XVI. mendean Sevillan bildu ziren euskal talde sozio-juridikoen ikerketari esker Elkano bere testuinguruan txertatu ahal izango da; horrela, sasi heroiaren iruditik haratago, zein diskurtso indibidualizatu eta narratiba nazionaletatik haratago, euskaldunek garai hartan izan zuten garrantzi politiko, ekonomiko eta soziala agerian geratuko da.
Lehen mundubirari buruzko gertakari eta protagonisten inguruko prentsa artikuloak jarraituz gero, irakurketa heroikoaren eta antagonistaren dikotomia horretatik at gelditzen diren idatziak falta direla ohartuko gara; horregatik, beharrezkoa da historiaren eta historialarien lana goraipatzea. Historia identitate kolektiboak elikatzeko instrumentu bat baina gehiago denez, historia nazional horien narratiba politikoak atzean utzi behar dira ikerketa historikoan murgiltzeko garaian.
Gainera, edozein ikerketari ekiteko unean –Elkano 500 Fundazioak bultzatuta egiten ari naizenaren kasuan, esaterako–, gaian hobeto murgilduko gaituen ibilbide historiografiko bat egitea beharrezkoa litzateke, gure lanak zein korronte historiografikoan kokatzen diren ulertzeko, bai eta aurretik jasotako tradiziotik abiatuta, emango diren pausuak argitzeko. Izan ere, euskal herriko historian, itsas historiak tradizio historiografiko garaikidea duela esan dezakegu, gure identitate kolektiboa landa munduan oinarritzearen ondorio esanguratsuena litzateke, ia azken hamarkadetara arte itsasoari bizkarra ematen dieten narratiba historikoak sortu izana.
Historia indibidualizatua VS. Historia globala
Eta are gehiago, itsasoa oinarri izan duten nazioarteko lan akademikoei erreparatuz, pertsona mitifikatu eta gutxi batzuen gainekoa narratiba historikoek osatzen zutela esan dezakegu, kasu gehienetan, konkistatzaile eta esploratzaileak zirenak (konkistak berak izan zuen alde iluna guztiz arbuiatuz). Horrenbestez, indibidualizatutako historia bat egiten zen, pertsona jakin batzuen adorea, ausardia eta ekimena ziren azpimarragarriak, eta perspektiba honetatik garatzen dira adibidez, Magallanes-Elkano espedizioaren inguruan idatzi ziren diskurtso historiko gehienak, normalean, Magallanesen pertsonaian oinarrituak. Horrenbestez, Elkanoren papera kasualitateari oso binkulatua eta bigarren mailan gelditu da.
Hori dela eta, lurralde ikuspuntu batetik begiratuz, azken urte hauetan, ia bi medez marko tradizional nazionaletatik sortutako narratiba historikoen kontrako historiografiaren sektore zabal batek, muga nazionaletatik haratago, eta are gehiago, nazioarteko historia alderatua gainditurik, ikuspegi berrien aldarria hasi zuen. Historia transnazionalaren modalidade desberdinei hasiera emanez, besteak beste, historia globala edo world history, connected histories, entangled history eta historie croisée[1]. Zeinetan, historia nazionalak gainditzeaz gain, hauek sustatzen zituzten historia sasi heroiko hauek ere, talde, fenomeno, egitura eta azalpen berriei bidea ireki dioten, historia modu zabalago, interkonektatuago eta interdisziplinatuago batetik abiatuta.
Elkano Sevillakoi euskal lobbiaren testuinguruan
Horrenbestez, burutzen ari naizen lanaren helburua Juan Sebastián Elkano lehen mundu biraren testuinguruan txertatzea litzateke, euskal talde sozio-juridiko desberdinek hegoaldean lorturiko arrakasta ikusgarriaz abiatu, bai burutu zituzten funtzioen aniztasunean, bai sevillar maila ofizialekin (boterezkoa, merkataritzakoa, klerikala) izan zituzten harremanetan, eta baita botere haren edo tokian-tokiko espazio ekonomikoaren zati batez jabetzeko erabili zituzten bideetan ere. Guzti horiek, Aro Modernoan zehar euskaldunek garatu zuten garrantziaren oinarriak izango ziren.
Sevillan aurkituko ditugun probintzietako pertsona hauek ez zuten talde homogeneorik osatu, baina esan dezakegu beraien arteko elkar-laguntzak eta asoziazio mailak hautemangarriak direla. Historiografian nahiko onartua genuke euskaldunen izaera kolektibo hau, hots, talde bezala jokatu izana. Lan honetan, premisa horiek onartutzat harturik, asoziazio horiek zeintzuk eta nola ematen diren ikusi nahi izan da batez ere, eta horietatik abiatuz, gaia sakontzen lagunduko duten adibideekin hipotesia oinarritu. Horrela, komunitatearen identitate bateratu baten kontzientziari buruz hitz egin dezakegun edo ez ikusiz.
Hori dela eta, Elkanoren figuratik haratago joan nahi izango da. Historiografiak eta hein handi batean, politikoek eta prentsak aurkeztu duten pertsonaia sasi heroiko hori testuinguru historiko batean txertatzea dugu helburu, hots, garaiko egoera sozialean Elkanok eta bera bezala zeuden euskaldun merkatari, nabigatzaile, negozio gizonen azterketa egitea. Modu honetara, pertsonaia historiko honen ikerketa isolatua gainditzen delako, eta fenomeno baten azalpena ikerketa premisa nagusi bihurtzen delako, hau da, nola iritsi ziren euskaldunak XVI. mendeko itsasoaz haraindiko merkataritza zirkuitu monopolista horietan postu nabarmenak okupatzera.
Iraganaren ikuspegi garaikidea
Horrenbestez, narratiba historikoa osatu izan duten gertaeren garrantziaren inguruan asko hausnartu bada ere, aurreko garaiko fenomenoen gailentasunaren ebaluaketa gizarte garaikideek egiten duten ekintza dela gogoraraztea beharrezko ikusten dugu. Historia beraz, garai bati beste garaiko gertakizunek atentzioa deitzen diotenean ematen den gaineko ikerketak dira, hots, historia guztia garaikidea litzateke. Pixkakana-pixkanaka, euskal itsas historiarekin ematen ari dena, azken urteetako museo, jarduera, lan akademiko, eta nola ez, fundazio honekin garbi ikusten direnak.
Ikuspegi honetatik guztiz aldendu gabe, esan dezakegu, garaikidetasun kontzientzia honek eta batez ere, historialarion nahi eta funtzioek berebiziko garrantzia dutela, eratuko dugun diskurtso historikoan, hori dela eta funtsezkoa da, zer egin nahi dugun eta zergatik egin nahi dugun garbi zehaztea.
Hori dela eta, Elkano Fundazioaren erronka bikoitza da, alde batetik, Elkanoren figurari dagokion garrantzi historikoa eman, eta bestetik, Elkano bere garaiko testuinguru politiko, ekonomiko eta sozialean txertatzea, non euskaldunen presentzia eta eragina oso handia izan zen. Horrela, irakurketa historiko sasi-heroiko eta indibidualak gaindituak geldituko direlako.
[1] Fernández Sebastián, J. (2015). ¿Cómo clasificamos a las gentes del pasado? Categorías sociales e identidades en el tiempo, En Cecilia Suárez Cabal, Javier Fernández Sebastián (ed.), La subversión del orden por palabra. Tiempo, espacio e identidad en la crisis del mundo ibérico, siglos XVIII-XIX, Bilbao, 115-139orr.