Azken denboraldian, COVID 19ak sortutako giro nahasi hontan, beldurra izan da gizarteak sumatu duen emozioetako bat. 2020ko martxoan ezezaguna omen zen birus baten aurrean beldurra agertu zitzaigun. Ezjakintasunak betidanik izua piztu du gizakiongan eta emozio hau historia bezain zaharra dela esan daiteke. Hau baieztatzeko kartografian oinarritu gaitezke, beldurra ere irudikatzeko erabili izan den teknika baita.
Iberiarrek egin zituzten lehen bidai atlantikoetan hainbat beldur agertu ziren itsas hedadurak sortzen zuen arrisku sentsazioagatik, ur haietan topatzen zituzten izakiengatik (alegiazkoak bihurtzen zituztenak) edota pairatzen zituzten fenomeno klimatikoengatik. Esplorazio transatlantikoen hasieran munduaren dimentsioak espekulazio hutsak ziren oraindik. Bidaiak luzeak eta ziurgabeak izan zitezkeela bazekiten; beraz, finantzatu zituztenek zalantza handiak izan zituzten horien bideragarritasunaz. Izan ere, 1519ko abuztuan Sevillako Kontratazio Etxeak antolatu zuen bidaian, lehen mundu birako bidai hartan, Fernando de Magallanes itsasgizon portugaldarrak beraren tripulazioari espedizioaren hedadura errealak ezkutatu zien, ziurgabetasunek eta beldurrek espedizioaren ahalegina eragotzi ez zezaten. Hala ere, egunak eta gauak lur arrastorik gabe igarotzean gezurra esaten ari zen susmoa hartu zuen tripulazioak. Beldurra, gosea eta esperantza gutxi zuten. Are gehiago, broma edo Teredo Navalis molusku bigun batzuk itsasontzien zurezko kroskoetan kalte handiak eragin zituzten. Zur hezea zuten elikagai eta dena marraskatzeko arriskua zegoela ikusirik, 1522ko maiatzaren 9an Mozanbikeko kostaldea begiztatu zutenean tripulazioak bertara hurbiltzea erregutu zion Elkanori (portugaldarrek espetxeratzeko arriskua izanik). Errebeldia honen kausa beldurra besterik ez zen izan. Elkanok ezezkoa eman zien, uhartera joateak Espainiara iristeko plana eten egingo baitzuen, horrek ekarriko lukeen galzoriak aipatu gabe. Nolanahi ere, itsasgizonek arriskuak eta honen ondorioz sortzen ziren beldurrak gainditu zituzten ezbeharrak gainditzeko nahiak bultzatuta. Duda barik, Elkanoren eta berarekin jarraitu zutenen ausardia eta balentria garai berri baten abiarazleak izan ziren.
Magallaesek tripulazioari espedizioaren hedadura errealak ezkutatu zien, ziurgabetasunek eta beldurrek espedizioaren ahalegina eragotzi ez zezaten.
Kartografoek espedizioetan parte hartzen zuten itsasgizonen ezagutza berriak irudikatu behar zituzten, baina askotan abenturak ere jasotzeko gaitasuna erakutsi zuten. Kontestu honetan aipatu ditzakegu historian zehar kartografiatu ziren munstro ezberdinen esanahia.
1538ko (C. Iulii Solini) Polyhistor, Rerum toto orbe memorabilium thesaurus locupletissimus obran Physetera izenez ezagutzen den itsas munstroaren erasoa ikusten da (lehen irudia). Olaus Magnusen 1539ko nabigazio-mapan bale bat itsasontzi bat jaten ari da (bigarren irudia). Halaber, 1540 Sebastianen Kosmografia obran, Mediterraneoa Afrikako iparraldeko kostaldean zoritxarreko marinel bat jaten duen itsas munstro bat jasotzen du kartografoak (hirugarren irudia).
Hala ere, kartografian irudi hauen agerraldia kasu askotan «horror vacui» arekin lotuta dagoela esan beharra dago. Honek zenbait mapetan ezagutu gabeko eremuak horrelako irudiekin josita agertzea azaltzen digu, kartografoak hutsik utzi behar zituen eremuak betez eta adornatuz. Azken finean, kartografoak munduaren interpretazio bat irudikatzen zuen, irudimenak eta arteak sekulako garrantzia hartuz. Gainera, ez dugu ahaztu behar Erdi Aroko jakintza-arloak, kartografia barne, izaera erlijioso eta apokaliptikoaz beteta zeudela, apaingarri hauek hauen islada bilakatuz.
Gaur egun kartografoen lana asko aldatu bada ere teknologia eta teknika berriei esker, pertzibitzen dena irudikatzen jarraitzen da, baita beldurra ere. Emozio hau pertzibitzen den alegiazko edo erreala den arrisku baten ondorioz sortzen dela kontuan izanik, pertzepziozko geografian murgiltzeko aukera ematen digu honek. Geografiaren adar bat da, gizabanakoen pertzepzioak kontuan hartzen dituena espazio baten antolaketaren analisian. Pertsonek dituzten irudi mentalak analizatzen dira, biztanleriaren behar eta afektuetan oinarrituta baitaude. Aldi berean, honek psikogeografian sakontzen lagunduko gaitu, inguruneak sor ditzakegun sentsazio, bizipen eta pertzepzioen azterketari egiten diolako erreferentzia. Laburbilduz, bi kontzeptu hauen bitartez, gizabanakoak lurraldean duen portaera ulertzen laguntzen gaitu.
Pertsona bakoitzaren hautemate prozesuaren emaitza arestian aipatutako irudi edo mapa mentala da. Hauek hiru motatakoak izan daitezke:
1. Egiturazkoa edo deskribatzailea: informazioa pertzibitzen den modu deskriptiboari deritzo. Soilik interesgarria den informazioa isladatzen duen mapa mentalak dira.
2. Balioetsikoa edo baloraziozkoa: inguruneari buruz pertsonen sentimenduak islatzen ditu.
3. Lehentasunezkoa: espazioan zehar sakabanatutako zenbait objekturi buruz gizabanakoen lehentasunak azaltzen ditu.
New Yorkeko Wissenschaftler Art Groupeko JEK Larsonek sinadura agertzen da, JEK izanik mapa mental honen egilearen siglak: Juan Echegoien Krug, artista euskalduna.
Egun, hainbat hirik osatu dute dagoeneko beldur mapak. Ez da munstrorik ageri, baina duda barik sinbolo egokia izango litzake puntu beltzak kartografiatzeko
Beldurraren emoziora bueltatuz, gaur egun psikogeografiaren ikuspegitik, lekuaren zentzua haintzat hartuta alegia, mapa berriak sortzen ari dira. Topofobia (leku jakin batzuek eragindako gaitzespen, gutxiespen edo beldurra) izanik sentimendu kezkagarriena, hainbat hirik osatu dute dagoeneko beldur mapak. Ez da munstrorik ageri, baina duda barik sinbolo egokia izango litzake puntu beltzak kartografiatzeko. Pertsonek ingurua pertzibitu eta arriskuen arabera sailkatzen dituzte hiriko zonalde ezberdinak. Zorionez, zenbait kasutan mapa hauek kontuan hartu dute hiriko plangintzan, esaterako, azpian ikus daitekeen Valladolideko hiriko beldur maparen kasua. Iruñean ere beldur maila ezberdinak erakusten duten zonaldeak jaso dira eta ondorioz, udalak inbertsio bat egingo du identifikatutako guneak hobetzeko segurtasun aldetik. Ikertutako mapetan beldurra pertsonak pertzibitzen duen segurtasun mailarekin guztiz erlazionatuta dago. Orohar, emakumeak dira segurtasun maila baxuena identifikatzen dituztenak hirian zehar mugitzean, segurtasun ezaren pertzepzioa emakumeen aukerak mugatzen dituelako.
Valladolid eta Iruñea hirietako beldur mapak.
Halaber, arestian aipatutako ezjakintasunak gaur egun ere eragina du beldurraren pertzepzioan, ezagunak diren espazioak (funtzionalitate handiko guneak, norberaren biziguneak, etab.) segurtasun handiarekin pertzibitzen baitira; aldiz, ezezagunak eta urruntasuna erakusten dutenak segurtasun gutxiko zonaldeak bilakatzen dira.
Guzti hau kontuan izanda, hiriaren antolakuntza egoki batek asko lagundu dezake hiritarren bizi kalitatea hobetzen. Aipatutako pertzepziozko geografian bada hiriaren antolakuntzaren eta irakurgarritasunaren garrantziaz hitzegiten duen lan bikaina: Kevin Lynchen (1960) “The image of the city”. Egile honen arabera, hiri baten irakurgarritasuna funtsezkoa izan behar da hiria diseinatzen den momentuan, irakurgarritasunak segurtasun pertzepzioak areagotzen baititu. Berdintasunaren aldeko Bilboko Emakumeen Kontseiluak Bilboko auzoetan emakumeen mugikortasuna eta askatasun sentsazioa hobetzeko asmoarekin Debekatutako Hiriaren Mapa sortu zuen. Mapa eta atxikitutako txostena aztertuz, beldur eremu gehienak (lurpeko pasabideak eta eskailerak, hain zuzen ere) Lynchek ertzak bezala definitzen duen guneak direla ohartu gaitezke, morfologikoki eta sozialki bereizitako hiri-espazioak. Ondorioz, hausnarketa sakon bat egin beharko litzateke hiri plangintzatik ertzek sortzen duten mugak ezabatzeko beharraren inguruan. Hirigintza inklusiboak espazio publikoetan segurtasuna areagotzen duela baieztatuta, inklusiboa izango den hirigintza indartzeko ekimen ugari abiaraztea derrigorrezkoa izan beharko da, hiriak guztiontzat espazio seguru eta irisgarriak izan daitezen.