Artikulu sorta txiki honen xedea da azaltzea, laburki halabeharrez, nola pilatu diren hain denbora luzez pertsona ospetsu historiko bati buruzko hainbeste gezur, kopuru harrigarrian, eta nolatan eusten zaien oraindik ere. Lehenengo atal honetan, plebeio talde batek lehen zirkunnabigazioa egin izanak Behe Erdi Aroko goi-mailako klasean eragindako astindua aztertuko dugu. Gertakari horrek globalizazioarekin duen loturaz eta izan zuen garrantzi komertzialaz edo geoestrategikoaz harago, hari esker, beren iragana malenkoniaz gogoratzeari utzi zioten europarrek, eta etorkizunerantz begiratu zuten, mugagabea zela sinetsita.
Hori guztia lantzeko, honako alderdi hauek landuko ditugu bost artikulutan:
ITZULERA. Zer erantzun eragin zituzten haien itzulerak eta itzulitako pertsonek beraiek: kronistak; agintariak; herritarrak. Interes politikoak eta gatazka sozialak eta ideologikoak.
IZAN EZ ZEN ILUSTRAZIOA: Martín Fernández de Navarrete.
NAZIONALISMOEN SORRERA. Pertsonaiaz jabetzea eta hura arbuiatzea. Amoretti, Eustaquio Fernández de Navarrete. HEGEMONIA NAZIONALISTA: Cánovas, Primo de Rivera eta Franco.
GAUR EGUNGO MUNDUA: europarrak Historiaz jabetzea errefusatzea, gatazka nazionalistak Espainian, espainiar nazionalismoaren krisialdia eta “nazionalismo internazionalisten” agerpena. Akulturazio orokorra. Mundu akademikoaren egoera Espainian.
Juan Sebastianen eta haren gizonen iritsierak astindu izugarria eragin zuen Europa osoan. Beste hainbat gauza bezala azterketa handirik egin gabe behin eta berriz errepikatzen denaren aurka, lehen mundubira ez zen izan globalizazioaren hasiera. Benetan, Bartolomeu Dias itsasgizonak Esperantza Oneko lurmuturra igaro zuenean hasi zen, harreman zuzenean jarri baitzituen, lehen aldiz, Ekialdea eta Mendebaldea. Kolonek eman zion segida, amerikar kontinentearekin topo egin zuenean, eta Andres Urdanetak burutu zuen, amerikar kontinente hori Asiarekin lotzen zuen ibilbidea aurkitu zuenean. Magallaesen eta Elkanoren bidaiak, aitzitik, ez zuen inolako garrantzi komertzialik edo geoestrategikorik izan. Magallaes itsasartea ia ez da pasatzeko modukoa, eta urte gutxiren buruan ahaztuta gelditu zen. Bestalde, Hornos lurmuturrak ere, Francisco de Hoces itsasgizonak aurkituak bigarren espedizioan, oso zirkulazio urria izan zuen beti.
Iraganera begiratzetik, etorkizunera begiratzera
Hala eta guztiz ere, lehen mundubiraren eragina are garrantzitsuagoa izan zen. Erdi Aroaren amaiera aldeko europarrek gutxiagotasun-konplexu sendoa zuten mitifikatutako Mundu Klasiko batekiko, eta hura berreskuratzearekin amesten zuten. Baina Lehen Mundubirak greziarren eta erromatarren balentria guztiak gainditzen zituen, eta amestera ere ausartu ez ziren zerbait zen hori. Adibide bat aipatzearren, honako hau idatzi zuen Oviedo kronistak: «… nire ustez, hari (Elkano) eta harekin etorri zirenei betiko oroitzapena zor diegu, Jasonekin nabigatu zutenen gainetik […] Eta Victoria ontzi horrek merezi du margotua eta izarren artean jarria izatea, Argo hark baino gehiago […]zeina ez dakigun idatzia izan den, ez eta haren antzekorik edo ezagunagorik munduan ikusia izan den ere»[1]. «…gaur arte pentsaezina zen ekintza hori, munduaren hasieraz geroztik inoiz saiatu gabekoa […] Greziar batek egin izan balu, zer ez ote zuten kontatu izango Grezian berritasun harrigarri honi buruz! […] Esana izan dadila zer egin zuen argonauten ontziak, zeina, lotsatu gabe eta barre egin gabe, zerura eramana izan zela esaten duten. […] Eetes eta Medearengana iritsi zen, Herkules, Teseo eta Jason heroiekin; ez dakit zer egin zuen…»[2] aldarrikatzen du sutsuki Anghiera kronistak. Eta Alemanian, Aita Santuaren nuntzioak, Francesco Chiericatik, honako hau esan zuen: «(Victoria ontziko tripulatzaileek) ospe hilezkorra […] berenganatu dute. Zalantzarik gabe, itzala egin diete argonauten balentria guztiei»[3]. Hauxe izan zen bidaiaren benetako eragina: beren iragana malenkoniaz gogoratzeari utzi zioten europarrek, eta etorkizunerantz begiratu zuten, mugagabea zela sinetsita. Lehen mundubirak ekarritako pentsamolde-aldaketa izan zen Europako Aro Modernoaren benetako jatorria.
Plebeioak Vs kapareak
Baina, haien lorpena miresten zuten arren, zirkulu intelektual horiek beraiek hura lortu zuten protagonisten aurka agertu ziren. Armagizonen, eskuekin lan egiten zutenen eta adimenarekin lan egiten zutenen arteko banaketa zorrotzean oinarritzen zen Behe Erdi Aroko gizarte horretan, tradizio klasikoan murgilduta bizi ziren goi-klaseko gizonen ustez beren posizioa zalantzan jartzen zuen plebeio talde hark halako balentria burutu izanak, guztiek, kapitainetik hasi eta morroira arte, Pigafettak izan ezik, erdeinagarritzat jotako lanbideetan jarduten zutelako, hala nola itsasgizon edo bizargin. Eskuak babaz beteta zituzten, eta aurpegia, aire zabalean lan egiteagatik gogortuta; portaera zakarra zuten eta ez zekiten ez latinez ez grezieraz hitz egiten; bada, horrek guztiak asaldatu egiten zituen. Horren erakusgarri, Anghiera gortesauak, haien bidaia miresten bazuen ere, honako hau idatzi zuen haiei buruz: «…bizirik atera diren hemezortziak ezjakinak dira ia guztiak», baina hori ez zen egia. Bere kronikan, behin bakarrik aipatzen du Elkano, Loaysa armadako itsasontzietako bateko kapitain gisa. Gainerako kapitainei buruz, haien familia-aurrekariak eta jatorri noblea azaltzen ditu, baina, Elkanori buruz, «Espainiarako itzuleran Victoria ontziaren kapitain izan zen gizona» zela besterik ez zuen esan. Karlos I.ak berak, izebari igorritako gutunean, poz izugarria adierazi zuen zirkunnabigazioa zela eta, baina, halere, Done Jakueren Ordenan sartzea ukatu zion haren protagonistari, bai eta hurrengo espedizioa zuzentzea ere.
Plebeio bat izanak haren kaltetan jokatu zuen, baita garai hartaz harago ere, Magallaes eta Pigafettaren gisako kapareen aurrean. Taldean egindako balentria bat izan zenez, hasiera-hasieratik protagonista jakin batzuk aukeratu ziren, eta Magallaesek abantailaz jokatu zuen beti. Leinu noblekoa izateaz gainera, Erregeak berak aukeratu zuen espedizioa zuzentzeko; hortaz, hura zalantzan jarriz gero, erregearen eta haren aholkularien zentzu ona zalantzan jartzen zela uler zitekeen. Gainera, armagizon ona zela erakutsi zuen, eta koroarentzat lurrak konkistatzen eta “basatiei” “benetako erlijioa” erakusten ahalegindu zela. Horren kontrako aldean, Elkanok arrakastaz zuzendu zuen bere ontzia, eta bi alderdientzat onuragarriak ziren trukeak egin zituen basati horiekin berekin, baina besterik ez, eta hori ez zen benetako "zaldun kristau" batengandik espero zen jarrera. Anghierak, Errege-erregina Katolikoen eta Karlos I.aren kronista ofizialak, bizirik atera zirenak mespretxatu zituen behe-mailako klasekoak izateagatik, eta, ildo beretik, Herrerak, Felipe II.aren kronistak, ia betiko finkatu zen kontakizun ofiziala, heroi noble ebanjelizatzailearen figura “apainduz” gero eta gehiago, eta garrantzia kenduz merkatari plebeioarenari. Herrerak espainiartzat jotzen du Magallaes, bere lanak idatzi zituenean bi erreinuak batuta zeudela kontuan hartuta. Gainera, abiatu baino lehen, gaztelau bertakotu zen; hori horrela, espainiar askok bertakotzat jotzen dute. Bestalde, Portugalek, independentzia lortu ostean, ez zuen figura hura aldarrikatzeko ahaleginik egin, askok traidoretzat jotzen baitzuten.
Erlijio-faktorea
Haien balentria, gainera, garai bereziki gatazkatsuan gertatu zen. Espainia mundu-mailako potentzia gisa sortu berria zenean, mendebaldean, erlijio kristauak zatiketa odoltsua jasan zuen, protestantetan eta katolikotan banatu baitzen. Bi adar horiek ankerkeria neurrigabez egiten zioten aurre elkarri gudu-zelaian, eta gatazka ia ankerragoa zen esparru ideologikoan. Espainia herrialde katoliko gisa aitortua izan zen sortzetik beretik; hain zuzen ere, haren sortzaileei ez zaie esaten “Errege-erregina Bateratzaileak”, “Errege-erregina Espainiarrak” edo antzeko beste zerbait, “Errege-erregina Katolikoak” baizik. Hori horrela, Espainiak Eliza Erromatarraren alde egin zuen, eta bere konkista guztien justifikazio ideologiko gisa baliatu zuen katolizismoa. Ez zen izan erlijio batean babestutako lehen inperioa, baina bai kontrolatzen ez zuen erlijio batean babestu zen inperio bakarra. Bakarra. Eta garrantzitsua da hori azpimarratzea, oinarrizkoa baita Espainiaren historia ulertzeko. Estatu espainiarra estatu katoliko gisa finkatu zen lehen minututik, baina ez zuen erlijio katolikoa kontrolatzen. Erlijio hori Espainiarenak ez ziren “klan” batzuen eskuetan egon izan da beti; klan horiek, alde batetik, beso armatu bat behar zuten bizirauteko, baina, beste alde batetik, mesfidati zeuden, beso armatu horrek boterea kenduko ote zien. Laburbilduz, beren interesak zaintzen zituzten.
Iraultza ideologiko baten esparruan jaiotako potentzia protestanteek hasiera-hasieratik ulertu zuten arerioa gudu-zelaian garaitzea bezain garrantzitsua edo are garrantzitsuagoa zela hura pentsamenduaren eremuan garaitzea, eta eremu hori menderatzeko ahalegin handia egin zuten, ordura arte inork egindakoa baino handiagoa. Hori horrela, ezarri duten kontakizunean, beren arerioek gaizkia, gaizki absolutua, ordezkatzen dute beti, eta haiek suntsitu egiten dituzte horregatik. Espainiar Inperioak bere “egitandi ebanjelizatzailean" zehar egindako ankerkeriak haien hedapen bortitza justifikatzeko erabili izan dituzte. Espainiaren erantzuna ahula eta nahasia izan zen beti, eta, askotan, kaltegarria, eta inoiz ez zuen eraginik izan bere mugetatik kanpo. Eta hori horrela izan da, Espainian, hezkuntza eta ideien mundua, oro har, Eliza Erromatarraren eskuetan egon direlako. Lehen letretatik unibertsitatera edo argitaletxeetara arte. Eta eliza horrek, haren mundu-mailako defendatzaile bihurtu beharrean, Espainiari egotzi zizkion ebanjelizazio-prozesuan zehar egindako “gehiegikeriak”. Eliza, berak dioenez, beti saiatu zen gehiegikeria horiei aurre egiten.
Jarrera hori ez zen berria, Erroma kontrolatzen zuten eliteen eta tronu inperial erromatar-germaniarraren arteko borrokaren luzapen logikoa baizik; beren boterearentzako mehatxu handiena ikusi izan zuten beti borroka horretan. Zenbait mendez, elizak Inperioaren aurka egin zuen isilpean edo agerian, inplosionarazi arte. Jatorri jainkotiarra eman zien bere bultzadarekin sortutako estatu europarretako erregeen eta printzeen botereari, eta, beraz, aitasantutza, “Done Petriren aulkia”, Jainkoaren ordezkari bihurtu zuen Lurrean, botere hori zilegi egiten zuen erakunde bakar, Tronu Inperialaren kaltetan. Carlos V.ak inperio hori berrezarri nahi izan zuen, eta, horregatik, Eliza Erromatarrak beti ikusten zuen harengan Espainiar Inperioaren aurrekaria. Portugaldar Inperioa, aitzitik, Erromak ez zuen inoiz mehatxu gisa ikusi, eta, gainera, Ingalaterrarekin aliatu zen biziraun ahal izateko; hortaz, ez zuen inoiz eraso ideologikorik jaso protestanteen mundutik. Elizak baldintza hori baliatu zuen “ebanjelizazio onaren” eredu gisa kokatzeko; ia batere odolik bota gabeko ebanjelizazioa, espainiarren ankerkeriaren kontrako aldean. Eliza Katolikoak hori irakatsi du munduan osoan zehar. Hori ikasten dute Bavariako, Bostoneko, Irlandako edo Australiako eskola edo unibertsitate katoliko batean. Leku guztietan, berez, Espainian bertan izan ezik.
Hori horrela, kristautasunaren martir bihurtu zuten Magallaes, eta bere neurrira egindako biografia bat eraiki zioten, zentzu askotan beste saindu eta martir batzuenaren antzekoa. Asiako lehen ebanjelizatzailearen irudia zaintzeaz harago (Filipinetan oraindik gurtzen da “Cebuko Haur Saindua”, ustez Pigafettak uharteko erreginari oparitu zion figura, bai eta “Magallaesen gurutzea” ere, espedizioko kronistek xehetasun osoz kontatzen duten suntsipenetik mirariz salbatua), “konkistatzaile espainiar” eztabaidagarrien irudiarekin kontrajarri nahi zuten. Haiek bultzatu zuten Magallaes munduari bira eman zion “ameslari” gisa, eta ezabatu egin zituzten historiatik Cristóbal de Haro, bidaiaren benetako sustatzailea, eta Elkano, inor ebanjelizatzen saiatu ere egin ez zirenak. Ingelesek atsegin handiz berenganatu zuten ideia hori, eta, aldaketa gutxi batzuk eginez, kontatu zuten Magallaes zibilizazioaren aldeko borrokan heroi gisa hil ostean, Drake izan zela haren “ametsa burutu” zuen eta munduari lehen bira eman zion gizona.
Cebuko Haur Sainduaren ospakizuna, gaur egun.
Sorta honetako hurrengo artikuluan, Juan Sebastian Elkano Historiako orrialdeetatik “desagertzean” eragina izan zuten bi faktore aztertuko ditugu: alde batetik, espedizioko jatorrizko testigantza guztiak galdu izana; eta, bestetik, Martín Fernández de Navarrete historialaria, hark lehen zirkunnabigazioari buruz egin zuen lana, baieztapen okerrez eta gezurrez betea, baita gai horri buruzko espainiar historiografia osoaren oinarri.
[1] Oviedo. II. zatia. XX. liburua. I. kapitulua. II. liburukia.
[2] Anghiera. Bosgarren Hamarkada. VII. kapitulua.
[3] Munduaren historia 12 mapatan. Diego Riberoren mapa. Jerry Brotton.