Itsasoan kokatzea: nabigazioko tresnak eta teknikak lehen mundu biran (2/3)

Alberto Rodríguez, Industri ingeniaria, Nabigazio goi mailako teknikaria eta Alturako patroia.
24 EKA, 2020

Artikulu honen lehen zatian deskribatu ditugun nabigazio-metodoak, norabidea eta egindako distantzia kalkulatzean oinarrituak, baliagarriak ziren itsasaldi laburretan edo kostaldea bistan zegoenean erabiltzeko. Alabaina, itsas zabaleko nabigaziorako ez ziren nahikoak, denbora luzez galtzen zituztelako lehorreko erreferentziak.

XV. mendetik aurrera, ozeanoaren esplorazioaren hastapenetan, nabigazio-metodo berri bat erabiltzen hasi ziren, astroen behaketan oinarritua. Hala, itsasoan latitudea finkatzea lortu zuten: Iparrizarraren altueraren bidez, eta, ondoren, eguerdiko Eguzkiaren bidez.

Orain, itsasoan kokatzeko metodoen azalpen labur bat egingo dugu. Metodo horiek, nolabait, nabigatzeko “arte”-tik nabigatzeko “teknika”-ra igarotzea ekarri zuten pixkanaka.

 “Altueren arteko diferentzia” izeneko metodoa

Nabigazio astronomikoaren hasieran erabilitako metodoari “altueren arteko diferentzia” edo “altuerak, distantziak” esaten zaio. Enpirikoki egiaztatzen zuen Iparrizarrak zeruertzarekiko zuen altuera handitu edo txikitu egiten zen iparralderantz edo hegoalderantz nabigatu ahala, hurrenez hurren.

Sistema horren oinarria honako hau zen: portuan, abiatu aurretik, Itsasizarraren altuera hartzen zuten. Nabigazioan zehar, berriz neurtzen zuten astroaren altuera egoera berean (normalean meridianotik pasatzean), eta, horrela, bi tokien arteko altueren arteko diferentzia jakitea lortzen zuten, gradutan. Balio hori lortu ondoren, eta legoatara aldatuta, iparralderantz edo hegoalderantz zenbateko distantzia nabigatu zuten jakin zezaketen.

Eskuaira-puntua

Sail honetako aurreko sarreran azaldu genuen bezala, balioespen bidez (norabidea eta distantzia) “fantasia-puntua” lortzen zuten, egoeraren gutxi gorabeherako erreferentzia bat. Alabaina, metodo astronomikoen bidez latitudea edo “ekinokzialaren gaineko altuera” kalkulatzeak oso tresna baliotsua eman zuen balioespen bidezko nabigazioaren hautemate-akatsak doitzeko; izan ere, akats horiek pilatu egin zitezkeen lurra bistatik galdu ondorengo hurrenez hurreneko itsasaldietan.

Hala, latitudearen bidez zuzendutako “fantasia-puntuak” “eskuaira-puntua” deritzona sortu zuen. Francisco Albo pilotuaren egunkariko oharretan ikus daitekeenez, metodo hori erabili zen gehienbat munduari emandako lehen bira hartan.

Eskuaira-puntua

 

“Iparraren errejimentua”, latitudea Iparrizarraren bidez

Nahiz eta hizpide dugun mundu biran ez dagoen jasota prozedura horretara jo zenik, egokia da aipatzea, garai hartan zuen garrantziagatik eta hedapenagatik. Kosmografia klasiko eta arabiarrari esker, jakinekoa zen zeru-poloak horizontearekiko duen altuera eta behatzaileak ekuatorearekiko gradutan duen distantzia berbera direla. Hau da, latitudea, gaur egungo hizkera erabiliz.

Iparrizarra, hain zuzen ere, polo horretan dago, baina ez zehazki iparrean, iparraren inguruan zirkunferentzia txiki bat egiten baitu. (3° 30' ingurukoa garai hartan. Gaur egun < 1°≈, ekinokzioen prezesioaren ondorioz).

Baliozko zuzenketa kalkulatzeko, pilotuek Iparreraren errejimentua erabiltzen zuten, Hartz Txikiaren zaindariek zeru-poloaren inguruko biran duten posizio ezberdinetan oinarritutako arau grafikoen sorta bat.  

Baina zer gertatzen zen Iparrizarra horizontearen azpian desagertzen zenean? Bada, latitudea kalkulatzeko Iparrizarrari begiratzeak ez zuen balio Ekuatorea gurutzatutakoan edo handik gertu zeudenean.

Lehen mundu biraren zeharkaldiaren zati handi bat, %80 inguru, hego hemisferiotik edo oso latitude baxuetatik egin zenez, ez zuten Iparrizarraren baliabide hori, eta, horregatik, Eguzkiari behatzen zioten latitudea kalkulatzeko.

“Eguzkiaren errejimentua”
Eguzkia tokiko meridianotik igarotzen denean, eguerdian, une egokia da latitudea kalkulatzeko. Altuera hartu ondoren, batuketa/kenketa eragiketa erraz baten bidez egiten da kalkulua.

l = d-z

Eta:

l = latitudea (I edo H)

d= Eguzkiaren deklinazioa (+/-)

z= (90º - (altuera) (+/-)

Laburbilduz, esan genezake deklinazioa ken zenit-distantzia (z) egitearen emaitza dela latitudea. Dena den, kontuan hartu behar dira bien zeinuak. Garai hartan, zeinuen kotu horrek arau nemotekniko edo grafiko multzo bat sortzea eragin zuen, eta testu eta eskuliburuetan jaso zen, “Eguzkiaren errejimentua” izenarekin.

Pedro Medina  - Arte de navegar, Biblioteca Digital Hispánica

 

Hain zuzen, huraxe izan zen munduari emandako lehen bira hartan erabilitako metodoa. Bere Derrotero (itsasbidea) idazkian, Eguzkiaren altuera meridianoaren arabera latitudea kalkulatzeko 158 adibide ematen ditu Francisco Albok. Honela hasten dira oharrak:

"1519 urtea.

Asteartea, azaroaren 29a, hasi nintzen Eguzkiaren altuera neurtzen.

Asteazkenean, hilak 30, Eguzkia 76º-an hartu nuen eta 22º 59’ deklinazioa zuen, eta poloaren altuera 8º 59’ zen eta bidea Hego Hego-mendebaldera izan zen”.

Kalkulua aurrez aipatutako formularen arabera egiaztatuz gero, Albok prozesua behar bezala ezagutzen eta gauzatzen zuela ikusiko dugu.

z- (90°-76°) =-14°(Hegoaldera begira→Negatiboa)

d= - 22°59´  (Azaroa →negatiboa)  

l=dz= - 08°59´ H  (negatiboa →H)

Taula astronomikoak

Latitudea kalkulatzeko Eguzkiaren altuera meridianoa erabiltzeak aparteko konplikazio bat du, eguzkiaren deklinazioa egunetik egunera aldatzen baita, izarrena ez bezala.

Koordenatu hori astronomiako tratatuetan jasota zegoen aspalditik. 1516 inguruan, nabigaziora egokitutako lehen taulak argitaratu ziren: 1517-1520 laurtekoko egun bakoitzerako Eguzkiak zer deklinazio izango zuen adierazten zuten. Hala ere, zenbait lekukotzaren bidez badakigu aurreko mendearen amaierarako ere erabiltzen zirela mota horretako taulak.

Gehien aipatua (eta, beharbada, garai hartako taula astronomiko gehienen iturria) Abraham Zacut-en Almanach perpetuum coelestium motum izan zen. Salamancako judu bat zen Zacut, 1492an kanporatu ostean Portugalen babestu zena. Hebreeraz idatzi zuen, eta, ondoren, latinera itzuli zuen haren ikasle batek, Joseph Vizinho-k.

Almanach perpetuum coelestium motum. Gredos gordailua   Salamancako Unibertsitatea

 “Eguzkia pisatzea”
Ikusi dugun bezala, astroen behaketa egitean (Iparrizarra edo, kasu honetan, Eguzkia), astro horrek zeruertzaren gainean duen altuera da datu nagusia. Eguzkiaren altuera astrolabioarekin neurtzeko eragiketari “eguzkia pisatzea” esaten zitzaion.

Pedro Medina - Arte de navegar, Biblioteca Digital Hispánica

 

Altuera neurtzeko zenbait tresna erabiltzen zituzten. Aurreko kapituluan aipatu dugun Relaçión del coste de la armada de las cinco naos dokumentuan ere ageri dira jarraian laburbilduko ditugun aparatu hauek: gurrezko hogeitabat koadrante, metalezko sei astrolabio eta makila-astrolabio bat.

Itsas koadrantea
Plaka bat da, normalean egurrez egindakoa, 0 eta 90 gradu arteko zirkulu-laurden graduatu baten forma duena. Erradioetako batean, metalezko bi pinula ditu. Erpinetik berun txiki bat du zintzilik. Bertikalean jarrita, pinulak astrorantz begira jartzen dira. Berunak arku graduatuarekiko duen posiziotik lortzen da irakurketa.

Itsas astrolabioa
Astrolabio astronomikoa baino askoz sinpleagoa da, helburua astroen altuera hartzea bakarrik baita. Funtsean, brontzezko edo letoizko zirkulu graduatu bat da (egurrezkoak ere baziren), gorputzean hutsunea duena eta pinuladun alidada birakari batez hornitua. Eguzkiari begiratzeko, instrumentua zintzilikatu eta alidada biratzen zen, goiko pinulatik igarotzen zen eguzki-izpia behekoarekin bat etorri arte.

Itsas koadrantea (Madrilgo Ontzi Museoa ) eta itsas astrolabioa (Lisboako Museu de Marinha)

 

Bitarteko horiekin, XVI. mendeko gure nabigatzaileek oso itsasaldi luzeak egin zituzten inoiz nabigatu gabeko ozeanoetan barrena, eta jasota utzi zituzten bi hemisferioetako norabideak, ibilitako legoak eta latitudeak. Baina… eta longitudea? Gogora dezagun zein zen espedizioaren helburuetako bat: Tordesillasko Itunak ezarritako mugako marra kontuan hartuta, Moluka uharteak Gaztelaren aldean geratzen zirela frogatzea. Horretarako, haien longitude geografikoa zehaztu behar zen, edo, garai hartako hitzetan, “la altura leste oeste”. Garai hartan eskura zeuden baliabideekin konponbide zaila zuen arazo hark.

Hurrengo atalean (3. zatia), lehen itsas bira hartan proposatu ziren metodoak, egin ziren behaketak eta atera ziren ondorioak aztertuko ditugu.

 

SAIL HONETAKO BESTE ARTIKULO BATZUK:

Itsasoan kokatzea: nabigazioko tresnak eta teknikak lehen mundu biran (1/3)

Itsasoan kokatzea: nabigazioko tresnak eta teknikak lehen mundu biran (3/3) - LASTER