Euskal Herria itsastarra, jatorriaren bila (1/4)

Aitor Leniz, Historiako gradua eta arkeologiako eta irakaskuntzako masterrak
13 AZA, 2020

Euskaldunon Itsas Historiari buruz dakigunak hutsune asko ditu, neurri handi batean mitifikatua dago eta sarritan testuingurutik kanpo aztertua. Horregatik, esaterako Juan Sebastian Elkano pertsonaia Euskal Herriko XVI. mendeko testuinguruaren emaitza modura ulertu behar da. Lorpen horretarako punta-puntako euskal ontzigintza ezinbestekoa izan zen baina ezer gutxi dakigu bere jatorria eta garapenari buruz. 

Askotan Historiako pasarterik esanguratsuenak garaiko testuingurutik kanpo eta gertakizun isolatu gisa barneratzen ditugu. Horregatik gaizki ulertuak eta mitoak sortu eta zabaltzen dira gizartean egia aldaezin bilakatu arte. Are gehiago, iraganeko garai eta gai batzuetaz orokorrean gutxi jakiteak ez du laguntzen eta badirudi mitoek hutsune horiek bete eta zentzu bat ematen lagundu dutela gizakiaren historian zehar. Baita kolektibo bataren edo bestearen interesak babesten ere askotan. Esate baterako XIX. eta XX. mendeetan Europako herri gehienek haien nazioak justifikatzeko Historia nazionalak asmatu zituzten; Historia distortsionatuak normalean. Handik eta hemendik pasarte batzuk hartu, beste batzuk ezkutatu eta noski, beste hainbeste asmatu egin zituzten. Gauzak horrela, ariketa horren ostean nazio txikiago batzuen Historiek baztertuta amaitu zuten eta ez zituzten landu tokian tokiko iniziatiben ondorioz beraien Historia propioak ere aldarrikatzen hasi arte. 

Aipatutako asmakizun historiko horiek aura erromantiko edota fantastiko bat daukate normalean eta ez da lan erraza izaten mitoak zalantzan jartzea ikerketa eta aurkikuntza berriekin. Hau da, publiko orokorrari argudio fidagarridun hipotesi bat erakutsi eta behintzat argudio zaharrak ez direla jada erabilgarriak frogatzea. Zalantzarik gabe hori ez da horrela nire etxean betidanik entzun dut beste modu batera izan zela eta, edo antzeko adierazpenak entzuteko prest egon behar da historialaria. Urrunera joan gabe, duela urte gutxira arte erromatarrak euskal kostaldean egon ez zirela esaten zen baina gaur egunean, dakigun bezala, mito hori baztertuta dago. Hau da, ziur esan dezakegu baietz aztarnak aurkitu baitira hainbat herritan; Lekeition, Getarian eta Oiasso-n (Irunen) kasurako.

Franz Hogenberg, Georg Braun eta Joris Hoefnagel flandiarren 1575eko Bilbo hiriaren errepresentazioa. Hirigunetik ibaiaren bokalera arte (goian eta ezkerrean) itsasontzi trrafiko handia dagoela nabari daiteke.

 

Euskaldunak itsasgizon eta ontzigile apartak bihurtu ziren Europa mailan

Beraz, zein testuingurutan kokatzen da Juan Sebastian Elkano? Badakigu gutxi gora-behera XV. mendearen bigarren erdialdean eta batez ere XVI. mende hasieran euskal kostaldeko testuinguru ekonomiko eta politiko-soziala nabarmenki eraldatu zela. Aldaketa horiek zuzenean edo zeharka itsas aktibitateekin lotuta zeuden. Alde batetik industriako sektore ezberdinetako eraldaketak eman ziren: ontzigintzan, arrantza eta bale-ehizan, burdingintzan, egurgintzan, armagintzan etab.  Bestetik merkataritzan Erdi Aroko ohitura zaharrak aldatuz joan ziren, euskal klase burgesa indartu egin zen eta noblezia tradizionalarekin lehiatu ahal izan zuen. Herritarrek hiribilduen izendapenek suposatzen zituzten abantaila sozio-ekonomikoak baliatu eta Kofradiak edota Itsas Kontsulatuak fundatu zituzten. Noski, horretarako erregearen babesa beharrezkoa izan zen. Koroak monarkia feudalak izatetik monarkia absolutu izatera jo zuten (monarkia autoritarioak) eta horrek boterearen zentralizazioa, burokraziaren konplexutasuna eta politika inperialista-kolonialistak bultzatzea eragin zuen beraien eskubide jainkotiarrarekin justifikatuz. Hein batean burgesiaren interesekin bat zetorren: noblezia ahuldu, burgesiak nolabaiteko babesa jaso eta bide batez erregeak kontrola eta boterea handitu zezakeen lurraldean. Amaitzeko kontuan hartu Euskal Herria garai hartan administratiboki eta juridikoki banatuta zegoela bai erreinu eta bai barne lurraldeen artean. Beraz zonalde estrategiko eta gatazkatsua zen: Gaztelaren menpeko lurrak (Bizkaiko jaurerria eta Gipuzkoa eta Arabako probintziak), Nafarroa Garaia (gero Gaztelak konkistatu zuena), Nafarroa Behera (Nafarroa Garaia konkistatu ostean jarraipen bat izan zuen Frantziako koroak bereganatu arte XVII. mendean), zuzenean Frantziaren menpe zeuden lurrak etab. Bestalde atzerriko faktoreek ere efektua izan zuten euskal lurraldeetan: gerra-estrategia aldaketak eta bolboraren erabileraren zabalkuntza, Martin Luterok aldarrikatutako protestantismoaren sorrera eta ondorengo Europako erlijio-gatazkak, Errenazimendua eta Humanismoaren korronte artistiko, zientifiko eta intelektuala, itsasoko merkataritza-bide berrien irekiera (Gibraltarreko pasartea zabaltzean Atlantikoko eta Mediterraneoko merkataritza plazak estuago erlazionatu ziren eta baita europar koroen arteko lehia bizitu zen Afrika eta batez ere Asiara heltzeko bideengatik), Amerikaren kolonizazioa, Europako gerrak etab. 
Giro honetan euskaldunak itsasgizon eta ontzigile apartak bihurtu ziren Europa mailan. Garraiolari lanetan eta ondoren merkatari lanetan aritu ziren, funtzionario eta gerragizon bezala Madrilen eta atzerrian ibili ziren, nabigazioko zientzietan adituak ziren, esploratzaileak izan ziren, kortsarioak ere bai, erriberako arotz apartak izatera heldu ziren edota bale-ehiza eta arrantza tekniketan berritzaileak izan ziren. Duda gabe itsas munduan erreferenteen artean zeuden.

Nahiz eta jada XVII. mendekoa izan, ondorengo aipamenak  euskaldunen inguruan ideia bat egiten lagundu diezaguke. Aitor Iturbe ikerlariak 2014ko Kurik aldizkariaren 40. orrialdean zera dio XVII. mende hasierako Samuel Purchas elizgizon eta historialari ingelesaren hitzetan oinarrituta: “[…] Moscovy Company ingelesak baleak harrapatzeko euskaldun adituak kontratatu zituen. Purchas-ek, Thomas Edge-ri jarraituz, halaxe dio: in the yeere 1611 the Companie set footh two ships for Greenland…the Admiral had in her six Biskayners (antza Donibane Lohizunekoak) expert men for the killing of Whales in Greenland and about the twelfth of June the Biskayners killed a small whale… Euskaldunak izan ziren maisu, baina ez zioten arrantza egiten utzi han!”


Zumaiako San Pedro Elizan kontserbatzen den boto oparia. Juan Martínez de Mendarok 1475an Gibraltarreko batailan gaztelako armadarekin protugaldarren eta genoarren aurka lotutalo garaipea irudikatzen du.

Beraz Juan Sebastian Elkano guzti honen sintesia edo emaitza da. Hau da, probabilitate handiz Elkano existitu ez balitz beste euskaldun bat izan litekeen munduari bira ematen lehena. Alabaina, itsasoko aktibitateetarako trebetasun hau bat-batean sortu ote zen XV. eta XVI. mendeetan? Zaila egiten da hori sinestea. Esate baterako kontuan izan euskal kostaldeko geografia malkartsu eta menditsua nekazaritzan jarduteko traba handia izan dela historian zehar eta horregatik janariaren zati handi bat inportatu egiten zela. Behar horrek noiztik derrigortu zituen euskaldunak itsasoz jakiak ekartzen? Eta trukean ez al zuten beste produkturik esportatu behar izan? Mendebaldeko erromatar inperio V. mendean desegitean guztiz desagertu ote zen itsas merkataritza eta harreman sarea? Eta ontzigintzako ezagutza galdu egin ote zuten? Galdera hauek eta beste asko sakonago ikertzeko beharra dago oraindik eta horretarako lehen pausoa Itsas Historiarekin lotutako mitoak deseraikitzea da.

Probabilitate handiz Elkano existitu ez balitz beste euskaldun bat izan litekeen munduari bira ematen lehena

Kontuan hartu behar dugu gai honen inguruko Erdi Aroko iturri arkeologikoak oso urriak direla eta are urriagoak Antzinarokoak eta Historiaurrekoak. Hala ere ontzigintzari buruzko aztarnak urriak dira indusketa arkeologiko gutxi egin direlako eta ez itsasontzi zaharren aztarnak egon ez daitezkeelako. Isurialdeko atlantikoko gainerako herrialdeetako aurkikuntza mordoa besterik ez da ikusi behar berton ere egon daitezkeela pentsatzen hasteko. Beste alde batetik ontzigintzaren inguruko Erdi Aroko iturri idatziak ere ez dira oso ugariak eta ikonografikoak gehiago badaude ere, kontuz aztertu behar dira artistaren imajinazioa sartu daiteke eta hor. Hain zuzen ere, euskal ontzigintza historikoaren jatorria landu duten ikerketak ia iturri ikonografikoetan eta kondairetan soilik oinarritu dira. Hiribilduetako zigiluetan, monumentu batzuetako irudikapenetan eta San Leonen kondaira bezalakoetan oinarrituz, ikerlari gehienek Euskal Herriko ontzigintzaren jatorria XIII. mende inguruan kokatzen dute. Hau da, ez dokumentuekin ez iturri arkeologikoekin berretsitako hipotesi ugari zabaldu dira. Azkenik, lehen esan dugun bezala testuinguru ekonomiko, politiko eta soziala gehiago kontuan hartzea ere faltan botatzen da ontzigintzako bilakaera teknologikoa hobeto ulertzeko. Bestela esanda, kostaldeko populaketaren antolaketa prozesua, inguruko lehengaien ustiapena, erreinu bakoitzaren botere politiko eta administratiboa, monarkia ezberdinen arteko harremanak eta antzeko ikerketa ikuspuntuek informazio berria eman diezagukete.

Beraz euskaldunon eta itsasoaren arteko erlazioaren Historiak hutsune ugari ditu eta esan bezala mitifikatua dago. Hori dela eta, hurrengo 4 ataletan Erdi Aroko eta Aro Berriko ontzigintza euskaldunaren jatorriari buruz zalantzan jarri daitezkeen aspektu batzuen inguruan jardungo dugu. Zehazki jatorria azaltzeko erabiltzen diren bi oinarrien inguruan, hau da influentzia nordikoaren eta mediterranearraren inguruan. Azpimarratu nahiko nuke modu berean hausnarketa hauek ere deuseztatuak izan daitezkeela etorkizunean etorriko diren ikerketekin. Beraz ontzat eta egia aldaezintzat hartzen dugun informazio historikoa zalantzagarria, moldagarria edota guztiz aldagarria izan daitekeela besterik ez dugu frogatu nahi ondorengo kapituluetan.

Lehenik bikingo-normandoen eta euskaldunen arteko lotura jorratuko dugu. Erdi Aroko kultura honek interesa pizten du zalantzarik gabe mundu osoan. Azken urteotan modan ere egon badaudela esango genuke (telesailak, pelikulak, liburuak, tatuajeak etab.). Hasierako mendeetan paganoak izateak, itsasgizon eta esploratzaile trebeak izateak, kultura ezberdin askorekin kontaktuak izateak eta iturri gehienetan (ia denak atzerrian ekoiztuak) basati eta gizon anker bezala irudikatuak izateak beraienganako erakarpen puntu bat edo xarma bat sortu dute. Bikingoak Euskal Herrian ere egon zirela esaten da baina, egia ote da? Zertan oinarritzen da hori?


BIBLIOGRAFIA


-    Alberdi Lonbide, X. (2012); Conflictos de intereses en la economía maritima gipuzcoana. Siglos XVI-XVIII. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (Doktoradutza lana).
-    Alberdi Lonbide, X. y Aragón Ruano, A. (1998); “La construcción naval en el País Vasco durante la Edad Media”, Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País Vasco, 2, Untzi Museoa-Museo Naval: Donostia, 13-33 orr.
-    Arizaga Bolumburu, B. eta Bochaca, M. (2003); “El comercio marítimo de los puertos del País Vasco en el Golfo de Vizcaya a finales de la Edad Media”, Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País Vasco. 4, Untzi Museoa-Museo Naval, Donostia, 41-53 orr.
-    Barkham Huxley, M. (1984); “La construcción naval vasca en el siglo XVI: la nao de uso múltiple”, Vasconia: Cuadernos de historia-geografía, 3, Eusko Ikaskuntza, Donostia, 101-126 orr.
-    Iturbe Gabikagojeaskoa, A. (2014);”Beheko Kaleko Altxorra”. Kurik. Ate zulotik ikusten da… Lekeitio, Lekeitioko udala: Lekeitio, 36-46 orr.
-    Laburu, M., Azkarraga Ibazeta, J., Astui Zarraga, A. y Sustaeta, J. M. (2010); La Enciclopedia Emblemática. Historia Marítima. Arquitectura Naval Vasca (Ayerbe Etxebarria zuzen.), Etor-Ostoa S. L.: Lasarte-Oria.
-    Rivera Medina, A. M. (1998); “Paisaje naval,  construcción y agentes sociales en Vizcaya: desde el medioevo hasta la modernidad”, Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País Vasco, 2, Untzi Museoa-Museo Naval, Donostia, 49-92 orr.