Historia eta literatura unibertsalean Elkano-marinel-ezjakinaren kontakizuna ezarri da, gizaseme praktikoarena, merezi gabeko mundu-bira zoriak oparitu dionarena. Ondorioa, 500 urteko ahanztura eta gutxiestea. Salbuespen batekin: Getarian izan ezik.
1522ko urria, Valladolideko Gortea.
Burua borborka ezagutu zuen Angleriak Elkano. Mundu-biratik iritsi berria, esperientzia-zakua inork ez bezala beteta eta, derrigor, begia zabalduta. Angleriak, ordea, ez zuen Elkano hura ikusi, parean izan arren. Kontakizun ofizialean ‘ezjakin’ etiketa itsatsi zion gortesauak itsastarrari, etiketa itsaskorra inondik ere, oraindik bizkarrean daramalako ‘ezjakin’ gogor itsatsita.
Ezjakina: izenez aipatzerik ere merezi ez duena, euskaraz pentsatzen duen marinel arrunta, xumea, esku gogorreko artaburua, arrai usaindun bisigua, hortz-gabea, behar bezala hitz egiten ez dakien iletratua, automata praktikoa, krosko-bete espezia txiripaz ekarri zuen krosko-hutsa, irreflexiboa, euskal kaskezur primitiboaren ikonoa.
Elkanoren pentsamendua ezagutzeko saiorik ez da egin harrezkero, ezta hemen ere. Gaztelako gorteak ahotsa kendu zion euskaldunari eta ahotsik gabe jarraitu du 500 urtez. Elkano mutu mantentzeko ahalegin hori totala izan da. Tartean Canovas del Castillo ahaldunak ‘maisu apala’ deitu zion XIX mendean, eta XX mendean Zweig idazle kosmopolitak ‘traidore’, marinel euskaldunaren gaitasun intelektual eta moralak gutxiesteko estereotipazio ariketa bidegabe berean.
Irudia Elkanoren lehorreratzea (Elkano 7), Julian Ugarte (1929-2015).
Debekatutako ikerketa
Elkanok debekatua zuen pentsatzea eta guk debekatua dugu Elkanorengana pentsalari modura hurbiltzea. Aurreiritzien amaraun zurrunetik atera eta Elkanoren pentsamendua aztertzen saiatze hutsa asmo txarrekotzat hartzen da oraindik, akademiako ikerketa ildo ezarriak aldrebestera datorren proposamen zantarra. Elkano ezjakina da, eta zuk ere sekulakoak entzungo dituzu ausartzen bazara zalantzan jartzera Juan Sebastianen lastozko burua.
IazGOGOA aldizkarian argitaratu nuen artikuluan, esaterako, “Elkanotar Juan Sebastian, pizkundeko humanista utopikoa?”, hipotesia aurreratzen nuen: Elkanok garaiko joera humanistak zituela, errege gerrazaleen aurka idatzi zuela, asmo politiko hedatzaileak ez zituela gogoko eta paganismoa errespetatzen zuela. Orduz gero, eta zenbaitzuen erreakzio ustelak ustel, hipotesi hura indartzen joan da. Sarrera hau baliatu nahiko nuke, hain zuzen, artikulu horretan egiten ditudan baieztapenei segida eman eta azkenaldian agertu diren zenbait datu berri aurkezteko.
Elkano humanista utopikoaren hipotesia
Utopiak amesten zituen Elkano anti-inperialista, gerren kontrarioa, hipotesiak indarra hartzen jarraitzen du. Hipotesiaren oinarria Maximiliano Transilvano errege-idazkariaren bidaia-kronika da. Kronika haren azken zatia, Magallaes hil ondorengoa, Elkanok idatzitako kontaketaren latinerako itzulpena dela aldezten dut, hori baieztatzeko lau arrazoi nagusi aurkeztuta. Lehena, jakina dela Elkanok kontaera bat bere eskuz idatzi zuela eta errege-idazkariari kopia bat eman ziola. Bigarren kopia Sevillan utzi zuen, Samanoren esku. Bigarren arrazoia da, Transilvano idazkariak ez ziola munduari birarik eman, eta azkar batean idatzi zuela latinezko testua, 1522ko urrian bertan. Ez zuela gertakizunak asmatzen ibiltzeko denborarik izan, ez zuela bidaian gertatutakoa ezagutzeko beste modurik eta ez zuela eduki utopiko horienganako inolako lerratze ideologikorik bere emarikoa izateko. Hirugarrena da estiloa, bi kronika dirudite batean, Magallaesena aurrena eta Elkanorena ondoren, bata bestearen ondoren itsatsi balira bezala. Laugarren arrazoia da ordea garrantzitsuena, nire ustez erabatekoa. Beranduago, 1557an, Fernandez de Oviedo historialariak bi testuak konparatu zituenean, Elkanorena eta Transilvanorena, “ia berdinak dira” baieztatu zuen.
“Yo he seguido la relación que Johan Sebastian del Cano me dió, que es aquel capitán que volvió a España con la nao Victoria (como adelante se dirá), é quasi la misma relación que yo sigo escribió el bien enseñado secretario de César, llamado Maximiliano Transilvano, al cardenal Salceburgense.” (Fernandez de Oviedo 2011 (1535): libro XX. Capítulo 1, pag 15)
Bi testuak ia berdinak baziren, Transilvanok Elkanori kopiatu ziola ari da baieztatzen Oviedo, alderantziz ezinezkoa delako. Fernandez de Oviedok mundu-biraren zati hori nola kontatzen duen ikusita ere Transilvanoren kontakizunaren oso antzekoa da, hortaz bai Transilvanok, bai Oviedok aurrean zuten Elkanoren kontaketa jarraitu zuten. Beste aukerarik ez zait bururatzen.
Lau arrazoi horiengatik guztiengatik, modu sendoan baiezta daiteke: Transilvanoren kontakizun horrek Elkanorena jasotzen du edo, gutxienez, Elkanorenean oinarritzen da ‘ia bera’ izateraino. Hori hala bada, ondorioa: Elkanok bere kabuz pentsatzen zuen, garaiko joera humanista aurreratuenekin bat egiten zuen (oroit Erasmo edo Moro) eta ausartu zen Gaztelako hedapen politika inperialarekin zein Karlos V.aren gerrazaletasun ebanjelizatzailearekin kontrastatzen zuen utopia eder bat irudikatzen Malaysiako uharteetan.
Euskaldun izateagatik gutxietsia?
Elkano pentsalariaren hipotesia hain harrigarria egiten zaigunez, aztertu beharko litzateke ea Elkano pentsalariak sortzen duen harridura hori zenbateraino den hauspotua euskalduna marinel edo baserritar ‘ezjakina’ bakarrik izan daitekeen estereotipo gutxiesleagatik. Harridura horrek ez al du ezer baino gehiago erakusten euskaldunok historikoki jasandako injustizia epistemikoa? Elkanok pentsamendu aberatsa, kritikoa eta aurreratua izateak inor hainbeste harritzeak erakutsiko luke, ez Elkanori bakarrik, gizatalde oso bati ari zaizkiela euren kabuz pentsatzeko gaitasuna ukatzen.
Elkano garaiarekin batera irudikatzera ohitu gaitu historiografia espainiarrak, bat eginda hedapen inperialistarekin, monarkiaren esaneko morroi, eta halakoak. Sinplifikazioarekin dator ezjakinaren etiketa hori, elkar elikatzen dutelako. Esaneko morroi ezjakinak ezin zuen pentsamendu propiorik, utopikorik edo kritikorik izan. Interpretazio marko faltsu horretatik askatu behar gara Elkano ezagutzeko, biak berdin okerrak izan daitezkeelako.
Datu berriak
Elkano ezagun mundu-birak egingo duenez, mundu-bira-aurreko bere ibilbidea ez da apenas ezagutzen. Dakigunagatik, 34 urte zituen kontaketa idatzi zuenean, Malaysiatik Sevillara arteko itsas-bidean. Ordurako bi urte zeramatzan itsasoan, Getariatik urruti. Bere pentsamendua ulertzeko, Elkano gaztearen bizitza, ingurunea eta interesak ezagutu beharko genituzke, baina zoritxarrez 30 urtetik beherako Elkano hura da gutxien ezagutzen dena, oraindik ez zelako mundua inguratu zuen pertsonaia ospetsua.
Zorionez, ordea, 500 urteen harira datu berriak ari dira argitaratzen, interes handikoak. Batez ere bi iruditzen zaizkit esanguratsuenak Elkanoren utopiari sinesgarritasuna gehitzen diotelako. Gaztetan Getariako milizian jardutea eta 1520an Getaria Erregearen aurka matxinatu izana.
Elkano gazte milizianoa
Azpiazu eta Elorza (2021) ikerketaren arabera, 1515ean Elkano Getariako miliziekin zebilen Hondarribiko muga zaintzen, Frantziako armadaren erasoak saihesteko. Gogoratu 1512an Hernaniraino sartu zela armada frantsesa. Berarekin batera ziren beste 12 getariar, tartean Iohan Elkano, bere lehengusua edo izan litekeena.
Edonola ere, 1515ean Elkano Getariako miliziakide izatea argigarria da, batez ere geroxeago, 1520an, Gipuzkoan gertatuko denagatik.
Getaria matxinatua
Elkano Itsaso Barean dela Gipuzkoak sua hartuko du. 1520ko abenduan Gipuzkoako hainbat herri, tartean Getaria, Erregeari matxinatuko zaizkio, armetan. Gaur egun ia inork ez du Gipuzkoako matxinada hura ezagutzen, agian helburua lortu zutelako, euskaldunek irabazitako matxinada ia bakarra delako, Erregeak men egiteraino, baina foruen aldeko indar erakustaldi garrantzitsuenetako izan zen.
Altxamendu gogorra, broma gutxikoa. Herri matxinatuek 6.000 laguneko “armada” osatu zuten, Erregeak izendatutako korrejidorea, Cristóbal Vázquez de Acuña, probintziatik kanporatzeko. Ofentsiba harrigarrian, bidean topatutako erregezaleak hil zituzten, haien baserri eta basoak erre eta korregidorea Donostian ezkutatzera behartu. Behobiaraino gerturatu ziren arren, Donostiatik pauso batera, Acuña korrejidoreak ez zuen lurraldea utzi nahi izan eta laguntza eskatu zion Erregeari matxinada militarki birrindu zezan. Korrejidoreak berak 30 heriotza zigor sinatu zituen "Reveldes y desobedientes a sus reyes y señores "izateagatik".
“Los condeno a todos juntamente e a cada uno por sy a pena de muerte natural (…) los agan quatro quoartos, poniendo cada quoarto en su palo (…) sean deRibadas y deRocadas sus casas de morada por el suelo asta los cimientos, y sean aradas y senbradas de sal (…) Y condenoles mas a perdimiento de todos sus vienes muebles e Rayzes, acciones y derechos.” (Donostia, 1520ko abenduak 24)
Irudia:Getaria, F.Ruiz (1700/1800)
Heriotzera eta laurdenkatzera kondenatuen artean, Beltran de Unzeta, orduko Getariako alkatea. Erregeak, ordea, bizkarra eman zion korrejidoreari. Mehatxu frantziarra hain gertu izanda ez zitzaion komeni Gipuzkoa birrintzea, “en especial por ser tierra yndispuesta y fragosa, y las más de las villas lugares cercados (…) no se podia seguir otro provecho syno destruyr yermar la provincia, y era ocupar tanta gente en esta enpresa siendo menester en otras inportantes”. Matxinatuekin akordiora iritsi zen Erregea 1521eko urtarrilean, korrejidoreak Gipuzkoa uzteko, matxinatuei zigorrak barkatzeko eta Foruak errespetatzeko. Matxinatuak garaile eta matxinatuen aurkako neurririk ez.
Geratu datu honekin. Elkanoren senide eta herrikideek osatzen zuten Erregearen kontrako milizia-armatu-matxinatu hura, tartean Santiago Gebara koinatuak, Ines Elkano arrebaren senarra zena, eta Juntetako prokuradore Domingo de Elkanok, Juan Sebastianen osaba edo lehengusua izango zena, biek izen bera zutelako. Elkanoren leinua eta herria, biak foruen defentsan, bertako lege, ohitura eta pribilegioak Erregeak errespeta zitzan armatan zutituak.
Leinua aurrena
Badakigu XVI. mendean norberak ez zuela modu indibidualistan jokatzen. Niaren eztanda, indibidualismo burgesa, subjektibitatearen gorazarre modernoa orduantxe ari dira asmatzen. Oraindik leinu-mentalitatea dago. Juan Sebastian beste ezeren aurretik Elkanotarra da, Catalina Portukoaren semea, eta getariarra.
Elkano mundu-biran dabilenez ezin izan zuen matxinatu, Itsaso Barea zeharkatzen ari zelako Asiara bidean baina, Gipuzkoan balitz, non legoke?
Zalantzan jarri daiteke Elkanoren lerratze hori, ezin omen delako jakin Elkano non legokeen edo matxinadaz zer pentsatuko lukeen, bananduta Elkano alde batetik eta bere herria gehi leinua bestetik. Haritik tiraka, ordea, banaezin berragertzen dira.
Matxinatuak Loaysaren espedizioan
Gipuzkoako matxinadaren ondorioak ez ziren 1521an amaitu. 1520an Erregearen aurka zutitu ziren Elkanoren senide eta herrikide hainbat Elkanorekin batera, Elkanok deituta, 1525eko Moluketarako bigarren espedizioan abiatu ziren. Erregearen aurka armatan matxinatu ziren berberak, bost urte beranduago Erregearen proiektuan parte hartuko dute. Berberak. Errebelde eta desobediente kondenatu haietxek, tartean Santiago Gebara aipatutako koinatua.
1525ean Erregea oraindik ez zen gipuzkoar haietaz fio, ezta Elkanoz ere. Nabaria da ardura nagusi guztietatik kendu baitituzte euskaldunak, merituengatik zegozkien postuetatik ere. Esaterako, Elkanok izan beharko luke kapitain orokorra baina Erregeak Loaysa noble-militarra jarri zion gainetik. Gorteak ondo gordea zion Elkanori bere herrikideak bost urte lehenago matxinatu izana. Barkatzen diote, baina ez dute ahazten.
Elkanok eta Erregeak tratu komertziala zuten, Moluketako espezieak ekartzen aberastu nahi zutelako biek, baina okerra da hortik eratortzea biek berdin pentsatzen zutenik edo elkar fidatzen zirenik. Elkano ulertzeko, bere koinatu Santiago Gebararekin batera ulertu beharra dago. Santiago Gebara bost urte lehenago erregezaleak tirokatzen aritu zela jakinda, Elkano desobedientea ezinezkotzat jotzen jarraitu daiteke? Ezin zuela izan iritzi kritikorik Erregearekiko, gerrarekiko edo hedapen inperialekiko? Ezin zuela Elkanok halakorik idatzi 1521ean, bere leinukide eta herrikideak erregearen aurka jazarri ziren une berean?
Elkano ondoen getariarrek ezagutzen dute
Historia eta literatura unibertsalean Elkano-marinel-ezjakinaren kontakizuna ezarri da, gizaseme praktikoarena, merezi gabeko mundu-bira zoriak oparitu dionarena. Ondorioa, 500 urteko ahanztura eta gutxiestea, Primo de Riverak eta frankismoak militar inperialista moduan berreskuratu nahi izan duten arren. Salbuespen batekin: Getarian izan ezik. Gorteko etiketei kasurik egin gabe 500 urtez mantendu dira, entzungor historiografia ofizialari, ezagutu zuten moduan oroitzeko herrikoa. Elkano ahaztu ez zedin.
Nire ustez, hori ere dekolonialismoa da eta Getariarrek mereziko lukete horregatik erresistentzia-aitortza. Izan ere, Getariak berezkoak ditu betaurreko dekolonialak eta, bekokian jartzean, automatikoki hankaz gora ipintzen dute historiografia espainiarraren 500 urtetako propaganda gutxieslea.
Erregeak ez zuen Elkano maite, Elkanok ez zuen Erregea maite, ezinikusia nabaria da bien arteko dinamiketan. Testuingurua ezagututa, Elkanoren gaztaroaz dakigun gutxiagatik, bere gerra-esperientzia traumatikoengatik eta Getariaren jokabide foruzaleagatik, hobeto ulertzen da Borneoko utopia, Elkanoren pentsamendu anti-inperialista, gerra hedatzaileen kontrakotasuna edo handinahiaren eta inposaketa erlijioso eta bestelakoen arbuioa.
Periferia mehatxatutik zetorren Elkano, eta hortik begiratu zion munduari. Horregatik uste dut, Getariak Elkano ikusteko modura itzuli behar garela, hor dagoelako jasoa Elkanoren mundu-ikuskera, hura zuzen interpretatzeko gakoak. Bere testuak Getariako begietatik irakurtzean hezur-haragizko Juan Sebastian argitzen da, garaiko dinamika politiko eta kulturalak interpretatzeko buruargitasuna erakusten duena eta, horregatik, Gorteak ezjakintzat gutxietsi zuena.
Periferiako irakurketa kritikoak egin zituen Elkanok, ez ezjakinarenak, Gorteak biak berdintzeko ohitura gailenkorra duen arren. Elkano ez zen ezjakina, neutralizatu beharreko anomalia baizik. Zein anomalia? Periferia errebeldetik aterata, mundu mailako legenda bihurtzea.