Gipuzkoako portuak XVI. mendean: babes-portuak (I zatia)

Lourdes Odriozola, Historian Doktorea
24 UZT, 2019

Pasaia, Getaria, Donostia eta  Mutriku Gipuzkoako lau babes-portuak dira. Barra-portu eta ibai-portuekin batera, XVI. mendean Gipuzkoa merkataritza eta itsas-potentzia izateko egituraren elementuetako bat izan ziren. Eta horrela, besteak beste, lehen mundubira bilakatu zen espedizioan parte hartzeko aukera izan zuten.

Oso antzinatik, itsasoa eta arro hidrografikoak izan dira Gipuzkoan finkatutako jendearen gizarte- eta ekonomia-harremanak artikulatu dituzten ardatzak, bai eta horiek beste komunitate eta herri batzuekin artikulatu dituztenak ere. Horregatik, Historiako zati handi batean, itsasoa eta ibaiak izan dira bertako biztanleen aberastasun-iturri nagusiak, hain zuzen ere merkataritzari, arrantzari, garraioari eta itsasontzigintzari lotuta. Espazio hori –hasieran artisau-erakoa eta ondoren industriala– pixkanaka konfiguratu zen, eta faktore endogeno nahiz exogenoek baldintzatu zuten.

Gipuzkoako kostaldea, Mesozoikoko eta Paleozoikoko materialez osatua, malkartsua eta labartsua da. Badia eta itsasadarren segida bat du, eta horietara hainbat ibai iristen dira, ibilbide laburrekoak, uhartasun handikoak eta emari urrikoak. Konfigurazio geografiko horrek garrantzi handia izan du historian zehar, hala arrantza-baliabideak sortzeagatik nola kostaldeko eta ibaietako portuak azpiegituraz hornitzeko aukera emateagatik, betiere mendeen joanarekin sortuz joan diren premia ekonomikoetara egokituta.

Faktore horien guztien ondorioz, Gipuzkoako paisaiak erakarpen handia sortzen zuen, eta erromatarren garaietatik kosmografo, geografo eta bidaiariek interes handia erakutsi zuten lurralde horrekiko. Itsasbide eta ibilbide askotan geratu da horien lekukotza; besteak beste, Estrabon, Ptolomeo, Pedro Texeira eta Teofilo Guiard-enak. Horri esker jakin dezakegu zer-nolakoa izan zen Gipuzkoako kostaldea hainbat garaitan.

Gipuzkoako portuak, beren ezaugarri geografikoen arabera, bi multzo handitan sailka ditzakegu: batetik, babes-portuak, edozein urte-sasoirako egokiak; eta bestetik, barra-portuak, arro hidrografiko nagusietako batzuen bokaleetan daudenak. Artikulu honetan lehenengoak aztertuko ditugu –Pasaia, Donostia, Getaria eta Mutrikukoak, bakoitza bere berezitasunekin–, eta horrengo artikulo batean barra-portuez hitz egingo dugu.

Gipuzkoako babes-portuak azpiegitura egokiz hornituta zeuden Sebastian Elkanoren garaian. Haiekin, erraz ase zitzaketen garai hartan merkataritzan eta arrantzan zituzten premiak. Barra-portu eta ibai-portuekin batera osatu zuten sareak lagundu zuen, nolabait, gipuzkoarrak garaiko balentria ospetsuetan parte hartzea, lehen mundubiran esaterako.

Pasaia, Gipuzkoako badia seguruenetako bat

Pasaiako portua “Gipuzkoako nagusiena” zela aipatu zuen Texeirak; eta Gorosabelek, berriz, “Kantabriako kostako seguruena eta onena” zela. Kala handi bat du, eta bertara dimentsio handiko itsasontziak porturatu daitezke segurtasun-baldintza egokietan. Badu eragozpen bat: sarrera zail samarra izatea. Hala, zenbaitetan, ontziek sarbidean itxaron behar izaten dute, beste ontzi txikiago batzuek atoan eraman ditzaten. Haatik, hain zuzen ere horrek bilakatzen du portu hori Gipuzkoako badia seguruenetako bat. Obrei buruzko lehendabiziko erreferentzia historikoak 1497. urtekoak dira. Orduan, Errege-erregina Katolikoek Errenteria aldeko kaiak edo moilak konpondu egin behar zirela erabaki zuten. XVI. mendean, moila bat eraiki zuten San Joan Erriberakoaren elizaren aurrean, eta dorre zirkular bat haren sarreran, itsasontziak Frantziako tropen balizko eraso batetik babesteko. Obra guztiekin, Pasaiak portu-azpiegitura paregabeak izan zituen; baleontzi askok erabiltzen zituzten azpiegitura haiek, Ternura abiatu aurretik hornitzeko edota balearen olioa edo gantza deskargatzeko.

 

Getaria, portu-azpiegitura onenetarikoa zuen XVI. mendetik

Getaria da Gipuzkoako beste ainguraleku handia, eta, gutxienez XVI. mendeaz geroztik, Gipuzkoako kostaldeko babes-portu nagusitzat jotzen da. Sakonera handi samarreko senadi handia du, eta tona askoko ontziak sar daitezke bertan; gainera, San Anton uharteari esker, ipar-ekialdeko haizetik babestuta geratzen dira ontziak. Portu hori arrantza-ontzientzat garrantzia hartzen ari zela-eta, 1536an San Anton uhartearen alboan beste moila bat eraikitzeko premia sortu zen. Hiru hamarkada geroago, portua herrigunearekin lotzeko dike bat eraiki zen, eta 1598an kontra-moila bat altxatu zuten. Horrekin guztiorrekin, Getariak Gipuzkoako portu-azpiegitura onenetarikoa zuen XVI. mendearen amaieran.

 

 

Donostia, mirespen handiko portua bere garaian

Donostiako eta Mutrikuko portuek antzeko ezaugarriak dituzte. Bietan kala txiki samarra da eta sakonera gutxikoa. Hala, ontzi txiki edo ertainak soilik sar daitezke. Gainera, biek bazuten abantaila bat: hots, bertan ainguratutako itsasontziak itsas denboraleetatik babestuta zeuden.

Donostiako garai bateko portuak Kontxako badia osoa hartzen zuen. Zamalanak Kontxako hareatzan (edo portu handian) egiten ziren, bai eta harresiaren ondoko ainguralekuan (edo portu txikian) ere. Harrizko lehendabiziko ontziralekua XV. mendearen bigarren erdian eraiki zen, Urgull mendiaren paralelo. Haatik, XVI. mendean egin ziren azpiegitura-lan garrantzitsuenetako batzuk. Hala, moila luzatu egin zuten, sarrera babesturik gera zedin, eta kanpoaldeko moila edo “kaiarriba” eta beste zenbait ere eraiki zituzten. Azpiegitura horiek eraikuntza-kalitate handikoak zirenez, mirespen handia sortzen zuten garai hartan.

 

Mutriku, harrizko moilak edukitzen lehena

Mutrikuri beste ohore bat dagokio: harrizko moilak edukitzen lehena izatea probintzia osoan. XIII. mendean eraiki ziren, Fernando III.aren erregealdian, eta Joana Eroaren garaietan handitu eta berritu egin ziren. Honako hauek zeuden garai hartako portu-azpiegituran: kofradia zaharreko atrakalekua edo kanpoaldeko moila, Moila-berri izeneko moila, eta kanpoaldeko muturra edo moila. Instalazio horietan kalte handiak eta ugariak izan ziren etengabe, itsas denboraleen eta itsasaldien eraginez. Mutrikuko kontzejuak diru-kopuru handiak erabili zitu en horiek konpontzen, baina emaitzak hutsalak izan ziren, 1760. urtean “Intxirri” moila berria eraiki zuten arte.

Gipuzkoako portuei buruzko artikulo honen bigarren zatian Gipuzkoako arro nagusien ibai-ahoetan kokatuak daudenbarra-portuei buruz hitz egingo dugu, eta Hondarribia, Orio, Zumaia eta Debako portuen historiara gerturatuko gara. Aldi beren, ikusiko dugu Gipuzkoako arro nagusiak nabigagarriak zirela ikusiko dugu, gaur egun imaginatu ezin dezalekun lekuetaraino.