Europaren aurkikuntza (I): Txina eta Japon

Sirio Canós Donnay, Arkeologoa, Incipit-CSIC
2 UZT, 2021

Esploratzaile handiengan pentsatzen dugunean, burura etorri ohi zaigun lehenengo irudia popako gaztelutik zerumugari begiratzen dion gizon zuri batena da. Esplorazioaren ikuspegi hori partziala, maskulinoa eta norabide bakarrekoa da, eta, horren arabera, europarrak gara beti 'besteak' aurkitzen ditugunak; hala, esplorazio-bidaien aniztasuna alboratzeaz gain, europarrak ere beste zibilizazio eta kultura batzuek hamaika aldiz 'aurkitu' gintuztela ahazten du. Sail honen helburua begirada hori aldatzen hastea da, Europa eta hango jendea beste kontinente batzuetako bidaiariek eta esploratzaileek nola deskribatu zituzten aztertuz; Txinarekin eta Japoniarekin hasiko gara lehen post honetan.

Gure aroko lehen mendean hasiko dugu ibilbidea: Eurasia bi inperio handik menderatzen dute, Erromak mendebaldean, eta Txinak (Han) ekialdean. Biek ala biek gauza gutxi dakite besteari buruz, eta ez dute inoiz zuzeneko harremanik izan.  K.o. 97. urtean, Ban Chao jeneral txinatarrak erabaki zuen bazela garaia gehiago jakiteko, eta Gan Ying izeneko mezulari bat bidali zuen Erromara, Da Qin izenez ezagutzen zuten horretara. Zoritxarrez, Gan Yingek ez zuen lortu Persiako golkotik aurrerago joatea, baina bidaian nahikoa informazio bildu zuen, eta txostena idatzi zuen:

Da Qin [大秦] Erresuma Lijian [犂鞬] izenez ere ezagutzen da. Itsasoaren mendebaldera dagoenez, Haixi Erresuma [海西, lit. ‘itsasoaren mendebaldean’] ere esaten diote.Lurralde horrek milaka li [1 li ≃500m] hartzen ditu. Eta harresiz inguratutako 400 hiri baino gehiago ditu. Mendeko dozenaka erresuma ditu. Hirietako harresiak harrizkoak dira. Posta-guneak ezarri dituzte tarte erregularretan, pareta luzitu eta kareztatuekin. Pinuak eta nekostak daude, baita mota guztietako zuhaitzak eta landareak ere. Jende xehea nekazaritzan aritzen da. Zereal eta masustondo asko landatzen dituzte. Ilea larru-arras moztuta eramaten dute, eta jantzi brodatuak dituzte.

Ondoren, Gan Yingek Da Quingo gobernu-sistema deskribatuko du:

 “Gobernuaren artxiboen departamentu bat dago. 36 buruzagi biltzen dira estatu gaiei buruz eztabaidatzeko. Erregeak ez dira iraunkorrak. Meritu gehien dituen gizona aukeratzen eta izendatzen dute. Erresuman ustekabeko ezbeharrak gertatzen badira, hala nola haizeteak edo eurite ugariak eta izugarriak, kargugabetu eta ordezkatu egiten dituzte, inolako begirunerik gabe. Kargua galdu duenak txintik atera gabe onartzen du ordezkapena, eta ez da haserretzen”.

Gan Yingek egindako Erromatar Inperioaren deskribapena ez da inola ere zehatza, noski, baina gauza bera gertatzen zen Saharaz hegoaldeko Afrikan bi buru zituen jendeari buruz kide europarrek egindako bidaien kontakizunetan. Gainera, posta-sistemaren deskribapenak iradokitzen du, Erromara iritsi ez zen arren, haren iturriek Inperioko hiriburuarekin harreman zuzena zutela.

1. irudia. Da Quingo (Erromatar Inperioa) gizon baten erretratua Ming Sancai Tuhui entziklopedian, 1609an argitaratutakoan. Hauxe dio testuak: ‘Daquin:mendebaldeko merkatariek hemen amaitzen dituzte beren bidaiak. Erregeak urrezko hariz brodaturiko oihalak janzten ditu buruan. Lurrak koralak, urrezko loreak, oihal lakarrak, perlak eta abar ematen ditu. Iturria: Austriako Liburutegi Nazionala.

 

Mende batzuk geroago, Erromara iristeaz gain, hango Aita Santuarekin elkarrizketatu zen Rabban bar Sauma monje uigurra. Beijing jaioterritik (orduan Zhongdu) urte askoan bidaiatu ondoren, bar Rauma Mediterraneora iritsi zen azkenean, eta 'egun osoan kea isurtzen duen eta gauean tontorrean sua duen' mendi bitxi bat aurkitu zuen; inor ez zen mendi hartara hurbiltzen ausartzen, sulfuro jarioen ondorioz. 1287. urtea da, eta Vesubioren erupzio bete-betean iritsi zen Bar Sauma Napolira.

Nikolas IV.a aita santuarekin, Frantziako Filipe IV.arekin eta Ingalaterrako Eduardo I.arekin elkarrizketatzeaz gain, Bar Saumak bere bidai egunkarietan (persieraz idatzi zituen eta itzultzean argitaratu ziren) kontatzen du Irîd Sharalo ('il re Charles', hau da, Karlos II.a Anjoukoa) eta Irîd Arkún (Aragoiko erregea, Jakue II.a) izeneko tokiko bi errege garrantzitsuren arteko itsas guduaren lekuko izan zela. 1287ko ekainaren 23an Sorrento badian izandako 'Kondeen gudua' da.

Ekialdera itzultzean, 1549an jada, Japoniako herri txiki bat egun arrunt baterako prestatzen ari zela, bat-batean irudi bitxi bat agertu zen bidean:

 “Lehenik, haren sudur luzea sumatzen zen. Garatxorik gabeko maskorra bezalakoa zen, hurrupatua eta [aurpegian] itsatsia. Begi handiak zituen! Teleskopio pare bat bezalakoak ziren, baina iris horiak zituzten.Buru txikia zuen, eta atzapar luzeak esku eta oinetan. Zazpi oin baino gehiagoko altuera zuen, eta beltza zen.Buruaren gainean larru-arras moztutako gune bat zeukan, sake kikara biratu baten tamainakoa. Haren mintzoa ulertezina zen belarriarentzat; haren ahotsak hontzaren garrasia gogorarazten zuen. Denek ihes egin zuten hura ikustean, kaleetan kontrolik gabe elkarren kontra joz. Mamu hura munstrorik ankerrena baino izugarriagotzat jo zuten”.

'Munstro' hura Frantzisko Xabier jesuita nafarra zen, misio ebanjelizatzailean iritsi berria; 1639ko Kirishitan Monogatari (Kristauen Historiak) lanean horrela deskribatu zuten.

2. irudia. Merkatari portugaldarrak Nagasakin, XVII. mendea. Nanban bionbo baten xehetasuna. Iturria: Antzinako Artearen Museo Nazionala, Lisboa.

 

Nanban-jin zeritzenen edo ‘hegoaldeko barbaroen’ etorrerak (horrela deitu zieten portugaldarrei eta, hedaduraz, europar guztiei) eragin handia izan zuen garaiko artista japoniarrengan, eta tenjikujin (Indiako gizonak, handik zetozela uste baitzuten) haiek panel ugaritan irudikatu zituzten, haien jantzi komikoak eta sudur handiak nabarmenduz. Antza denez, bisitari haien jokamoldeak ez ziren oso egokiak, Yaita-Ki (XVII. mendea) kronikak jasotzen duenez:  “Hatzekin jaten dute, zotzekin jan beharrean, guk egiten dugun bezala. Inolako autokontrolik gabe erakusten dituzte beren sentimenduak. Ez dira gai idatzitako karaktereen esanahia ulertzeko”.

3. irudia. Kristobal Kolon Elisabet Katolikoaren aurrean, Osanaetoki Bankokubanashi-ren arabera, 1861. Iturria: Wasedako Unibertsitateko liburutegia.

 

XVIII. mendetik aurrera, eta batez ere XIX. mendean, bidaiari txinatarrak eta japoniarrak Europa bisitatzen hasi ziren, eta bidaien kronikak argitaratzen hasiko dira. Xie Qinggao (1765-1822) izan zen bidaiari horietako bat, eta Hai Lu(Itsasontziko Liburuak) izeneko bere lanean 14 urtez egindako bidaietan ezagutu zituen 95 herrialde eta eskualde deskribatu zituen. Espainiari edo Luzoni buruz, honako hau kontatu zuen:

 “Hango jendea basatia eta maltzurra da. Erlijio nagusia katolizismoa da. Urrea, zilarra, kobrea, burdina, ardoa, kristala, erlojuak eta beste gauza batzuk ekoizten dituzte. Txinan erabiltzen diren zilarrezko dolarrak herrialde horretan egiten dira. […] Herrialde horretako erregeari li-rei esaten diote. Erregearen seme zaharrenari li-fan-tieh [infantea] esaten diote; erregearen beste semeei, pi-lin-shipi [printzeak]; alabei, pi-lin-so-shih [printzesak]. Lehen ministroari kan-tieh [kondea] esaten diote; eta armadako komandante nagusiari, ma-la-qui-tsa [mariskala?]”.

Kronika horien ondorioz, japoniarrengan Mendebaldeko kontinente bitxi horrekiko interesa pizten hasi zen, eta europar eta amerikar historia eta geografiako testu ilustratuak zabaldu ziren, hala nola Utagawa Yoshitora's-en triptikoak, Paris, Londres, San Petersburgo hirietakoak; edo 1861eko Osanaetoki Bankokubanashi, Amerikaren historiari buruzko kontakizun ilustratua, bestelako lan bikainen artean Elisabet Katolikoaren eta Kolonen irudikapen bat eta George Washington tigre bati ukabilkada bat ematen erakusten duen beste bat jasotzen dituena.

4. irudia. Londres, Utagawa Yoshitora-ren Igirisukoku Rondon no zu triptikoan, 1866. Iturria: Metropolitan Museum of Art.

 

Adibide hauek, anekdotikoak izan arren, kulturen arteko edozein topaketak beti 'bestearen' aurkikuntza dakarrela erakusteko balio izatea espero dut, baina nor den 'aurkitzaile' eta nor den 'aurkitua' elkarreragin hori aztertzen duen ikuspegiaren mende dago. Funtsezkoa da, beraz, Europa aurkitzailea eta aurkitua izan dela onartzea, eta ekuazioaren erdia aintzat ez hartzea historiaren gure ulermena sakonki pobretzea dela.  

 

 

 

Gehiago jakiteko:

Hemen aurkitu daiteke Gan Yingen kontakizun osoa (ingelesez).

Rabban bar Saumaren egunkariak webgune honetan kontsulta daitezke (ingelesez).

Iberiar penintsulari buruzko Xie Qinggao-ren Hai Lu laneko atala hemen irakur daiteke (ingelesez).

Yoshitoraren triptikoak Metropolitan Museum-en webgunean kontsulta daitezke.

Osanaetoki Bankokubanashi lanaren irudiak hemen kontsulta daitezke, eta iruzkinen aukeraketa bat (ingelesez) Nick Kapur historialariaren hari zoragarri honetan aurki daiteke.