XVI. mendean gizaldi batzuk lehenago Italiako iparraldeko hiri batzuetan sortua zen sistema ekonomiko kapitalista Europan zehar garatzen hasten da. Garai zeharo interesgarria, duela bost mende zabaldu zen egitura ekonomiko hura, oraindik oso aldaketa gutxiekin dirau eta. Antzekotasun bat eginez, XVI. mendea egungo sistema kapitalistaren egitura ekonomiko eta sozialaren Big Bang-a, jaiotunea, izan zela esan genezake.
Gure marinel famatuaren garaian zegoen jarduera ekonomikoa aztertzerakoan, ezinbestez Europan XVI. mendean eman zen egoera ekonomiko eta sozial berezian barneratu beharko genuke. Horrela diote behintzat autore batek baino gehiagok, tartean Karl Marx bera, mende horretan kapitalismoa Europa osoan hedatzen baita sistema ekonomiko berri bezala. Italiako iparraldeko hirietan aurreko mendeetan sortutako egitura ekonomiko berritzailea munduan zehar zabaltzen da garai horretan, maila transnazional eta transozeanikoan lan egiten zuten konpainiak eraikiz. Europearrek Amerikaren berri jakiteak bi kontinente arteko merkataritza sortu zuen, denborarekin oso trinkoa bihurtuko zena, ekonomiaren lehenengo globalizazioa sortuz. Dena den, esan beharra dago kontinente berrian aurkitutako baliabideen ustiapena ez zela gutxienez 1535 arte gauzatu, orduan hasten baitira Europara modu erregular batean iristen. Era berean, Europa-Amerika norabidean, merkataritza ez da ere data hori baino lehen ematen; orduan hasten baita lur berrien kolonizazioa eta, ondorioz, honek sortzen zuen eskaera ere orduntxe sortzen da. Aldi berean, egia da Indietako flotaren hornikuntzak merkatu interesgarria suposatzen zuela, hainbat merkatarien bidez asetua, euskaldunak tartean, gero azalduko dugun bezala. Bestalde, Elkanoren bidaiak espezia preziatuen bila joateko ordu arte pentsaezinezko ibilbide berriak ahalbideratu zituen oso denbora epe labur batean. Gertaera guzti hauek, mende honetan eman zen merkataritza desio unibertsalaren barruan barneratu beharko genituzke eta baldintza guzti hauen baturak kapitalismoaren sorrera eragin zuen.
Italiako iparraldeko hirietan aurreko mendeetan sortutako egitura ekonomiko berritzailea munduan zehar zabaltzen da garai horretan, maila transnazional eta transozeanikoan lan egiten zuten konpainiak eraikiz
Nova Totius Americae Descriptio, de Frederick de Wit, Amsterdam, 1660.
Kapitalismoaren sorrera
XVI. mendea Aro Modernoaren hasiera datatzat hartzen da. Beharbada batek baino gehiagok pentsa dezake: ¿Orain dela 500 urte gertatu zena modernoa al da? Baietz esan beharko genuke, izan ere momentu horretan jendearen pentsamoldea aldatzen baita, oraingoaren oso antzeko jarrera bat azalduz eta, ondorioz, baita sistema ekonomikoa ere, aro berri bat sortuz eta, mendeetan egondako aldaketen gainetik oraindik ere mantentzen den antolaketa. Noski, onargarria izango litzateke pentsatzea ere lehendabizi sistema ekonomikoa aldatu zela eta horrek ekarri zuela mentalitate aldaketa.
Beraz, XVI. mendean oraingo ekonomiaren Big Bang-aren aurrean gaude, oraindik diraun eskema ekonomiko berria sortzen den unean. Oso garai interesgarria, zeren fisikoek unibertsoaren historiako lehenengo segundu zatietan gertatu zena ikertzen duten bezala hobeto uler ahal izateko; mende horretan gertatutakoaren azterketa ekonomikoa oso lagungarria suerta daiteke sistema kapitalistaren barne ezaugarriak sakonago ezagutzeko.
“Kapitalismoa” edo “enpresa multinazional” kontzeptuak, nahiz eta XIX. mendean landu eta gauzatu, berez, bost edo sei mende lehenago sortu ziren. Badakigu XIII. mendean, Italiako iparraldeko hainbat hirietan, gaur egungo antzeko esanahiarekin erabiltzen zirela eta Europako sistema ekonomiko nagusi bezala garatu zirela, kontutan izanik Europa garai hartan munduko ekonomiaren ardatza zela.
Florencia, Michel Wolgemut, Wilhelm Pleydenwurff ,1493.
Sombart-en iritziz Florentziak, XIII. eta XV. mendeen artean, hiri kapitalista baten ezaugarri ugari zituen, batez ere denbora edo dirua bezalako kontzeptuak goraipatzeari dagokionez. Horrela, normala zen lur sail baten jabeak beste pertsona bati lurra alokatzea, honek baratza landu eta barazkiak azokan sal zitzan. Guretzat gaur egun hain ohikoa iruditzen zaigun hau garai hartan soilik Italiako iparraldeko hiri batzuetan gertatzen ari zen. Europako beste lurraldeetan nekazariek lurra bere autokontsumorako lantzen zuten, zati bat bere jauntxoari emanez.
Sistema kapitalista merkataritza arloan zabaltzen hasten da, ondoren banka sortzeko eta gero produktuen ekoizpenean eta lehengaien eskuratzean barneratzeko, nekazaritza izanik hedapen honen azkeneko pausua. Era berean, esan beharra dago hasieran behintzat fenomeno urbano bat izan zela, hau da, hirietan eman zena, ondoren pixkanaka hirietatik kanpo ere zabaltzeko. Honen arrazoien artean, zenbait jarduera hobe garatzen zirela ziutateetatik kanpo; burdinolek, esaterako, hirietan ez zegoen ura eta minerala ezinbestekoa zuten burdina lortzeko.
Florentziak, XIII. eta XV. mendeen artean, hiri kapitalista baten ezaugarri ugari zituen, batez ere denbora edo dirua bezalako kontzeptuak goraipatzeari dagokionez
Sistema ekonomiko honen ezaugarri nagusienen artean aipatu beharra dago ez dagoela morala edo erlijiogatik baldintzatua, baizik eta protagonista berriak enpresari eta langileak izango direla. Estatuak enpresen interes indibidualak babestuko dituen legeak jaulkituko ditu, udalen edo gremioen interes kolektiboen gainetik. Honek ez du esan nahi Estatuak ekonomia antolatuko duenik, sinpleki merkatuan ematen diren eragiketei gutxienezko baldintza juridiko batzuk bermatuko diela baizik.
Sistema berri honetan oinarrizko ekoizpen unitatea enpresa izango da eta bere helburu nagusia mozkina lortzea izango da; sistema feudalean berriz, oinarrizko ekoizpen unitatea familia zen eta bere helburu nagusia ez zen mozkina lortzea, autokontsumoa baizik. Behar bada arrazoi honengatik sistema honen hasierako garaietan enpresa gehienak familiak ziren.
Ikus dezakegun bezala, kapitalismoak mentalitate aldaketa nabarmena suposatzen du, une honetatik aurrera pertsona askoren buruan nagusituko diren kontzeptuak hauek izango direlarik: dirua egitea, zortea, arrazionaltasuna, zuhurtzia, seguritatea, denbora aprobetxatzea, denbora urrea delako kontzeptua edo Jacob Fuggerrek negozioak uzteko aholkatzen zienei esaten zien bezala: “Dirua irabazten saiatzen naiz, ahal dudan bitartean”.
Ingurugiro sozialari dagokionez, esan beharra dago XV. mendearen erdialdetik XVI. mendearen bukaera arte Europako biztanleria nabarmenki handitzen dela eta honi garai hartan eman ziren uzta txarrak gehitzen badizkiogu, jende xumearengan goseteak eta pobrezi handia zabaltzea izan zen ondorioa.
Mirandaolako burdinola.
Garai hartako enpresari nagusien artean burnigintzarekin eta ontzigintzarekin zer ikusia zutenak nagusi dira
Zer gertatzen da Euskal Herrian garai hartan?
Europako mendebalde gehienean bezala, egitura kapitalista berria XVI. mendearen hasieran hedatzen da Euskal Herrian, kostaldean merkataritza nagusi izanik eta barnealdean berriz ekoizpen jarduerak. Dena den, garai honetan bi jarduera ekonomiko gailentzen ziren guztien gainetik gure artean: ontzigintza eta burnigintza.
Esan beharra dago ontzigintza, nahiz eta XVI. mendeko jarduera nagusienetarikoa izan, Euskal Herrian XI eta XII. mendez geroztik ematen dela, ondo merezitako nazioarteko ospea izanik. Burnigintzari dagokionean, Gipuzkoan, artisau txikiak enpresari ziren aldi berean eta herri txikietan kokatzen ziren, bere dirua bertan inbertituz; Bizkaian berriz, Bilboko merkatari handien kredituen menpe zeuden.
Ez da, beraz, kasualitatea garai hartako enpresari nagusien artean burnigintzarekin eta ontzigintzarekin zer ikusia zutenak aurkitzea, hala nola: burnigintzan Campiacelay, Lazarraga, Tobalina eta Larrinaga oñatiarrak. Idigoras oñatiarra auspogintzan edo jarduera anitzetan aritu zen, Andrés de Alzola (basoak, egurrarekin ikatza egiteko, burnia landu ahal izateko eta ontzigintza). Zerrenda honetan barnera ditzakegu baita ere Martín López de Isasiren osabak: Antonio, Martin, Francisco eta Cristobal.
BIBLIOGRAFÍA
ALBERDI, X.; RUANO ARAGON, A. (1998). “La construcción naval en el País Vasco durante la Edad Media” en Itsas Memoria, Revista de Estudios Maritimos Vascos.
Donostia-San Sebastian: Untzi Museoa-Museo Naval. p.18.
AZPIAZU ELORZA, J. A. (1999). Un mercader en el reino de Felipe II: El eibarrés Martín López de Isasi. Eibar: Ayuntamiento de Eibar.
AZPIAZU ELORZA, J. A. (1990). Sociedad y Vida Social Vasca en el S.XVI: Mercaderes Guipuzcoanos. Tomo II. Donostia. Edición Fondo Cultural Kutxa.
BRAUDEL, F. (1976). El Mediterráneo y el mundo mediterráneo en la época de Felipe II. Tomo II. Madrid: Ediciones Fondo Cultura Económica.
BRAUDEL, F. (1984). Civilización material, economía y capitalismo, siglos XV- XVIII. Tomo I: Las estructuras de lo cotidiano. Madrid: Alianza Editorial, S.A.
BRAUDEL, F. (1984). Civilización material, economía y capitalismo, siglos XV- XVIII. Tomo II: Los juegos del intercambio. Madrid: Alianza Editorial, S.A.
CARRIÓN ARREGUI, I. (1991). La siderurgia guipuzcoana en el siglo XVIII. Bilbao: UPV/EHU- Kutxa, pp. 203-252.
CASADO SOTO, J.L. (1996). “Aproximación al estado de la historia marítima del País Vasco sobre los primeros siglos de la Edad Moderna” en Itsas Memoria, San Sebastián: Museo Naval, pp. 29, 31, 33, 37 y 39.
ELLIOT, J.H. (2002). La Europa Dividida (1559-1598). Barcelona: Editorial Crítica S.L.
ODRIOZOLA, L. (1996). Construcción naval en el País Vasco, siglos XVI-XIX. Evolución y análisis comparativo. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia-Puerto de Pasajes. Beca Anjel Apraiz.
VALDALISO, J.M. y LÓPEZ, S. (2007). Historia económica de la empresa. Barcelona: Edit. Crítica, S.L. pp. 7, 10, 13, 25, 40, 52, 105,106, 122, 124 y 130.