Bermeo izan zen Magallanes – Elkano espediziorako partaide gehien eman zuen Euskal Herriko herria. Zazpi bermeotar ontziratu ziren, gehienak itsasgizonak, baina baita arotz bat eta istinkari edo bikeztatzaile bat ere. Horietatik sei Concepción itsasontzian ontziratu ziren, Juan Sebastian Elkano kapitainaren aginduetara. Lau hil egin ziren, beste bat San Antonio itsasontzian itzuli zen, eta gainerako biek –Juan Akurio kontramaisuak eta Pedro Txindarza morroi edo txoak– munduari bira eman zioten.
Magallanes eta Elkano. Elkano eta Magallanes. Bi izenak Historian sartu dira, eta –arrakasta handiagoz edo txikiagoz– munduaren lehen biraren inguruko imajinario kolektiboan ezartzea lortu dute. Horrez gainera, lorpen kolektibo horretan, Bizkaiko hiribildu batek zazpi gizonen ekarpena egin zuen: Bermeok, hain zuzen ere. Oso ekarpen handia, herriaren tamaina kontuan hartuta.
Eta bermeotar haiek izan ziren Juan Sebastian Elkanok Concepción itsasontzian baliatu zituen laguntzaile nagusiak. Batez ere Juan Akurio kontramaisua. Elkarrekin ibili ziren Sevillan prestaketa-lanetan, elkarrekin abiatu ziren, eta elkarrekin itzuli Victoria itsasontzian. Beste bermeotar bat, Pedro Txindarza morroi edo txoa ere itzuli zen, baina hainbat hilabete geroago. Cabo Verdetik iritsi zen; hain zuzen ere, han, portugaldarrek 13 gizon hartu zituzten preso itzulerako bidaian.
Zazpi bermeotarrak 1519ko irailaren 20an abiatu ziren Sanlúcartik, gerora Espezien uhartedirako espedizioa deituriko hartan, Moluka uharteetara mendebaldetik iristeko asmoz (ez munduari bira emateko asmoz), eta, beraz, haien artean denetik zegoen: kontramaisu bat, marinel bat, bi itsasmutil, morroi edo txo bat, arotz bat eta istinkari bat.
Vista de Bermeo, 1783. Egilea: Luis Paret y Alcázar (Madrid, 1746-1799). Bilboko Arte Ederren Museoa
Haietako sei Concepción itsasontzian ontziratu ziren, Elkano kapitain zutela: Akurio eta Txindarza (lehen aipatuak), Anton Basozabal, Juan Agirre, Martin Insaurraga eta Pedro Mugertegi. Zazpigarrena, Pedro Sautua, San Antonio itsasontzian ontziratu zen –itsasontzi horrek, gerora Magallanes itsasartea deituko zitzaiona zeharkatu baino lehen bira egin, eta 1521ean Sevillara itzuli zen–. Seguru asko, Sautua ezin izan zen bere herrikideekin ontziratu Concepción itsasontzian, horrek bazuelako bere arotza: Domingo Yarza, Debakoa.
Batez ere Sevillako Indietako Agiritegi Nagusiari esker dakizkigu haien izenak, eta zer itsasontzitan ontziratu ziren, zer lanbide zituzten, eta espedizio ikaragarri hartatik itzuli ziren ala ez. Zenbait kasutan, gurasoen edo emazteen izenak ere badakizkigu. Haien soldaten berri ere badugu, bai eta itzultzean aitortu eta egin zitzaizkien likidazioen berri ere. Espedizioan zein hil ziren ere badakigu –lau hil ziren, eta Bermeon alargun utzi zituzten Maria Otxoa Akurio, Maria Otxoa Artaetxe eta Madalena Markaida–.
Juan Akurio, Elkanorekin munduari bira eman zion buruzagia
Magallanes – Elkano espedizioan ontziratu zen Bermeoko taldearen alderdirik aipagarriena haien arteko harremanen sendotasuna da. Bat eginda zeuden. Senitarteko loturak, konfiantzazkoak eta, nola ez, herritarren artekoak zituzten. Juan Akurio zuten buru; hark, Elkanoren onespenarekin, ontziratzera animatu eta kontratatu egin zituen. Hura ingurune gogorra ez ezik, aurkakoa ere bazen, eta denek sentitzen zuten elkar babesteko premia. Eta Elkanok gizon leialez inguratzeko premia zuen.
Juan Akurio, Elkanorekin Concepción itsasontzian joandako kontramaisua, Bermeoko herritarren semea zen: Juan Pérez Akurio eta Marina Berriz-ena, hain zuen. Sevillan eman zion hasiera bere jarduerari, 1519ko martxoan Concepción itsasontziko marinel-kontramaisu gisa ontzidia prestatzen hasi baitzen. Lan haren truke 565 marabedi jaso zituen hamabost egunetan (marabedi batek egungo euro batek baino zerbait gehiago balio zuen). Espedizioko kontramaisu izateagatik, hilean 2.000 marabediko soldata zuen. Lau hilabeteko aurrerakina jaso zuen.
25 urte baino zerbait gehiagorekin ontziratu zen. Bazekien irakurtzen eta idazten, bere karguari zegokion moduan. 1521eko maiatzean, Cebun (Filipinak), garai hartan geratzen ziren hiru itsasontziak maneiatzeko nahikoa gizon ez zegoela-eta Concepción itsasontzia erretzea erabaki zutenean, Victoria itsasontziko kontramaisu bihurtu zen eta itsasontzi horretan amaitu zuen bere lehen itsas bira. Elkanok eta Akuriok harreman estua izan zuten Sevillan espedizioa prestatzen hasi zirenetik. Izan ere, abiatu baino lehen, beren ondasunen gaineko ahalordeak eman zizkioten elkarri.
Munduari bira eman eta Sevillara iritsi zenean, Akuriok aitortu zuen iltze izeneko espezie bat zeukala; zehazki, 2 arroa eta 5 librako (25,3 kg) zaku txiki bat. Haren balioa 9.158 marabedikoa izango zen. Valladolidera iritsi zenean erregeak harrera egin zion. Soldataren likidazioan jasota geratu zen 231.223 marabedi jaso zituela: 65.848 marabedi, soldatarenak, eta beste 165.375, kintaladenak, hau da, espedizioko kideei emandako gainsariari zegozkionak.
1524an, Badajozko Junta bildu zen Moluka uharteak Portugalenak ala Espainiarenak ziren ebazteko. Akuriok adierazpen luzea egin zuen Moluka uharteetako erregeen eta Elkano eta Espinosa espedizioko kapitainen arteko akordioei buruz. Hainbat urte geroago –1534an–, bidaian hildako beste euskal marinel batzuen alde ere jardun zuen, hala nola Juan Agirre, Anton Basozabal eta Domingo Yarzaren izenean, haien alargunei soldatak ordain ziezazkietela eskatzeko, alargunak “pobrezia handian” bizi baitziren. Gaur egun aurkitutako informazioarekin, ez dakigu lortu zuen ala ez.
Laster argitaratuko dugun sarrera honen bigarren zatian, Magallanes – Elkanoren espedizioan Juan Akurioren eskutik ontziratu ziren gainerako bermeotarrei buruz dakizkigun datuak xehatuko ditugu: Juan Agirre, Martin Insaurraga, Pedro Mugertegi, Pedro Txindarza, Anton Basozabal eta Pedro Sautuarenak, alegia.