Juan Zubileta, munduari lehen bira eman zion barakaldar gaztetxoa

Daniel Zulaika, Historian graduatua. Elkano 500 Fundazioa.
27 MAI, 2020

Juan Zubileta izan zen munduari lehen bira eman zion marinel euskaldunik gazteena. Barakaldon jaio eta 13 urterekin itsasoratu zen, morroi, Victoria itsasontzian, eta bertan itzuli zen Sevillara hiru urte geroago, Elkanorekin batera. Bazekien sinatzen, eta hori ez zen ohikoa marinelen artean. Badajozko Juntan deklaratu zuen, Gaztelak Moluka uharteak jabetzan hartzeko eskubidea zuela frogatzeko, eta han esan zuen Karlos I.a ezagutu zuela.

Juan Zubileta gaztea Martin Ochoa Zubiletaren eta Sancharen semea zen, eta haren izenak dioen moduan, Barakaldoko Zubileta auzoan jaio zen, Cadagua ibaiaren ezkerraldean. Nerbioi ibaiaren ezkerraldekoak ziren espedizioko beste bi kide hauek ere: Juan Sanfelices –Somorrostroko itsasmutila, Victoria itsasontzian ontziratua Zubiletarekin batera–, eta Pedro Laredo –Portugaleteko marinela, San Antonio itsasontzian ontziratua–.

Ez dakigu noiz iritsi zen Sevillara barakaldarra, baina jakina da ez zela aritu Magallaes – Elkano espedizioko itsasontziak prestatzen, ez baita agertzen Magallaesen armadarako egindako gastuen zerrenda zehaztuan. Beraz, seguru asko, 1519ko udan eman zuen izena, morroi izateko.

Zubileta dorretxea, Cadagua ibaiaren ertzean (Barakaldo)

 

Garai hartako itsasontzietan, zortzi eta hamabost urte bitartekoa zen morroien adina. Ongi bereizitako bi morroi-mota zeuden. Lehenengoa, gomendatutako morroiak edo goi-mailako ofizialen babespeko morroiak ziren, eta lanbide bat hasten zuten horrela. Bigarrena, berriz, inolako babesik ez zutenen taldea zen, eta denen aginduak bete behar zituzten. Azken horien bizimodua dezente okerragoa zen.

Espezializazio apaleko lanak egiten zituzten, hala nola elikagaiak banatu, jan ondoren mahaia jaso, eskobatu eta itsasontzia garbitu. Guardietako zaintza egin, ordu erdiro hondar-erlojuak aldatu letaniak esanez, eta marinelen zein itsasmutilen aginduak jasotzen zituzten etengabe. Hilean 500 marabedi kobratzen zuten, marinelen erdia baino gutxiago, eta aurrez kobratzen zuten lau hilabeteko soldata (marabedi bat gaurko euro bat pasatxo zen).

Juan Zubiletari aurrez egindako 2.000 marabediko ordainketa, ontziratzean

 

Exekuzioak, matxinadak eta eskorbutoa

Juan Zubiletak gertutik bizi izan zituen Victoria itsasontzian gertatutako hainbat gorabehera. Lehenbizikoa, Ozeano Atlantikoan zehar zihoazela gertatu zen: Zubiletaren adiskide zen Antonio Genoves itsasmutil italiarrarekin sexu-harremanak izateaz salatu zuten itsasontziko maisua, Anton Salomon. Salomon exekutatu egin zuten, eta, handik gutxira, itsasmutilak bere buruaz beste egin zuen. Gertakizun horrek itsasontzietako bizimoduaren alderdi bat erakusten digu, Zubiletak oso gertutik bizi izandakoa baina nahiko ezezaguna, eta horri buruzko gogoeta eginarazten digu. Izan ere, harreman homosexualak oso gogor zigortzen ziren, eta “bekatu higuingarriaren” kondena sutan hiltzea zen, Erdi Aroan bezalaxe.

Ozeano Barerako pasabidea aurkitzen ez eta 1520ko martxoan, Argentinako Patagonian itsasontzietako kapitainak Magallaesen aurka matxinatu ziren (San Julianeko matxinada deitu izan zaio), eta hiltzera kondenatu zituzten Elkano eta beste berrogei eskifaia-kide, baina gerora arindu egin zitzaien zigorra. Getariarra marinel izatera degradatu zuten. Une horretan aldatu zuten, ia ziur, Concepcion itsasontzitik Victoriara, eta han egon zen hurrengo hilabeteetan, Zubiletarekin batera.

Ozeano Bareko itsasaldiak hiru hilabetetik gora iraun zuen, eta Victoria itsasontzian hil ziren eskorbutoak jotako pertsona gehien. Espedizioan hildako 19 europarretatik 15 Victoria itsasontzikoak ziren, tripulazio osoaren heren bat. Zubileta bizirik atera zen.

Geroago, Victoria itsasontzia Elkanoren aginduetara Indiako Ozeanoaren hegoaldean zehar Sevillarantz bakar-bakarrik zihoala, eskorbutoaren eraginez tripulazioaren beste heren bat hil zen, eta barakaldarrak bizirik iraun zuen berriro ere. Zortea alde zuen.

Espezien uharteetan, ontzidiko Elkano eta Gomez Espinosa kapitainek hango erregeekin lortutako akordioen lekuko izan zen Juan Zubileta. Dena dela, gertaera horiei buruzko deklarazioan gauza bitxi bat gehitu zuen; hau da, ez zituela gauza batzuk ikusi, “ez bainintzen inoiz irteten nire itsasontzitik”. Ez dakigu hori Moluka uharteetan egondako hilabete eta erdian gertatu zen soilik, edo ohiko jokabidea zen tripulazioko zenbait talderentzat (morroientzat, esaterako).

Karlos I.a ezagutu zuen morroia

1522ko irailaren 8an, Zubileta eta espedizioko beste 17 eskifaia-kide Sevillara iritsi ziren. Lehorreratzean, barakaldarrak 10 librako (4,6 kg) poltsa bat iltze-belar zeraman, 1.692 marabedi inguru balio zuena. Erregeak Elkanori baino pixka bat geroago egin zion harrera Valladoliden Juan Zubiletari, Juan Acurio eta Juan Arratiarekin batera.

Soldata kobratzean, Zubiletak 38.756 marabedi jaso zituen, horietatik 16.478 soldatari zegozkion, eta 22.286 kintaladei. Ordaintzeko modu gehigarri bat zen kintalada: eskifaiako kide bakoitzak itsasontzian txoko bat zuen bere salgaiak eraman eta aldatu ahal izateko, adibidez espezien truke, eta txoko horretantxe ekartzen zituzten.

Irudian, Zubileta itzuli ondorengo soldata-likidazioa

 

1524ko maiatzaren 23an, Juan Zubiletak Badajozko Juntan deklaratu zuen –Acurio, Arratia eta Pedro Tolosarekin batera–, Gaztelak Moluka uharteak jabetzan hartzeko eskubidea zuela frogatzeko. Barakaldarrak esan zuen Karlos I.a ezagutu zuela, baina ez Fernando erregea eta Isabel erregina. Sinatu egin zuen, bazekielako, eta hori ez zen ohikoa morroi batengan. Garai hartan, hamar marinel, itsasmutil eta morroitik zortzik ez zekiten beren izena idazten.

Ordutik aurrerakorik ezer ez dugu ezagutzen haren bizitzaz. Zubiletak berari eskainitako kale bat du bere jaioterrian, eta beste bat Sanlúcar de Barramedan.

Bizkaiko Jaurerriak ekarpen handia egin zion Magallaes – Elkano espedizioari, bai itsasontziak, bai armak, bai eta eskifaia-kideak ere. Bizkaiko Jaurerrikoak izan ziren hiru itsasontzi eta 22 gizon. Horietako bat izan zen Juan Zubileta. Ia umea zelarik itsasoratu eta 16 urterekin itzuli zen, Lurraren amaierara ez ezik giza arimaren ilunpe sakonera ere iritsi ondoren.