Eskorbutoa gaixotasun lazgarrienetako bat izan zen, itsasontzietako izurri izenaz ezagun egiteraino. Gaixotasunaren aurkako hainbat erremedio probatu zituzten arren, ez zuten emaitza eraginkorrik lortu, eta ia hirurehun urte behar izan zituzten eskorbutoaren ondoriozko heriotza-kopurua murrizteko.
Urteetan zehar, eskorbutoari buruzko idatzi ugari argitaratu zituzten hainbat medikuk, eta Ozeano Barea esploratzeko nabigazio luzeetan ez ezik, Filipina uharteen eta Mexikoren arteko itsasbide erregularra (Manilako galeoi ospetsuaren zeharkaldia, Andres Urdanetak aurkitu eta zehaztu zuena) ezartzean izandako esperientziak ere jaso zituzten beste askok. XVI. mendearen amaieraz geroztik, espedizio britainiarrak eta holandarrak Ozeano Barean ibili ziren, Amerika mendebaldeko kostalde babesgabea arpilatzeko aukerak eta Acapulcoko galeoiaren arrakastak erakarrita. Espedizio horiek ere eskorbutoa pairatu zuten eta haren lekukotza utzi zuten. Ordurako gaixotasun ezaguna eta ezaguterraza zen, eta ozeanoan zeharreko bidaia luzeetan saihetsezina zela uste zuten. Hainbat erremedio baliatu zituzten gaixoak sendatzeko: hortzak gernuarekin edo itsasoko urarekin garbitzea, bitrioloa, malta-muztioa, aza onduak eta sagardoa (ia ez du C bitaminaren aztarnarik). Ez zuten emaitza eraginkorrik lortu, eta hirurehun urtez baino gehiagoz armada guztietako itsasgizon asko eta asko hil ziren eskorbutoaren ondorioz. Lusitaniarrak azkarragoak izan ziren, eta kokoa gehitu zuten Indiako ozeanoan zehar nabigatu behar zutenen dietan edo marinel-errazioan. Gainera, zitrikoak hazten hasi ziren Cabo Verdeko, Santa Helena uharteko, Esperantza Oneko lurmuturreko eta Mozambikeko hornidura-portuetan.
Eskorbutoa tratatzeko laguntza, zeharkaldi luze baten ondoren. “El galeón de Manila” erakusketa. Madrilgo Untzi Museoa
Eskorbutoaren sendabidea aurkitzeko hurrengo saialdia Aurkikuntzen Bigarren Aroa deritzon garaian gertatu zen; zehatz-mehatz esanda, Ozeano Bare handiaren esplorazioan. 250 urtez, oso ontzi europar gutxi ibili ziren ozeano horretan. Haien artetik gehienak espainiarrak ziren, holandarren eta britainiarren esplorazio harrapakariekin batera. Acapulcoren eta Filipinetako hiriburuaren arteko bidea egiten zuen Manilako galeoia zen Ozeano Barea zeharkatzen zuen itsasbide erregular bakarra. Alabaina, Zazpi Urteko Gerraren ondoren (1763), espainiarrez eta holandarrez gain, frantziarrak eta britainiarrak ere hasi ziren hura nabigatzen eta esploratzen. Longitudeen arazoa konpontzearekin batera, eskorbutoari aurrea hartzea lehentasun bihurtu zen hainbat naziotako armadarentzat. Nabigatzaileak (Bouganville, Wallis, Cook, Malaspina…) eskorbutoaren aurkako landareak bilatzen saiatu ziren, gaixotasuna sendatu nahian; adibidez, koklearia edo scurvy gras izenekoa baliatu zuten.
Argi ikusi zuten barazki eta fruitu freskoak (batik bat laranjak eta limoiak) jatea mesedegarria zela, eta zenbait itsas medikuk horixe egiteko gomendatu zieten nabigatzaileei. Baina sendabidea ez zen orokortu haien artean, eta are jende gehiago gaixotu zen. Behin eta berriz, eskorbutoaren aurkako erremediorik onena kokoa izan zen: ezinbesteko elikagaia zen bizirik irauteko, C bitaminaren iturri iraunkorrena zelako eta erraz aurkitzen zutelako, eta gainera, ondo kontserba zezaketen hainbat hilabetez.
1753an, James Lind medikuak Eskorbutoari buruzko tratatua argitaratu zuen, eta lan ospetsu horretan, oinarrizko entsegu kliniko baten emaitzak azaldu zituen. Eskorbutoa zeukaten hamabi gizoni elikadura-osagarri desberdinak eman zizkien (bitriolo-elixirra, ozpina, itsasoko ura, intxaur muskatua, sagardoa, laranjak eta limoiak), ohiko dietaz gain: “Atera nuen ondorioa izan zen laranjak eta limoiak jaten zituztenek nabaritu zituztela eraginik berehalakoenak eta onenak”, adierazi zuen.
Itsas medikuen iritzia irmoa zen. Denen artetik, Caracasko Gipuzkoar Konpainiako mediku Vicente Lardizabalena nabarmentzen da. Gaixotasuna deskribatu eta azaldu zuen 1769ko Nabigatzaileen osasunari buruzko gogoeta politiko-medikoak lanean, eta gaixotasun ohikoenen kausak azaldu zituen, prebentzio modura:
“Nabigatzaileen gaixotasunak sendatzeko eta prebenitzeko, ez dugu limoiak, laranjak, baia gorriko fruituak eta beste fruitu azido batzuk jatea baino erremedio hoberik ezagutzen”.
1794. urtean, Errege Armadako Antonio Corbella mediku eta zirujauak eta Antonio de la Rosak lan bana argitaratu zuten. Batak zein besteak barazkiak eta limoi-zukua gomendatzen zituzten eskorbutoa prebenitzeko eta tratatzeko. Hala ere, nabigatzaileek ez zieten jaramonik egin gomendio horiei, eta eskorbuto-kasuek ugaritzen jarraitu zuten.
Garai hartan, ezin zuten ulertu eskorbutoa eta beriberia bezalako gaixotasun nutrizionalen konplexutasuna. Azkenean, Royal Navy-ko Gilbert Blane medikuak gaixotasunaren prebentziorako erremedio eraginkor batekin izandako esperientziaren ebidentziak bildu zituen. Haren gomendioetako bat lima-zukuaren dosi txiki baina eraginkor bat (22 cl) ronarekin nahastuta hartzea zen: grog famatua. Erremedio hura iseka egiteko erabili zuten askok eta, mespretxu gisa, limey esaten zieten itsasgizon ingelesei. 1795etik aurrera, armada britainiarrean nahitaezkoa izan zen limoi-zukua hartzea. Emaitza bikainak izan zituen, eta eskorbutoaren ondoriozko heriotzek nabarmen egin zuten behera.
Gainerako herrialde gehienek britainiarren gomendioei jarraitu zieten. Hala ere, Espainian urte batzuk gehiago igaro behar izan zuten: handik denbora askora (1866an), oraindik ere eskorbuto-kasuak agertu ziren Numancia fragataren zirkumnabigazio-bidaian; munduari bira eman zion lehen korazatua izan zen, eta bertan zihoazen gizonak ez ziren libratu gaixotasun lazgarri hartatik.
Eskorbutoari buruzko sail honen hirugarren eta azken artikuluan ikusiko dugu Magallaes eta Elkanoren espedizioan ere eskorbuto-kasuak egon zirela, eta gaixotasunak bereziki gogor eragin ziola Victoria itsasontziko tripulazioari.