Elkanoren erabakia

Daniel Zulaika, Historian graduatua. Elkano 500 Fundazioko Aholku batzordea.
2 ABU, 2022

Moluketatik mendebaldera joz bueltatzeko erabakiak bihurtu zuen espezia-merkataritzako espedizioa munduari bira eman zion lehen bidaia. Esperantza Oneko lurmuturretik bueltatzea espediziokideek jasotako aginduen kontra egitea zen, Tordesillasko Itunaren arabera ezarritako portugaldarren lurraldea inbaditzea esan nahi zuelako.

Ez da erraza seguru jakitea zein izan ziren bidea aldatzeko erabaki haren benetako arrazoiak. Espediziokideen kronikek eta testigantzek informazio partziala ematen digute, eta hori ondorio gutxi-asko logikoekin edo senak esaten digunarekin osatu behar dugu. Edozein modutan, Elkanoren figura erabakigarria izan zen bide hartatik bueltatu, sufritu zituzten nekeei aurre egin eta lehenengo mundu-bira egiteari dagokionez.

Tidore uhartea, Moluketan

 

Aurreikusita ez zegoen bide bat

1521eko azaroaren 8an, nabigatzen bi urte baino gehiago zeramatela, Victoria eta Trinidad ontziak Tidore uhartera iritsi ziren. Amerika kontinentean zehar pasabide bat aurkitu, Moluketara iritsi, eta bueltatzeko helburua zuen espedizio bateko parte ziren bi itsasontziak. Ez zegoen berariazko agindurik zer bidetatik bueltatu behar zuten, baina argi adierazita zegoen nondik ez zuten itzuli behar:

“la principal cosa que vos mandamos ... es que en ninguna manera … se toque ni descubra tierra … dentro en los límites del Rey de Portugal”. (Agindu nagusia da inolaz ere ez ukitzea ez deskubritzea Portugalgo erregearen mugen barruko lurrik).

Horrekin garbi zegoen ezin zirela bueltatu mendebaldeko bidetik, hau da, Portugalgo erregearen mendeko lurretatik, eta horietan sartzen ziren Afrika eta Asiako parte handiena. Beraz, hor inplizituki zegoen joan-etorriak Hegoaldeko itsasotik behar zuela, Ozeano Baretik. Hala ere, Tidorera iritsi eta sei astera, Victoria ontzia Esperantza Oneko lurmuturrerantz abiatu zen, portugaldarren mendeko lurraldean zehar, eta jasotako aginduen kontrako noranzkoan.

Victoria ontziak norabidea aldatu zuen bi arrazoirengatik: Sevillara itzultzeko presa eta, berehala irteten ez baziren, portugaldarrek harrapatuko zituztela. Eta ekialdetik itzultzeko, ez zituzten haizeak alde.

Zergatik aldatu zuen bidea Victoria ontziak?

Batez ere, bi arrazoirengatik. Lehenik eta behin, Sevillara iristeko zeukaten presagatik. Ahalik eta azkarren jakinarazi beharra zegoen Moluketara iristeko aurkitutako bidearen berri, bai eta Moluketako erregeekin egindako hitzarmenen berri ere, zeinak ezinbestekoak izango ziren gaztelauek uharte haietan zeuzkaten eskubideak defenditzeko. Hala, Bakeen Liburua, non egindako akordioak jasota zeuden, Elkanok zeukan. Bigarren arrazoia zen berehala irten ezean portugesek harrapatu egingo zituztela eta, ondorioz, beren planak porrot egingo zuen. Bi arrazoi horiek kontuan hartuta, berehala itzuli beharra zeukaten.

Itzultzeko bideak lau ziren funtsean. Lehena, ipar-ekialdera eginda bueltatzea zen, Ipar Pazifikotik, lau hilabete geroago Trinidad ontzia saiatu zen bezala (ez zuen lortu). Zenbait hamarkada geroago Urdanetak bide hori hartu zuen, eta, hala, Filipinetatik Mexikorako bidea ireki zuen. Baina une hartan ipar-ekialdean jotzen zuen neguko montzoiak ezinezko egiten zuen bide horretan nabigatzea. Handik joateko, hilabete batzuk itxaron beharko zuten, montzoia noiz aldatuko, eta ezin zuten hainbeste itxaron.

Bigarren aukera ere ekialdera eginda itzultzea zen, erdialdeko Pazifikotik, iritsitako kontrako noranzkoan. Baina etorreran lagun izan zituzten alisioek orain kontra zeuzkaten. Beraz, une hartan bertan itzultzeko, hau da, abenduan, mendebaldeko aukera baino ez zen geratzen, Indiako Ozeanoaren iparraldetik edo hegoaldetik.

Malukotik irteteko bideak, eta urtarrilean nagusi diren haizeak. Iturria: CORNELL, Jimmy. Rutas de navegación del mundo. Bartzelona: Juventud argitaletxea, 2010; 24-25 (egileak egokitua).

 

Noiz hartu zuten mendebaldetik itzultzeko erabakia?

Itxuraz, pentsatzekoa izango zen Moluketan zeudenean hartuko zutela erabakia. Hala ere, ia seguru, Tidorera iritsi aurretik erabakita zegoen. Pigafettak, azaroaren 10ean, uhartera iritsi bezain laster, iltzea kargatzeko zeukaten presaren berri ematen du. Horrek erakusten digu kapitainek lehenbailehen abiatzea nahi zutela. Eta presazko irteera batek berekin behar zuen aldez aurretik erabakitako itzulbide bat. 

Eztabaida neketsua eta arrisku handiko erabakia

Mendebalderantz egiteko erabakia bi itsasontzietako kapitain, pilotu eta maisuek hartu zuten, baina azterketa sakonago batek erakusten digu Elkano egon zela erabakiaren erdigunean. Zalantzarik gabe, bai Gómez de Espinosak bai Elkanok itzal handia zeukaten: hiru hilabete lehenago biak kapitain izendatu zituen tripulazioak. Baina ezaugarri desberdinak zituzten. Gómez de Espinosa, nabigatzaile baino gehiago, arma-gizona zen, eta aginduak jasotzea eta ematea zen haren lanbidea eta mentalitatea.

 

Ferrer Dalmau, “Fuimos los primeros” (Lehenak izan ginen) (2018). Itsas Museoa. Madril. Autoreak irabazi-asmorik gabeko erreprodukzioa baimendua.

 

Ausartuko ginateke esatera Gómez de Espinosak, nondik itzuli erabakitzeko eztabaidan, erregeak portugaldarren mendeko lurraldeetan ez sartzeko emandako agindua betetzearen alde egingo zuela. Elkanok, berriz, Afrikako bidearen alde egin zuen, zehazki Indiako Ozeanoko hegoaldeko bidearen alde, ezezaguna eta, horrenbestez, askoz ere arriskutsuagoa. Eta badakigu horren alde egin zuela nahiz eta kontra eduki Victoria-ko ofizialak, Miguel de Rodas maisua eta Francisco Albo pilotua. Haiek profesional bikainak ziren, eta azkeneraino egin zuten Indiako Ozeanoaren iparraldetik bueltatzeko aukeraren alde, Malakatik eta Maldivetatik zehar. Bide hori ezaguna zen eta, nabigazioaren ikuspuntutik, askoz ere seguruagoa, baina portugaldarrek harrapatuko zituzten arriskua zeukan. Azkenean, Elkanok bere iritzia ezarri zuen, eta asmatu egin zuen.

 

Elkanoren irizpidea Gomez de Espinosa kapitainaren, Miguel de Rodas maisuaren eta Francisco Albo pilotuaren aurrean nagusitu zen.
 

Hona hemen Mazónen eta Comellasen autoreen hitzak, Getariako kapitainaren erabakia nabarmentzen dutenak:

“... horrek Juan Sebastian Elkano bihurtzen munduari buelta eman zion lehen bidaiaren benetako burua” [Mazón]

“[Elkano] izan zen munduari buelta eman zion lehena, eta ez bakarrik ideia hori aurrera eramatea pentsatu zuen lehena...” [Comellas]

Artikulu honen izenburuko erabaki hitzak bi adiera ditu. Alde batetik, mendebalderantz Indiako Ozeanoaren hegoaldetik itzultzeko erabakia hartu zuen Elkanok, eta irmo defendatu zuen. Bestetik, mundu ezezagun batera egiteko orduan izan zuen ausardiaren eta kemenaren berri ematen digu. Dudarik gabe, erabakimen handiko gizona zen.   

 

 

OHARRA: Idatzi hau autorearen artikulu baten laburpen itzulia da: La decisión de Elkano, Amerikanisten Espainiako Elkartearen Naveg@mérica aldizkari elektronikoan argitaratua, 2021; 27. zk. ISSN 1989-211X. Hemen eskura daiteke: [Kontsulta: 2022ko martxoaren 15a]. https://revistas.um.es/navegamerica/article/view/485861/308201