Irudimena eta maila. Munduaren biribiltasuna elkanizatzea?

Julieta Gaztañaga, Antropologian doktorea. Buenos Aireseko Ubinertsitatea. CONICET.
30 ABE, 2021

Modu batera edo bestera, badirudi 1522. urtea atari bat bezalakoa dela: aurrerantzean ezer ez zen izango ordura arte bezala.  Atari horrek imajinazio planetarioaren maila berri baterako eraldaketa moduan funtzionatzen al du?  Zein da irudimenaren egitekoa kontatu diguten historian eta kontatzen jarraitzen dugun horretan?

Duela 500 urte, Juan Sebastian Elkanok, Getariako nabigatzaileak, lehen aldiz zirkumnabigatu zuen mundua. Edo hobeto esanda (eta haren hitzak ohoratuz): “munduaren biribiltasuna” burutu zuen. Balentria horren inguruko hausnarketek makina bat ñabardura dituzte eta konta ezin ahala galdera sortzen dituzte. Hainbat bide daude, halaber, mundualizazio goiztiarreko gertakari horren eta globalizazioaren egungo erronken arteko erlazioak ikertzeko ere. Agian hausnarketa horren zailtasun garrantzitsu bat izan liteke horren ondorioekin doan eta zihoan maila, proiektu hark modu erabakigarrian eragin baitzituen alor asko; hala nola kartografiak eta geopolitika, erakundeak eta konfigurazio sozioekonomikoak, sukaldaritza eta elikadura, kultur adierazpenen alderdi estetikoak eta sentsualak, erlijio-sinesmenak eta mundu-ikuskera europarren, kosmopoliten, tokikoen eta inperialen segurtasun ontologikoak.

Modu batera edo bestera, badirudi 1522. urtea atari bat bezalakoa dela: aurrerantzean ezer ez zen izango ordura arte bezala. Zer gertatzen da, baina, zirkumnabigaziotik zuzenean eta zeharka igorritako narratibetan jasotako jakin-min intelektual eta praktikoarekin? Atari horrek imajinazio planetarioaren maila berri baterako eraldaketa moduan funtzionatzen al du? Zein da munduaren egungo konfigurazioaren gertaera gogoangarri horiek geure buruari irudikatzeko moduekin doan arrazoizkotasunaren eta fantasiaren estatusa? Zein da irudimenaren egitekoa kontatu diguten historian eta kontatzen jarraitzen dugun horretan?

Galdera gehiegi dira. Horiei heltzeko abiapuntu ona da kontatzen ditugun istorioek egiten dutenari buruz hausnarketa egitea. Izan ere, kontakizunek kontatzeaz gain, gauzak egiten dituzte, ororen gainetik: errealitateak eta horien balorazioak eraiki eta moldatu egiten dituzte. Guk ere egiten ditugu gauzak istorioak kontatzen ditugunean. Pasadizoak, harridura, poztasuna, balentria, beldurra, epika eta laztura kontatzea gauzak egiteko modua da. Zenbait gertaera ez kontatzea, zenbait alderdi ñabartzea, eufemismoetara jotzea eta metafora batzuk aukeratzea eta beste batzuk ez aukeratzea ere gauzak egitea da. Hori horrela da zeren eta kontatzen dizkiguten eta kontatzen ditugun gauzen inguruko aukeraketak (kontzientea gutxi gorabehera) beti izaten du baldintza eta ondorio praktikoa; hizkuntzak munduan duen mugimendu pragmatikotik sortzen dira; esatea egitea baita. Era berean, kontatzen ditugun istorioek. amaiera, beti definitzen dute gure aukeraren zentzua. Hori horrela, irudimenak oro har duen eginkizunari eta bereziki mailaren irudimenak duenari buruz aritu nahi nuke, Elkano protagonista duen zirkumnabigazioari buruzko gure balioespenetan eta ebaluazioetan eragina baitu.

Kontakizunek, kontatzeaz gain, errealitateak eta horien balorazioak eraiki eta moldatu egiten dituzte.

Lehen puntua, irudimenari buruzkoa. Antzinaroan eta Erdi Aroan, irudimena errealitatearen eta arrazoiaren arteko igarobidea zen. Mundu materialeko pertzepzioek irudimenean zehar igaro behar zuten, prozesu horretan emozionalki kargatu, eta mamu, agerpen eta antzeko izakiekin nahastu, adimen arrazionala horien esanahiak ulertzeko gai izan aurretik.

Itsas karta (1538) Claus Magnus Jame, Ford Bell Library

 

Hori guztia aldatu egin zen filosofia kartesiarra nagusitu zenean: orduz geroztik imajinario hitza erreala ez dena adierazten hasi zen (sirenak, adarbakarrak, irudizko lagunak eta abar). Horren ondoren zer etorri zen badakigu: iluminismoa, modernitatea, horren lorpenak eta amesgaiztoak, munduaren desengainua, postmodernismoa, eta egun geure buruari Antropozenoari buruz, ingurumen-aldaketari buruz eta planetako bizitzaren etorkizunari buruzko ziurgabetasun ekologiko gero eta handiagoari buruz egiten dizkiogun galdera guztiak. Iruditeritik gertuago dagoen irudimenaren definizioa finkatu izanaren ondorio iraunkorrenetako bat izan daiteke badirudiela giza arrazoizkotasuna arrazoitik soilik etor litekeela, eta irudimena, ostera, ezin dela izan errealitatearen oinarri. Hala ere, 1519an hasi eta 1522an amaitutako zirkumnabigazioa ezinezkoa zatekeen irudimena egiatan erreala ez dena izango balitz. Elkanoren garaian, herri-jainkozaletasunak, askotariko sinkretismoek, jendeak ahoz aho transmititzen zituen kondairek eta istorioek eta abarrek banakoen eta kolektiboen ekintzen jakin-mina asetzen zuten. Lehen zirkumnabigazioa asmo guztiz pragmatiko eta komertzialak bultzatutako bidaia gisa irudikatzen badugu ere, irudimena funtsezko eragilea izan zen bidaia haren –hainbatentzat eta hainbatentzat imajinaezina zena– arrazoizkotasunak fruituak eman zitzan.

Gustav Doré 1866, ¡Bela bat! ¡Begira!

 

Bigarrenik, irudimenaren maila dago. Irudimen planetarioaren mailaren inguruan biratzen duen prozesuaren protagonista da Elkano. Lehen zirkumnabigazioa, bere horretan, gertaera gogoangarri gisa kontatuta, berezko balioarekin, hura biltzeko joera izan duen beste batetik bereizten dugu: “Magallaes” itsasartean zeharreko igarobidea badela erakustea. Bereizketa hori ekintza bat da. Munduaren biribiltasunaren Elkanizazioa (laga bekit neologismoa erabiltzen) da, tokiko gertaera gogoangarri gisa. Horrek aukera ematen digu, esate baterako, antzemateko zirkumnabigazioak logika komertzialen eta militarren hibridazioan oinarritutako “deskubritzeko” praktika mundua “birdeskubritzeko” praktikan nola eraldatu zuen. Irudimenaren eginkizuna teknikaren, logistikaren, finantzaketaren, diziplinaren, soziabilitatearen eta heroismoaren eginkizuna bezain erabakigarria izan zen.

Elkanoren garaian, herri-jainkozaletasunak, askotariko sinkretismoek, jendeak ahoz aho transmititzen zituen kondairek eta istorioek eta abarrek banakoen eta kolektiboen ekintzen jakin-mina asetzen zuten

Magallaesen irudi alegorikoa, Stradanus, Adriaen Collaert 1580- 1590. Americae retectio

 

Bi puntuak bateratzen baditugu, iragarri behar dugu nabigazioaren bitartezko esanahien eraikuntzak kontzientzia planetario aberatsa, konplexua eta kontraesankorra ekarri zuela, nahiz eta horren iruditeria pobretu eta bi proiektu totalizatzaileetara murriztu den (zirkumnabigazioa teknika geopolitiko gisa eta kartografia). Dagoeneko, narratiba sinplifikatzaile hori apurtzea ez da erraza; hala erakusten du hurrengo kontzientzia planetarioak (barne-esplorazioaren paradigmak berezkoa duena) mundializazioaren oinarri desberdina sedimentatzeko eta naturalizatzeko izan zuen moduak. Tentagarria da neologismoa (Elkanizazioa) azpijoko kolektibora (Elkar-nizazioa) bideratzea, baina hobe izango da beste baterako uztea. Amaitzeko, azpimarratu nahi dut irudimenaren eginkizun nagusia ordezkatzeak ondorio iraunkorrak dituela. Esate baterako, gure garaia eraldaketa azkarren garaitzat jotzen dugu. Globaltasunaren lehen uneak ere, ordea, abiadura izan zuen bereizgarri eta garai hartako protagonisten egokitzeko gaitasuna probatu zuen. Era berean, naturaren eta kulturaren arteko bereizketan oinarritutako mendebaldeko irudimenaren geografia leku gakoa izan da haren hedapena legitimatzeko. Itsasaldi haien esperientziak eta haien kontakizunek, alabaina, indartu ordez kolokan jartzen zuten.

Gure garaia eraldaketa azkarren garaitzat jotzen dugu. Globaltasunaren lehen uneak ere, ordea, abiadura izan zuen bereizgarri eta garai hartako protagonisten egokitzeko gaitasuna probatu zuen.

Arte-kritikari ingeles ospetsu batek “heriotzaren idazkari” izendatu zituen narratzaileak, istorioek kontatuak izan aurretik dagoeneko amaiera dutelako. Urte batzuk geroago, ordea, damutu egin zen adierazpen hartaz, prozesuaren ideia erromantikoegia ematen zuelako: narratzaileak heriotzatik oso urrun daude egiatan, bizitzari begiratzen diotelako bizitzak berak bere buruari begiratuko liokeen bezala. Moralistek, politikariek eta merkatariek esperientzia gutxietsi egiten dute, ekintzak eta horien ondorioak baino axola ez zaizkielako; behartsuek, erbesteratuek eta abenturazaleek, berriz, samurtasunez eta balentriaz besarkatzen dute esperientzia, eta haien argi-ilunak ahanzturatik libratzeko aukera ematen digute.


Lotutako irakurgaiak


BERGER, John (2004). Cada vez que decimos adiós. Buenos Aires: Ediciones de la Flor. 
GAZTAÑAGA, Julieta (2021). «Política i imaginació: els reptes del sobiranisme basc actual Una anàlisi antropològica en clau etnogràfica», Revista d’Etnologia de Catalunya 45: 132-147.
GRAEBER, David (2012). Revolutions in Reverse: Essays on Politics, Violence, Art, and Imagination. Minor Compositions. Londres / New York / Port Watson. 
PRATT, M. L. (2011). Ojos Imperiales. Literatura de viajes y transculturación. Buenos Aires: Fondo de Cultura Económica.
TROUILLOT, Michel-Rolph (2011 [2003]). Transformaciones globales: la antropología y el mundo moderno. Cauca-Bogotá: Caucako unibertsitatea eta CESO- Andeetako unibertsitatea.