Magallaes/Elkano armadako maisuak

Alberto Rodríguez, Industri ingeniaria, Nabigazio goi mailako teknikaria eta Alturako patroia.
23 API, 2021

Eskifaiako kideen artean euskaldun asko zegoen. Garrantzi handiko izen bat ageri da tartean: "Juan Sebastian Elkano, Concepción itsasontziko maisua". Maisuak itsasontzi barruan zer eginkizun eta zer erantzukizun zituen aztertuko dugu. Eta Martin deCasanova donostiarrari maisu bihurtzeko Kontratazio Etxean egindako azterketen prozesua ere bai.

Hasieran esan dugun bezala, euskaldunen parte hartzea aski handia izan zen (% 15 ingurukoa) espezien lurraldearen bila joandako bost ontzietako eskifaian, eta, haien artean euskal jatorriko piloturik aurkitu ez dugun arren, Concepción eta San Antonio itsasontzietan Juan Sebastian Elkano eta Juan Elorriaga aritu ziren maisu, Getariakoa lehena, eta “Gipuzkoakoa” bigarrena.

 Baina, zer ziren maisuak? Zer eginkizun zuten ontzian? Zer maila zuten? Zer ezagutza nautiko zituzten?

Batzuetan, maisuaren balioa gutxietsi egin nahi izan da. Gogora dezagun Cánovas del Castillok Elkanori buruz botatako zoritxarreko esaldi hura: “…maisu xumea, zientzialaria baino gehiago praktikoa, eta kapitain baino lehenago abenturazale…”

Diego García de Palacioren obrara joko dugu orain, hauxe baitio 1587an argitaratutako “Instrucción Nauthica” lanean: “...itsasontzian lehena, Kapitaina, eta gero Maisua, Pilotua, Kontramaisua…”

maisuek ere pilotuen antzeko nabigazio-ezagutzak izan behar zituztela, behar izanez gero haien erreleboa hartu ahal izateko

 

Eta hauxe dio gero:

 “Bigarrena Maisua da... jakin behar du salgaiak ongi ontziratzen, eta zamaketak antolatzen eta gauza bakoitza bere lekuan jar dadin agintzen... eta jakin eta ulertu behar du ontziak behar duen guztia hala ainguratuta dagoenean nola nabigatzen ari denean... eta aurrean egon behar du deskargatzean... eta ontzian zer gauza behar diren jakin eta erosi behar ditu... gainera, marinel ona izan behar du eta, erabili izanaz eta jakintzaz, alturako gaiei buruz jakin, zernahi ondo egin dezan, bere lanbideari dagokiona egiteko aholku beharrik izan gabe…”

Nabarmenduta ageri dena geuk nabarmendu dugu, azpimarratu nahi baitugu maisuek ere pilotuen antzeko nabigazio-ezagutzak izan behar zituztela, behar izanez gero haien erreleboa hartu ahal izateko, kontuan izanik kapitainek ez zituztela beti gaitasun horiek izaten, askotan beste arrazoi batzuen arabera aukeratzen baitzituzten.

Hemen aipatu beharra dugu bi nabigazio-liburu zeudela Elkanoren gauzen artean, urte batzuk geroago Andres de San Martini testamentuan utzi zizkionak:
    •    Almanaka izeneko liburu bat, latinez. (Segur aski “Almanach perpetuum”)
    •    Gainera, astrologiari buruzko beste liburu bat. (Astronomia)

Amaitzeko, Escalante de Mendozak bere Itinerario de navegación (1575) liburuan jasotako hitzak aipatuko ditugu, maisua zer ezaugarrik definitzen zuten laburbiltzeko: “gizon ona, kristau ona eta marinel trebea izan behar du”.

Lanpostu bakoitzaren ordainsari ekonomikoari buruzko datua ere adierazgarria izan daiteke. Maisuek 3.000 marabedi kobratzen zituzten hilean, eta pilotuek, berriz, 2.500.

Maisuen eta pilotuen itsas prestakuntza, tradizioz, esperientzian oinarritutako prestakuntza autodidakta zen. Hala ere, ozeanoetako nabigazioak eta Indietako Bideak garrantzia hartzearekin, XVI. mendean zenbait urrats egin ziren lanbidea bera eta lanbide horren ezagutza-maila arautzeko.

Kontratazio Etxeko Pilotu Nagusia izendatzea eta Pilotatze Azterketak ezartzea izan zen egoera normalizatzeko lehen ahalegina. Sevillako Indietako Agiritegi Nagusian dagoen dokumentazioaren arabera, 1580 eta 1600 artean azterketa egin zutenen zerrendan hogeita hamar euskaldun baino gehiago ageri dira, maisuen eta pilotuen artean (azken horiek gehiago).

Maisuen eta pilotuen itsas prestakuntza, tradizioz, esperientzian oinarritutako prestakuntza autodidakta zen (...) XVI. mendean zenbait urrats egin ziren lanbidea  arautzeko

Martin de Casanovaren kasu zehatzean oinarrituta azalduko dugu prozesua. “Donostiako hiribilduan jaioa zen, Juan Bono de Casanovaren eta Ines de Galarragaren semea, eta Espainia Berrirako, Santo Domingorako eta Habanarako maisu izateko azterketa egin zuen.”

1591ko irailaren 8an aurkeztu zen Rodrigo Zamorano Kontratazio Etxeko pilotu nagusiaren aurrean. “Eta eskatzen diren eta erregeak agintzen dituen gainerako ezaugarri guztiak biltzen dituenez… onartua izan dadin Espainia Berrirako Maisu azterketa egiteko eta kosmografiari eta nabigazio-mapei buruzko ikasgaiak entzun ahal izateko”.
 
Pertsona batek, azterketarako onartua izateko, egiaztatu behar zuen hogeita lau urte beteak zituela, “erresuma hauetakoa” zela, kristau zaharra zela, ardorik ez zuela edaten, ez zuela Jainkoaz gaizki esaten, sei urtez Indietara nabigatzen ibilia zela eta zin egin ziotela ontzia emango zitzaiola hartan maisu joateko, eta bi hilabetez kosmografia eskoletara joana zela.
Irailaren amaieran hasi ziren testigantza ematen proposatutako zazpi lekukoak –haien artean, San Juan de Lisardi, hura ere Donostiakoa–, “Ondorengo galderen bidez azter zitezen Martin de Casanovak aurkeztutako lekukoak”:

1. Orokorrak eta ea ezagutzen duten…
2 . Bigarrena, ea badakiten Gaztelako Erresumetan jaioa den, ohitura onekoa den, ez zalapartaria, ez biraogilea, ez jokalaria eta ea ez dagoen lapurretak egin izanaren zantzurik…
3. Hirugarrena, ea badakiten sei urtez nabigatu duen Espainia Berriko probintziara, harako maisu azterketa egingo baitu, eta ea maisu-lanetan aritzeko ontzia haren eskuetan utziko luketen. Eta ea itsasoan ikusi duten eguzkiaren eta izarren altuera hartzen, eta nabigazio-mapan puntua ezartzen.
4. Laugarrena, ea entzun dituen etxe honetan kosmografiari buruz eta nabigazio-arteari buruz erregearen aginduz ematen diren eskolak bi hilabetez jarraian.
5. Bosgarrena, ea kristau berria den, mairu edo judu izatetik bihurtua, edo halakoren baten semea edo biloba, edo Inkisizioaren Ofizio Santuak adiskidetutakoren batena, eta ea San Benitorik izan zuen, hereje izateagatik erretako edo kondenatutako baten semea edo biloba izateagatik.


 
Aurreko testigantzak onartu ondoren, epaimahaia eratu zen.

Horretarako, Kontratazio Etxeko atezainak mandatua bidali zien Sevillan bizi ziren pilotuei, adierazitako egunean agertu zitezen, eta lau errealeko isuna jarriko zitzaien bestela.

Azterketak jaiegunetan izaten ziren, bertara deitutako pilotuen jardueretan eragozpenik ez sortzeko.

Azaroaren 10ean, igandearekin, 14 pilotu agertu ziren guztira, eta epaimahaia osatu zen Entzutegi Aretoan.

Pilotu nagusiak nahi adina galdera egin zitzakeen, eta pilotuek, berriz, hiruna galdera, baina zin egin behar zuten “berek zekizkiten zailenak izango zirela”.

Kalifikazioa emateko, kutxa bat zegoen, eta hartan, epaimahaikide bakoitzak baba bat sartzen zuen gaindituz gero, edo altramuz bat bestela. Hori bai, epaia inpartzialtasunez eman behar zen, azterketariarekiko “gorrotorik eta zaletasunik gabe”.

Martin de Casanovak 15 baba lortu zituen, “onarpen botoak zirenak”. Hau da, boto guztiak aldekoak izan zituen.
 
“…Eta etxeko ordenantzetan jasota dauden gainerako gauza eta baldintza guztiak zorrozki aztertu ondoren, Martin de Casanova guztiek onartu zuten eta inork ez gaitzetsi, eta Pilotu Nagusiak ikusi ondoren, guztien aurrean eman zion Espainia Berrirako, Santo Domingorako eta Habanarako maisu-maila…”.
Eta Etxe honetako ordenantzen arabera maisu gisa bete behar dituen gauza guztien berri izan ondoren, zin egin zuen nabigazio-mapa ez ziela ez salduko, ez emango, ez eta besterenduko ere Gaztelako erresumetatik eta jaurerrietatik kanpoko atzerritarrei …
Sevillan, Kontratazio Etxean, igandez, 1591ko azaroaren hamarrean.
 

Informazio osagarria: Examen de piloto de Martín de Casanova