Elkano, katastrofe historiografiko baten bilakaeraren eta motibazioen kontakizun laburra (4/5): hegemonia nazionalista

Enrique Santamaría, Historialaria eta nobelagilea
1 URR, 2020

Bost artikulu dituen serie honek Elkanoren irudiaren gainean denboran zehar metatu diren faltsukeria kopuru harrigarriari heltzen dio. Gaurkoan, Cánovas del Castillok ezarritako 'damnatio memoriae' berrikusiko dugu, baita ondoren frankismoak kontrako zentzuan egindako mugimendua, euskal itsasgizona mito nazionalen artean sartuz.

Eustaquio Fdez. de Navarretek Elkano mito nazional bihurtzeko egindako lehen saialdia, ordea, ezerezean geratu zen berehala. Lehen Errepublikaren kaosaren ondoren, jendeak ordena nahi zuen, eta Antonio Cánovas del Castillo arduratu zen ordena ezartzeaz. Badago esaldi bat, oso ezaguna, Cánovasek Espainiaz zer-nolako ikuskera zuen ezin hobeto adierazten duena: “Espainiarrak dira beste ezer izan ezin daitezkeenak”. Errepublikak porrot egin izanak argi eta garbi frogatzen omen zuen, Cánovasen ustez, espainiarrak ez zirela beren burua demokratikoki gobernatzeko gauza, eta, zenbait interes-taldek hartaraturik, progresisten eta kontserbadoreen arteko txandakatze-sisteman oinarrituriko erregimen bat ezarri—alderdien arteko txandakatze ezaguna— eta hauteskunde-iruzurra eta ustelkeria politiko eta administratiboa instituzionalizatu zituen. Sistema hori betikotzeko asmoz, erreformak egiteari ekin zion, boterearen zirrikitu guztietara iritsi nahian. Akademian, esate baterako, katedra-askatasuna baliogabetu zuen, eta politikarenean, berriz, foruak abolitzea erabaki zuen, Cánovasek azken karlistaldien kausatzat eta espainiar askok euskaldun eta nafarren pribilegiotzat  baitzeuzkaten foruak. Zenbaitek historiara jo nahi izan zuen erregimen forala babesteko iturri bila, nahiz historia eta politika nahasteak sekula ez duen ezer onik ekarri. Nafar eta euskaldunen balentriak arma gisa erabili ziren, eta horri buru egiteko, Cánovasek paretik kendu nahi izan zituen euskaldun eta nafarrak. Ordukoxeak dira Blas Lezo —orain heroi bihurtua duguna—, Txurruka, Urdaneta, Legazpi eta beste itsaslari ospetsu batzuk ahantzarazteko saiakerak, eta ez preseski atzerritarren konplot baten ondorioz.

 

Antonio Cánovas del Castilloren harrera akademiko oso bezala. San Fernandoko Arte Ederretako Errege Akademia, Madril.


Separatismo periferiko orduantxe sortu berriei aurre egiteko, Espainiako historia berridazteari ere ekin zion Cánovasek, eta historia batu baina ez komun horretatik gertaera asko ezabarazi zituen: Aragoiko koroaren aginduz Mediterraneo itsaso osoa zeharkatu zuen abentura handia eta euskal itsaslarien lorpen itzelak, besteak beste. Historia batu horren oinarria ez zen Gaztelako historia, haren bertsio mutilatu bat baizik, XV. mendeko Gaztela, Aragoi eta Nafarroako gizarte ahaltsuak txiki-txiki eginda utzi zituen inperio baten mitoan ardaztuta zegoena. Askok utzi zioten beren burua batasun-historia horrekin identifikatuta sentitzeari, eta horrek separatismoak indartu zituen funtsean, helburua, berez, haiei buru egitea izan arren. Akademia estuki kontrolatzen zuenez, horrek katedratiko eta irakasleak despeditzeko eta kontratatzeko ahala ematen zion Cánovasi, bai eta unibertsitateak eta Historiaren Errege Akademia gogoak ematen zion bezala antolatzekoa ere.

Damnatio memoriae fugura periferikoen kontra

Cánovasek bere damnatio memoriaea ezarria zien figura periferiko guztien artean, ahantzarazten zailena Elkano zen, haren lorpena mundiala izan baitzen: bikaina eta aldi berean mundu-mailakoa, alegia. Hala, haren ospea gutxietsi eta ia-ia jainkotua zuten Magallaesi kontrajartzeari ekin zioten atergabe, Cánovasen aliatu politiko nagusia zen Eliza Katolikoak irekitako bideari jarraituz. Horrek, gainera, modua eman zion iberismoaren edo Iberiar penintsula osoa estatu bakarrean biltzea babesten zuen mugimendu herrikoi samarraren tesiekin konpontxo egiteko. Cánovasen aldeko adituek ia iseka egiteraino karikaturizatu zuten maisu gazte hura, eta itsasgizon zapuztu, ezikasi eta zeken bat balitz bezala aurkeztu zuten, berez Magallaesi zegokion ospea bidegabeki eskuratu balu bezala.

Halaxe adierazi zuen Cánovasek berak Madrileko Geografia Elkartean ustez Elkanoren alde emandako hitzaldi batean. Cánovasek elkarte hartako presidente izendatu zuen bere burua, eta hantxe hasi zen bere inaugurazio-hitzaldia irakurtzen, irakasle, militar, politikari eta diplomazialari atzerritarren aurrean. Bertan, berriki amaitutako karlistaldiei buruz luze eta zabal jardun ondoren, Cánovasek izugarriak bota zituen; esate baterako: «…maisu apal hura areago prestaturik zegoen ekintzarako jakintzarako baino, eta, Magallaes itsasartea atzean utzi ondoren, ederki asko asmatu zuen [sic] Victoria itsasontzia Esperantza Oneko lurmuturra pasatuz Sanlucarreraino eramaten, eta bera izan zen Lurrari bira egiten lehena. Eta, hala ere, haren izena urteetan ahazturik eduki dugu, zergatik-eta Fernando Magallaesen izen are bikainagoaren itzalpean egon delako inondik ere». Eta, euskaldunik gabeko itsaslarien zerrenda bat errepasatu eta gero, hauxe gehitu zuen: «Magallaes […] bere egitekoa amaitu gabe erori zen, eta gure itsasgizon gipuzkoar umilak jaso zuen zirkumnabigazioaren loria guztia. Loria horren parterik handiena, ordea, beste batzuei dagokie: Koloni […] Bartolomé Díazi eta Vasco da Gamari […] Juan Díaz de Solísi eta Vicente Yañez Pinzóni […] Magallaesek aurkitu eta zeharkatu zuen itsasartea […] eta horrexegatik dagozkio hari beste inori baino txalo gehiago […] Gure Juan Sebastian Elkano izan zen, ordea, Magallaes itsasartetik zetorrela Esperantza Oneko lurmuturra pasatzen asmatu zuena, portugaldar eta espainiarren lantegi hilezkorrak batuz horrela». Gezurretan ari zela bazekien arren, ustez goraipatzen ari zen mundu-bira hura Elkanoren erabakiz eta erregearen gurarien kontra egin zela ezkutatzen ari zen Cánovas, eta bidaia hura egin ezean Moluketako Armada hartan parte hartu zuten pertsonak, tartean Magallaes bera, inola ere gogoratuko ez genituzkeela ere bai.

Maila akademikoan, Cánovasen egitura ustelek bere horretan iraun dute gure Bigarren Berrezarkuntzaraino, batez ere historiari dagokionez, eta goraxeago ere esan dugunez, Cánovasek arreta berezia eskaini zion arlo horri, Historiari. Hainbat klanek kromoak balira bezala trukatu dituzte katedrak eta aulkiak, haien aurrekoek esandakoa behin eta berriz errepikatuz, iturrietara jo gabe eta, batez ere, haien aurrekoak, kideak eta botere politikoa bera kritikatzeari uko eginez.

'Juan Sebastián Elcano' eskola-ontzia.

Mito nazional bat Oraneko setioan?

Primo de Riverak, Cánovasek eraikitako estatu-egitura hura erreformatzen saiatu eta porrot egin zuen agintariak, Elkanoren memoria berreskuratu nahi izan zuen, eta haren izena jarri zion armadako eskola-ontzi bati. Baina, nolanahi dela ere, Elkano mito nazional bilakatzeko saiakera nagusia frankismoarekin iritsi zen, eta gaur egun ere gauzak ez dira horrenbeste aldatu. Espainia Erromako Elizaren babesgune eta Erromako Eliza erregimenaren zutabe bihurturik, frankismoak loria inperial bihurtu zuen Elkano. Eustaquio Fdez. de Navarreteren ideia hura erregimenaren propagandista huts bihurturiko zenbait historialarik berrartu zuten, baina arazo askori egin behar izan zioten aurre.

Aurren-aurrenekoa, adina: Gonzalo Fernández de Córdobak Italian egin zuen bere kanpainaren zati nagusia —itsasoarekin lotuen zegoen kanpainaren zatia bai behintzat—, 1495etik 1504ra bitartean, azken urte horretan erori baitzen Gaeta. Horrek esan nahi du, kanpainaren hasieran Elkanok 8 urte eta amaieran 17 zituela kontuan harturik, adin horretako mutiko bat nekez izan zitekeela gerraontzi bateko maisu. 1940an, Espainiako Gerra amaitu eta urtebetera, Amado Melón Ruiz de Gordejuelak, La España Imperial bildumaren barruan argitaratutako Elcano-Magallanes o la Primera Vuelta al Mundo izeneko bere liburuan, Elkanok Oraneko setioan parte hartu zuela eta Kapitain Handiaren laguntzaile izan zela esan zuen lasai asko, kontu jakin eta ziurra balitz bezala. Harrezkeroztik, haren jaiotza-data aldatu zuten adinaren arazotxo hori konpontzeko: aski ezaguna zen eta guztiz frogaturik zegoen urtea, 1487a, itxuragabeki ezkutatu eta, haren ordez, batere bermerik ez zuen beste bat, 1476a, asmatu zuten. Horrela, zenbakiak bat zetozen. Gezurra egia ofizial bihurturik, erregimen frankistaren babespean argitaratutako historia-liburu guztiek zabaldu zuten data faltsu hori benetakoa balitz bezala, eta gaur egun ere berdintsu jarraitzen dugu, gezur berberak argitaratzen, inertziak eta axolagabekeriak hartaraturik.

 

Oraneko konkista, Francisco de Jover y Casanova, 1869. Pradoko Museo Nazioanala

 

Oraneko setioari dagokionez, lehenik eta behin, Elkano han egon izanaren inolako frogarik ez dago, eta horrek, berez, historialari serioarentzat aski izan behar luke susmorik txikiena ere uxatzeko. Gainera, logikak berak ere gezurtatzen du susmoa: Oraneko setioa, Bejaiakoa eta Tripolikoa bezala, garaipen itzela izan zen, eta bertan harrapatutako ondasunak hainbeste izan zirenez, altxorraren banaketak elkarren aurka jarri zituen Fernando erregea eta Cisneros kardinal leiala. Sasoi hartan, itsasontziak kontratatu egiten ziren eta koroari haien zerbitzuak kobratzen zitzaizkion. Koroak gaizki eta berandu ordaintzen zuen, eta hori gutxi ez, eta han-hemenka lapurtutako ondasunak beretzat hartzen zituen, erregearen bostena zeritzon zergaren bitartez. Oraneko setioan parte hartu zuten itsasontziek sekulako altxor-pila jaso zuten, eta Elkanok, aldiz, marabedi bat ere ez zuen ikusi eta erreka jota zegoen. Gainera, eta batez ere, aski frogatuta dago ez zela Oranen egon. Espainiako Armadaren esku dagoen Madrileko Itsas Historia eta Kultura Institutuan, konkista hartan parte hartu zutenen zerrenda bat gordetzen dute, armadore eta maisuen izenekin, eta Elkano ez da inon aipatzen. Hartaz dakigun gauza bakarra erregearen barkamen-gutunaren bidez dakigu: “Mediterraneoan eta Levanten zerbitzatu zuen” itsasontzi baten jabe eta bertako maisu izan zela, alegia. Ez dago ekintza armatu bakar batean parte hartu izanaren inongo konstantziarik, baina halakoren batean parte hartu bazuen, Gerveseko hondamendian izango zen seguru asko, ontzi eta tropa indarberrituak bidali zituztenean, baina gertaera hura, izenagatik aise igar daitekeenez, porrot ikaragarria izan zen, eta bertan parte hartu zutenek ez zuten inolako altxorrik bereganatzeko aukerarik izan.

Beste arazo bat ere izan zen Elkano nazionalkatolizismoaren loria bilakatzeko: izan ere, inoiz ezkondu zenik frogatzerik ez dagoen arren, kontu jakina da Elkanok gutxienez bi seme-alaba izan zituela emakume batekin baino gehiagorekin. Frankistek, haren biografia faltsutzeko ahaleginak eta bi egin, eta haren seme Domingoren ama bihurtu zuten Elkanoren emazte.

Elkanori historiografiak eman dion tratamendu bidegabearen atzean dauden motibazioei buruzko serie honen hurrengo kapituluan, euskal itsasgizonari emandako tratamenduan gizarte garaikidean eragin duten faktoreak ikusiko ditugu.

 

SORTA HONETAKO BESTE ARTIKULU BATZUK

ITZULERA. Zer erantzun eragin zituzten haien itzulerak eta itzulitako pertsonek beraiek: kronistak; agintariak; herritarrak. Interes politikoak eta gatazka sozialak eta ideologikoak.

IZAN EZ ZEN ILUSTRAZIOA: Martín Fernández de Navarrete.

NAZIONALISMOEN SORRERA. Pertsonaiaz jabetzea eta hura arbuiatzea. Amoretti, Eustaquio Fernández de Navarrete.

GAUR EGUNGO MUNDUA: europarrak Historiaz jabetzea errefusatzea, gatazka nazionalistak Espainian, espainiar nazionalismoaren krisialdia eta “nazionalismo internazionalisten” agerpena. Akulturazio orokorra. Mundu akademikoaren egoera Espainian.