Hondarribia, Orio, Deba y Zumaia son los cuatro puertos de barra de Gipuzkoa. Junto con los puertos de refugio y los fluviales –navegables, en el siglo XVI, hasta lugares hoy impensables–, formaron parte de un entramado económico que ayudó a que los guipuzcoanos pudieran ser los protagonistas de expediciones como la que culminó en la primera vuelta al mundo.
Aurreko artikuluan azaldu genuen moduan, Gipuzkoako portuak bi multzo handitan sailka ditzakegu, beren ezaugarri geografikoen arabera: batetik, babes-portuak ditugu, eta bestetik, barra-portuak. Bada, kapitulu honetan bigarrenei erreparatuko diegu.
Barra-portuak Gipuzkoako ibai-arro nagusien bokaleetan daude. Horrela, Bidasoaren estuarioan Hondarribiko portua dugu; Oiartzun ibaiarenean, Pasaiako badia; Urumean, Santa Katalina izeneko Donostiako portua; Orian, Oriokoa; Urolan, Zumaiakoa; eta Deba ibaian, izen bereko portua.
Atrakaleku horiek guztiek ezaugarri bat dute berdina; hots, sarreran barra bat dute denek, denborale eta enbatetan oso arriskutsua izaten dena, batetik olatuak indartsu hausten direlako haien kontra, eta bestetik nahiko sakonera txikia dutelako; sakonera, gainera, murriztuz doa denborarekin, itsas lasterren goraldi eta beheraldien ondorioz gertatzen den sedimentazio-prozesuaren ondorioz. Horren guztiaren ondorioz, antzina sarritan geratzen ziren itsasontziak hondartuta edo urperatuta, instalazio horietara sartzeko ahaleginean.
Barra-portuei buruzko lehen berriak
Hondarribiak Erdi Aroaz geroztik ditu portu-instalazioak. Portu zaharrena, Asturiaga izenekoa, hiriaren ipar-mendebaldean zegoen. XVI. mendearen lehen herenera arte hura zen ainguraleku bakarra. Mende hartan, ordea, moila berri bat eraiki zuten Puntalean, eta mende berean beste hainbat azpiegitura gaineratu zitzaizkion. Batzuekin eta besteekin, herri horretako portu nagusia bilakatu zen.
Orioko portua herriaren ondoan eraikitako moila bat baino ez da. Bertan amarratzen dituzte arrantza-ontziak. Portuari buruzko lehenbiziko albisteak 1533. urtekoak dira: bertan aipatzen denez, laguntza ekonomiko bat eman zitzaion, barran nabigatzeko baldintzak hobetzearren zenbait lan egiteko. Badakigu 50 urte geroago beste 50 dukat gastatu zituztela barran eta atrakalekuaren zimenduetan egindako hargintza-lanetan. Nolanahi ere, antzinako nabigazio-mapetan adierazten denez, antzina portu ona zen. Bertan tamaina handiko itsasontziak eraikitzen ziren, eta ontzi handiak ibil zitezkeen sartu-irtenean. Haatik, denboraren poderioz, barrak sakonera galdu zuen, eta bertako sarbidea gero eta arriskutsuagoa bihurtu zen.
Zumaia Gipuzkoako itsasontzigintza-gune nagusietako bat izan zen XVI. mendean. Hango ontzioletan kabotajeko merkataritzarako, arrantzarako eta balearen ehizarako itsasontziak eraiki ziren. Hari buruzko lehen albistea 1584. urtekoa da, eta han adierazten zenez, bertako barrak arrisku nabaria bazuen ere, “Bizkaiko kostako nagusietako” bat zen. Horrenbestez, hango kanalean barrena itsasontzi handi eta txiki asko sartzen ziren oso sarri. Denboraren joanak arazo berri bat ekarri zuen: sedimentazio-prozesu etengabearen ondorioz barraren sakonera murriztea.
Deba, bestalde, Gipuzkoako merkataritza-portu nagusietako bat izan zen XVII. mendera arte. Bertatik esportatzen ziren Gaztelako ia artile guztiak Europa iparraldeko herrialdeetara, bertatik irteten ziren inguruko burdinoletan eratutako manufakturak, eta bertatik sartzen ziren arroko, Gasteizko eta Gaztelako biztanleek behar zituzten lehengai eta hornidurak. Zenbait arazok baldintzatu egin zuten haren hedapena: batetik, Mutrikurekin arazoak sortu ziren, bakoitzaren jurisdikzio eta eskubideak zirela-eta; bestetik, oso sakonera txikia zuen, eta arriskutsua ere bazen, eta horregatik, denboraleetan oso zaila zen bertara sartzea, hau da, itsasontzi txiki eta ertainak baino ezin ziren sartu. Bertako azpiegitura sinple samarra izan zen; ibaiertzean murrutzar bat eraikitzera mugatu zen. Bertan egiten ziren salgaiak kargatu eta deskargatzeko lanak.
Ibai-arro nabigagarriak: XVI. mendeko autobideak
Bestalde, Gipuzkoako ibai-arro nagusietan barna nabigatu egin zitekeen azken tartean, gaur egun pentsaezinak liratekeen lekuetaraino. Hala, XVI. mendean gure arbasoek haietako zenbait nabigagarri egiteko lehen ikerketak egin zituzten. Lehen proiektua 1535ean eratu zen, eta Bidasoari buruzkoa zen, hots, Nafarroak itsasorako zuen bideari buruzkoa. Donostia eta Tolosa aurka azaldu arren, lanak burutu egin ziren, eta horri esker, eskualde horretan Nafarroako eta Aragoiko artilearen merkataritza indartu egin zen.
Arrazoi hori dela-eta, esan daiteke ibaiak izan zirela antzinako “autobideak”, hau da, Gipuzkoako barnealdea kostaldearekin komunikatzeko bide nagusiak. Idatzizko lekukotzen arabera, gipuzkoarrek, nafarrek, gaztelauek eta aragoiarrek bizirauteko behar zituzten produktuen portzentaje oso handi bat haietatik sartu eta irteten zen, bai eta burdinola eta ontzioletako lehengaiak ere, eta Probintziako establezimenduetan manufakturatutako produktuak esportatzen ziren haietan barrena.
Ibaietan zehar zebiltzan salgai eta pertsonen joan-etorri handiari erantzuteko, ibilguetan zehar azpiegitura bat eraiki zen, gutxi-asko konplexua, zenbait elementuz osatua: lonja-etxeak, errenteriak, lehorreratzeko lekuak eta ibai-portu txikiak. Gainera, ibai batzuetan bidesarietarako ordainlekuak edo ibiak ezarri ziren, haietan nabigatu ahal izateko. Horren adibide da Murgiako jaunek Urumean zutena, Ergobia parean.
XVI. mendean, Gipuzkoako kostaldeko portuen (babes-portuak zein barra-portuak izan) eta ibai-portuen egiturak azpiegitura ona eskaini zien merkatariei, garraiolariei, arrantzaleei eta itsasontzi-manufakturako artisauei beren lanak behar bezala egiteko. Esan daiteke lagungarriak izan zirela, nolabait, gipuzkoarrak balentria entzutetsuenetako batzuetan protagonista izan zitezen, hala nola Sebastian Elkanoren lehen zirkunnabigazioan.