Bostehun urte bete dituzten beste gertakizun historikoen aldean, lehen mundubiraren bosgarren mendeurrenak badu abantailarik: hiru urte ditugu aurretik, gertakaria bera gogora ekartzeko ez ezik, hartaz gogoeta egiteko ere. Mendeurren bat edo bestelako urtebetetze “historiko” bat gogora ekartzen dugunean, historiatik, antropologiatik, etnografiatik, soziologiatik… zein da benetan aztertu beharrekoa, iraganeko gertaera hura ala gaur egun hari buruz dugun pertzepzioa?
Egia esan, aldez aurretiko gogoeta egin beharko litzateke, mendeurren kontzeptuari berari buruz. Izan ere, "tradizional" deitu ohi ditugun gizarteetan, historia linealak apenas duen garrantzirik. Gure gizarte garaikidearen ezaugarria da historiari garrantzia ematea. Adibidez, orain mundubiraz ari garela, 1619, 1719, baita 1819 bera ere, ez ziren bereziki gogoratuak. 1919an, aldiz, egitandiaren ospakizuna instituzionalki antolatzeko programa bat onetsi zen. Gero instituzioak, Gipuzkoako Diputazioa eta Madrilgo Ministerioa ez ziren ados jarri zeinek zer ordaindu, baina hori beste kontu bat da. "Ospakizun" esan dut? Hona hemen egunotan komunikabideetan entzun edo irakur dezakegun perpaus ustez neutro samar bat: "Elkanoren mundubiraren bosgarren mendeurrena ospatzea". Azaletik bada ere, azter ditzagun hitzak banan banan:
Protagonistak:
Elkanorena, edo Magallaes eta Elkanorena? Ala Drake ingelesarena? Portugesek ez dute Elkano aintzat hartzen, espainolek eta euskaldunek (Iparraldekoek ere bai?) "gurea" lehenetsi arren. Ingelesek, aldiz, eta haiekin frantsesek eta hainbatek "benetako" lehen mundubiraren egiletzat Drake dute, berea bigarrena izan arren, kapitain hasi eta bukatu berak egin zuelako osorik. "Gurean", argudio horretaz bat baino gehiago eskandalizatzen da, lehentasunaren ohorea lapurtzeko saio txobinista baizik ez delakoan. Tira, agian arrazoi dute, baina abagune ona da geure buruari galdetzeko ez ote den inportanteago egintza bera egileen ohorea baino, batik bat ohore hura, izatekotan, haiena izan zelako, eta ez gaur egun euskaldun edota espainol zein portuges garenona.
Eta gainerako protagonistak, zer? Zeintzuk dira, 1522an Sanlúcar eta Sevillara iritsi ziren 18 haiek soilik, ala Cabo Verden preso hartutako 13ak ere bai? Ala 1519an itsasoratu ziren guztiak? Eta haiekin harremana izan zutenak -ez beti harreman ona-, non geratzen dira pertsona bat -edo bi- izendatzen ditugunean?
Mundubira:
Akademikoki kontsentsua orokortua dagoenez, Magallaes-Elkano bikotea ontzat hartuta ere, nork ospatu behar du mendeurrena: Portugalek, Espainiak, Euskal Herriak, Europak, munduak? Estatuek, herrialdeek? Zeren eta Euskal Herria orduan ez baitzen estatu bat... eta Filipinak ere ez. Baina Filipinak bai orain. Baina orduan Espainia ez zen estatua, Gaztelako erresuma baizik. Aragoiko Koroa osatzen zuten eta gaur egun espainiar diren autonomia-erkidegoak bazter utzi behar? Eta horiek batzen baditugu, orduan Aragoiko Koroa zen gaur egungo Pyrénées Orientales departamendua? Eta gaur egungo Kuba, esaterako, orduan Gaztela? Edo Gibraltar. Mundu global eta globalizatu honetan, Estatuak izan behar du irizpidea? Zergatik?
Mundu mailako elkarterik osa liteke, komeniko litzateke, beharko litzateke? Teorian ideia ona dirudi, baina nork nola kudeatuko luke erabakiak hartzeko agenteen arteko koordinazioa eta praktikan sortuko litzatekeen hierarkia? Alegia, mendeurrena ospatzearen ardura noren gain geratu ahal/behar da? Estatuen gain, estatuekin batera bestelako instituzioen gain, hainbat erakunde estatal edo ez, publiko zein pribatu biltzen duten fundazio edo bestelako elkarte motak izan daitezke/behar dute antolatzaileak? Neoliberalismoa nagusi den mundu globalizatu honetan, kapital pribatua sartuko balitz, sponsor gisara, nork hartuko lituzke funtsezko ebazpenak, eta zein irizpideren arabera?
Bosgarren mendeurrena, edo 500. urtebetetzea:
Eztabaida gutxien sortuko lukeen kontzeptua da, kronologikoki ez baitago dudarik (Drakeren baimenaz). Eta egutegi txinatarra, ortodoxoa, edo ilargi-egutegiak aparte utzita, lehenago edo geroago urteak beteko liratekeelako. Egia da kasu honetan aurten hasi eta 2022 arte iraungo zuela. Ez litzateke arazo izango baina...
Filipinetan interesatzen zaie bereziki noiz atera eta noiz iritsi ziren? Haien bosgarrena 2021ean egingo dute, Mactango garaipen historikoa ospatuz... eta Magallaes-en heriotza: garaipen orok definizioz badu galtzailerik, baina tira, donostiarrek frogatu digute abuztuaren 31ko zorigaitz ikaragarria jaiegun alai bila daitekeela. Barka: Filipinetan ginen: izena espainiar errege bati zor dion estatu multietnikoak agur eta ohore egingo dio konkistatzaile kristaua azpiratu zuen buruzagi musulmanari, nahiz eta gaur egun filipinar gehienak kristau izan, eta musulmanekiko harremanak indarkeriazkoak izan sarritan.
Eta "hemen" (eta hemen hori oso estua edo oso zabala izan daiteke) badugu zer ospatua 2020an eta 2021ean? Milurteko erdia bezalako zenbaki biribilaren magiaz liluraturik, zergatik ospatu mundubirarena bereziki? Bai, munduaren kontzepzioa behin betiko eraldatu zen. Berez, lehen mundubira konstatazio enpiriko bat izan zen, 30 urte lehenagoko saioaren ondorio logikoa. Ezin dugu ahaztu Amerika -Mendebaldeko India- topatzea izan zela benetan humanitatearen historian zedarria, zeren eta antipodetara Afrika inguratuz ez baina mendebaldeko itsasoa zeharkatuz iristea izan baitzen hiru karabela ospetsuen asmoa.
Hortaz, ziur gaude mundu mailako gertaera zelako ospatzen dugula mundubira? Ez dugula egiten Elkano getariarra zelako? Benetan Drake edo beste ingeles edo holandes bat izan balitz, hemen ere berdin ospatuko genuke? 1521ean, Nafarroako borrokan gaztelarren alde ari zela, Iñigo Loiolakoa zauritu zuten, eta han abiatu zen euskaldun unibertsalenaren emaitza handia sortzeko prozesua, Jesusen Lagundia baita mundu osoan ordena erlijioso katoliko zabalduena. Baina Nafarroako konkistaren baitan izan zen, eta dagoeneko katolizismoa ez da hegemonikoa. Nolatan ospatuko dugu?
Ospatzea:
Horixe baita, agian, honetan guztian hitz klabea, giltzarria: Ospatu? Euskal gizartea oro har oso kritikoa da, bere buruarekin eta besteekin, bere orainarekin, bere iragan hurbilarekin eta, duela ehun urte ez bezala, agian duela 50 urte ez bezala, orain baita bere iragan urrunarekin ere.
Kritiko esan dut, baina ez nahitaez autokritiko: "bere burua" diodalarik, ulertu behar da maiz bitan, hirutan, hainbatetan bananduta agertzen dela, baita hutsal edo urrutiko diruditen gaietan ere, gehienetan haiengan proiektatzen ditugulako gure filiak eta fobiak, gure aurreiritziak eta pertzepzioak. Elkano bera ere kritikatua izan da mendeurrenaren karietara: militarra zela, inperialista zela (euskaldun izaki, ad maioren Hispaniae gloriam), eta abar. Egia izanda ere, benetako galdera izan behar luke: horrek kentzen al dio garrantzia duela 500 urteko egitandiari?
Garaiko irizpideak ez partekatzea gauza bat da; beste bat, gaur egungo irizpideekin bat ez datorrena gaitzestea. Edo ez: horra hor eztabaida zabalik.
Historia ulertzeko pertzepzioaren aldaketan, mugarri bat jartzekotan, nik 1992an jarriko nuke, Me cago en el V. Centenario / Hau nazka kanpainarekin. Orduan, Ruben Blades Panamako kantariak plazaratu zuen disko batean, hala zioen: no celebrando, conmemorando. Gustatu edo ez gustatu, mundua behin betiko aldatu zela ezin ukatu.
Gogoratzeaz gain, gogoeta egitea izan liteke helburua: izango ahal gara datozkigun hiru urteotan horretaz guztiaz eta gauza gehiagori buruz gogoeta egiteko gai?