-ahalmen handia eta kapitain jeneralaren konfiantza beharko ziren, itsasontzi nagusiko kontramaisu bihurtzeko.

Portugaldarrek preso hartu zuten Moluka uharteetan. 1523ko otsailaren 28an, bizirik zeuden presoak aske utzi eta Banda uhartera bidali zituzten, baina ez zen gauza bera gertatu Basozabalekin, portugaldarrek haren zerbitzuak behar zituztela esan baitzuten. Eta han galdu zen haren arrastoa.

Soldataren likidazioan 45.687 marabediko zorra aitortu zioten. Indietako Kontseiluak aginduta, Madalena Markaida emazteak 20.000 marabedi jaso behar zituen. Lehen ikusi dugun bezala, 1534an, Akuriok zenbateko hori Basozabalen alargunari ordaintzeko eskatzen jarraitzen zuen.

Pedro Sautua: itsasartea zeharkatu ez zuen eta alargunik utzi ez zuen arotza

Pedro Sautua, Maria Perezekin ezkondua, Bermeoko zazpietatik Concepción itsasontzian ontziratu ez zen bakarra izan zen. Haren ontzia San Antonio zen, eta bera zen itsasontziko arotza, itsasontziaren konponketak egiten zituena. Beste gauza batzuen artean, ur-zirritu bat ixten edo lema bat egiten jakin behar zuen. 1.875 marabediko soldata zuen.  Badakigu Sevillan batu zela Magallanes – Elkano espediziora, han itsasontziak prestatzen ari zirela; izan ere, “Magallanesen armadarako egindako gastuen zerrenda xehatuan” jasota dagoenez, 1519ko uztailaren 26an, egun eta erdiko lanagatik haren izenean ordainketa bat ageri da. Pedro Sautua San Antonio ontzian itzuli zen Sevillara. Esteban Gomezek, itsasontziko kapitainak, 1520ko azaroan espedizioa uztea erabaki zuen, Magallanesekin bat ez zetorrelako. Sevillara iritsi zirenean, Kontratazio Etxeko ofizialek tripulazioko kideei alde egiteko esan zieten, soldatarik ordaindu gabe. Hala, “bizimodua ateratzeko bidea hartuz” amaitu zen abentura San Antonio ontziko gizonentzat. Ez zioten bira eman munduari, baina bizia salbatu zuten. Sautua izan zen alargunik utzi ez zuen Bermeoko gizon ezkondu bakarra.

 

Honaino, Magallanes – Elkano espedizioko Bermeoko zazpiei buruz gaur egun ezagutzen ditugun datuak. Bermeoko Galerna Taldea elkartea bere herritarrei buruzko ikerketa-proiektu batean murgildu da, eta hainbat dibulgazio-proiektu ari da prestatzen 2019-2022 aldirako. Espero dugu lan honek emaitza operaroa ematea, eta bestela ere gerora egiten diren ikerketek berri gehiago ekartzea bai bermeotarrek espedizioan izandako parte-hartzeari buruz, bai munduko lehen biraren aurretik eta ondoren izan zuten bizimoduari buruz.