Itsasontzietako izurria: eskorbutoa (1/3)

Javier Almazán Altuzarra, Medikuntzan doktorea
9 ABE, 2019

Eskorbutoa nazio guztietako nabigatzaileek pairatu behar izan duten gaixotasun lazgarrienetako bat da, eta inoiz baino gogorrago jo zuen Nabigazio Handien Aroaren hasieran, itsasontzietako izurri izenaz ezagun egiteraino.

Gauza jakina da Magallaes-Elkano espedizioko kideek ere pairatu zutela eskorbutoa Ozeano Barea zeharkatu zutenean; hain zuzen, honela dio Antonio Pigafetta vicenzarrak bere bidaia-kronikako deskribapenetan:

Hiru hilabete eta hogei egunez ezin izan genuen elikagai freskorik lortu… Baina zoritxar guztietan handiena izan zen gizon batzuei hortzoiak handitu zitzaizkiela, eta ondorioz, ezin zutenez jan, hil egin zirela. Gaixotasunaren eraginez, gure hemeretzi gizon, erraldoia eta Berzingo lurraldeko indigena bat hil ziren. Hogeita bost edo hogeita hamar bat gizonek mina izan zuten besoetan, hanketan eta beste leku batzuetan, eta gutxi batzuk baino ez ziren onik gelditu.

Irudia, Gustave Doré. The Rime of the ancient Mariner liburutik.

Hala eta guztiz ere, duela ez asko jakin dugu zer den eskorbutoa, XIX. mendearen amaierara arte ez baitziren hasi espediziokideek izandako gaixotasunari buruz hitz egiten. Guillemard mediku britainiarraren 1891ko liburuan aurkitu da scurvy hitza lehenbizikoz (scurvy and starvation), Ozeano Bareko zeharkaldiaren berri ematean. 1920an, espedizioaren laugarren mendeurrena zela eta, José Toribio Medina historialari txiletar ospetsuak dokumentatutako kontakizun bat argitaratu zuen, eta escorbuto hitza idatzi zuen lehen aldiz gaztelaniaz, modu soil baina adierazgarrian, Ozeano Bareko gertakari ospetsuari buruz aritzean:

Eskorbutoa zen!! Baina benetan al zen eskorbutoa?

Gaixotasun –testuinguru honetan– berriaren lehen aipamena Vasco da Gamak 1497tik 1499ra bitartean Portugaldik Indiara egindako joan-etorriko bidaiakoa da. Kontakizun horretan eskorbutoaren lehen deskribapenetako bat egiten da, eta hari aurre egiteko zer erremedio erabiltzen zuten azaltzen da: laranjak eta limoiak jaten zituzten.

Magallaesek 1519an abiatu eta Juan Sebastian Elkanok 1522an munduari lehen itsas bira osatzean amaitu zuen espediziokoa da hurrengo aipamena, aurrerago xehetasun handiagoz ikusiko dugun moduan.

Eskorbutoa azido askorbikoaren eskasiak eragindako gaixotasuna da. C bitamina ere esaten zaio, eta landareek eta ia ugaztun guztiek sintetizatzen dute; gizakiok ez, ordea, eta dietaren bidez hartu behar dugu. Fruitu eta barazki freskoetan dago batik bat, hala nola laranja, limoi, marrubi, piper, tipula, baratxuri eta perrexilean, baina baia gorrietan du kontzentraziorik handiena; esate baterako, elorri zuriaren eta ahabiaren baietan. Ezinbestekoa da kolagenoa sortzeko, ehunak sendatzeko eta organismoko odol-hodiak ez hausteko. Gaixotasunaren ezaugarri nagusiak dira ahultasun eta neke handia, artikulazioetako mina, larruazaleko odoljarioak hematoma eta hemorragia modura, bai eta hortzoi hanpatu eta puztu berizgarriak ere. Tratatzen ez bada heriotza eragin dezake, hemorragia masiboen ondorioz. Hala ere, C bitaminaren gordailuak berriz betez gero, gaixoak azkar eta erabat osatzen dira.

Henry W. Mahon itsas zirujanoaren irudia, 1841. The National Archives UK.

 

Medikuntza eskolastiko greko-latindar eta arabiarreko tratatu gehientsuenetan ez zen eskorbutoa aipatzen. Aitzitik, ondo ezagutzen zuten negu luzeetara ohitutako Europa nordikoan; izan ere, udako itsasaldietatik gaixorik iristen ziren marinelak basora bidaltzen zituzten bikingoek, baiak jatera, C bitamina asko dutelako. Hitzaren etimologiak ere jatorri nordikoa duela erakusten digu. Jhon Echthtius mediku holandarrak 1541ean hautatu zuen escorbutus hitza, danierazko scorbuck hitzaren forma latinizatu gisa; haren aspaldiko jatorria, berriz, islandierazko skyrbjûgr da, eta  hortzoiak hanpatzeari egiten dio erreferentzia. Hortik datoz neerlanderazko scheurbuik, saxonierazko scurby, scorbut eta eskorbutoa. Antza, ebaki edo ultzera hanpatua esan nahi du

Gaixotasunak 1-3 hilabete behar ditu agertzeko, eta horregatik ez zen marinelik gaixotu Kristobal Kolon Ozeano Itsasoko almirantearen lau bidaietan, ez eta Gaztela eta Mundu Berriaren arteko bidaia laburretan ere (Alonso de Ojeda, Pedro Alonso Niño eta Cristóbal Guerra, Vicente Yáñez Pinzón bera, Rodrigo de Bastidas, Diego de Lepe), ez baitziren lauzpabost aste baino gehiagokoak izaten. Hori bera gertatu zen euskaldunek XVI. mendean Kantauri itsasoko portuetatik Terranovako Bakailaoaren lurraldera egindako itsasaldietan ere, Ozeano Atlantikoaren zeharkaldiak ez baitzuen bitamina preziatuaren erreserbak agortzeraino irauten.

Abraham Ortelius. Theatrum Orbis Terrarum. Ozeano Pazifikoaren mapa, 1589.

 

Dena den, merezi du jakitea zer elikagairi esker irauten zuten bizirik negualdiko hilabete luzeetan, baleak eta beste zetazeo batzuk ehizatzeko eta haien koipea biltegiratzeko lanetan ari ziren bitartean. Oso ezaguna da Jacques Cartierren espedizioari gertatutakoa: 1535ean, Labradorreko lurretatik gertu, San Laurendi ibaian negualdia egiten ari zirela, eskifaia-kide gehienak eskorbutoak jota egon ziren. Cartier eta haren gizonak indiar huroien ezagutzei esker sendatu ziren: gaixoek laguntza eskatu zietenean, Anedda izeneko konifero baten hostoetatik eta azaletik ateratako zukua eman zieten. Izan ere, muturreko klimetan bizirik iraun eta kokatu ahal izateko, gizakiek beharrezko azido askorbikoa lortzeko moduak aurkitu behar izan dituzte.

Magallaes-Elkanoren espedizioan bertan, San Julian portuan egindako negualdi latz eta luzean, ez zen eskorbuto-kasurik egon, nahiz eta baldintzak aproposak izan. Hainbat kontakizunen arabera, itsasgizonek kuskuak eta muskuiluak jaten zituzten (Pigafettak missiglioni esan zien), bai eta Patagoniako indiarrek erakutsitako sustrai eta tuberkulu batzuk eta Magallaes itsasarteko iturrien alboan hazten diren berro moduko landare batzuk ere; horrekin guztiarekin, behar adina C bitamina lortzen zuten.

Eskorbutoari buruzko sail honen hurrengo artikuluan ikusiko dugunez, hainbat erremedio probatu zituzten eskorbutoa sendatzeko, baina ez zuten emaitza eraginkorrik lortu; ia hirurehun urte behar izan zituzten eskorbutoak jotako gaixoen heriotza-kopurua nabarmen murrizteko.