Zorion, irabazi eta abentura grina ez dira marinelen buruan zeuden kontu bakarrak. Arrisku eta ziurgabetasun ugari zeuden eta tresnak beharrezkoak ziren tripulazioaren adoreari eusteko, baina ez hori bakarrik, baita ontzian segurtasuna mantentzeko ere.
XXI. mendearen hasieran, Espezien Ontzidian ontziratutako marinelen pentsamoldea aztertzen dugunean, erlijioak –kasu honetan erlijio katolikoak– ontzian pisu eta protagonismo handia zuela uste izatera jotzen dugu. Egia bada ere lehorreko bizimoduan erlijiotasunak gizarteko eremu guzti-guztietan eragina zuela, espedizioko itsasontzietan zailagoa zen lehorreko jokabideei eta ohiturei eustea, eta, beraz, erlijioaren presioa dezente arintzen zen. Oso ohikoa zen marinelak erlijiogabetzat jotzea, eta hori ez da guztiz egia; hala ere, komeni da erlijioa eta erlijiotasuna bereiztea, ez baitira inondik ere sinonimoak. Bere-berea den itsas munduan, erlijiotasuna sineskeria hutsarekin nahasi daiteke, fede modu berezi bat bilakatzeraino. Esan ohi den moduan, “ohol baten lodierak baino ez du bereizten marinela heriotzatik” eta harentzat balio izugarria izango du psikologikoki salbu dagoela sinestarazten dion edozein elementuk.
Magallaes-Elkano espedizioan, hiru beldur motak eragiten zioten tripulazioari, 20 metro luze eskaseko itsasontzian. Ezezagunari beldurra, besteak beste, nabigazioko gorabehera fisikoak, gaixotasuna eta sufrimendua; “grazia-egoeran” egon gabe hiltzeari beldurra, eta, azkenik, itsas sineskeria eta kondairetatik sortutako beldurra.
ohikoa zen bidaiaren zenbait xehetasun ezkutatzea prestakuntza txikiena zuten tripulazioko kideengandik
Horietatik guztietatik lehena abiaburu hartuta, Magallaes, Elkano eta gainerako kapitainentzat kezka nagusia zen ontzi barruko bizikidetza eta tripulazioen kemena zentzuzko mugen barnean mantentzea. Horretarako, ohikoa zen bidaiaren zenbait xehetasun ezkutatzea prestakuntza txikiena zuten tripulazioko kideengandik. 25 urte baino ez ziren igaro Kolonek lehen aldiz Atlantikoa gurutzatu zuenetik eta gutxi gehiago (1534) portugesek Bojador lurmuturretik –"Beldurraren lurmutur” gisa ezagutzen zen– haratago menturatzea lortu zutenetik. Korronte izugarrien, hondarpeen eta ipar-ekialdeko haizeen eraginez, eliz gurasoek –San Agustinek eta San Gregoriok– baieztatu zuten kontrako haizeekin haratago ez zegoela itzulerarik, hau da, amildegi biblikoa zegoela, “non plus ultra” (haratago ez). Marinel adituenek uste zuten alisio haizeek kontrako baliokidea izango zutela iparralderago, baina horiei buruz Kolonen kontakizunak soilik existitzen ziren. Dena dela, ezezagunarekiko beldur hura zela eta, bai Kolonek bai Magallaesek erabateko konfiantza erakutsi behar izan zuten beren gizonen aurrean, eta hala eta guztiz ere, biek izan zuten beren gain matxinadaren mehatxua etengabe.
Hegoaldeko itsasoa Txileko erresumatik ikusita, 1744. Iturria: Espainiako Elkarte Geografikoa.
Bigarren beldur-iturriak erlijioarekin zuen zerikusia. Antonio Gebarakoak (1481-1545) honela zioen:
"Aholku onuragarria da, itsasoratu nahi duen gizonezko orok, nahiz itsasontziz, zein galeraz, bere burua konfesatzea eta Jauna hartzea, eta Jaunari gomendatzea kristau on eta fededun moduan: izan ere, nabigatzaileak menturaz darama bizia, geroratutako guduan sartzen denak adina. Aholku onuragarria da, Kristau onak itsasoratu aurretik testamentua egitea, zorrak aitortzea, hartzekodunekin betetzea, azienda banatzea, etsaiekin adiskidetzea, egonaldiak irabaztea, hitza betetzea, eta bere buldekin askestea: zeren eta gero itsasoan, ikus dezake bere burua ekaitz hain ikaragarrian, bizi honetako altxor guztien truke ere ez lukeela nahi kontzientzia eskrupuluren batekin topatu".
Kronikei esker dakigu espedizioko kideek ahalordea ematen ziotela elkarri, Elkano eta Akurioren kasua, esaterako. Honela kontatzen zuen Pigafettak:
"Goizero lehorrera salto egiten zuen meza entzuteko Barramedako Andre Mariaren elizan, eta itsasoratu aurretik, kapitainak tripulazio guztia konfesatu zedin agindu zuen; gainera, hertsiki debekatu zuen emakumeak ontzidian igotzea".
Karmengo Ama Birjina, Barramedako Sanlucar. Iturria: Andaluziako arrantza-portuetako kultura-ondarearen atlasa.
Magallaes bizitza guztian zehar neurriz gaineko erlijiotasuna erakutsi zuen, ziur asko isilean gorde nahi zuelako Portoko judutegiko kristaututako juduen ondorengoa zela.
Behin ontzian, zorigaiztoaren aurrean marinelak dibinitatearen eta santu babesleen esku zeuden. Itsasontzi guztiek santu edo ama birjina baten izena hartzen zuten eta haiei eskaintzen zitzaien babesa lortzeko. Espainiako eta Portugaleko koroen itsasontzietan ahalegindu egiten ziren erabilera eta ohitura katolikoei eusten, baina oso zaila zen. Nabigatu bitartean ez zen Eukaristiarik ospatzen, “meza lehor” delakoak baino ez, sakramentu santuak isurtzeko beldurrez. Ohiko araua zenez, itsasontziko kapitainak edo maisuak agindutzat zuen kristau ona eta errukiorra izatea, tripulazioaren artean gutxieneko erlijio-jaierari eusteko. Magallaesek oso zorrotz hartu zuen gaia, bere bizia jokoan baitzegoen. Bizitza guztian zehar neurriz gaineko erlijiotasuna erakutsi zuen, ziur asko isilean gorde nahi zuelako Portoko judutegiko kristaututako juduen ondorengoa zela.
Espedizioko elizgizonei dagokionez, meza-elizgizon (itsas armadako kapilaua) bakarra jaso zen Magallaes eta Elkanoren itsasontzietako nabigazio-egunkarietan: Pedro de Valderrama. Ordura arte nekez topa zitekeen apaiz bat merkantzia-ontzietan non eta ez zen bidaiari gisa. Écijan jaioa, Valderrama Trinidad ontzian itsasoratu zen kapilau gisa. Uste da Magallaesekin batera hil zela indigenen esku 1521eko apirilaren 27an Cebuko enboskadan.
Cebun egindako lehen mezaren alegoria. Iturria: mimoleskinekitektonikoa bloga
Itsasoratutako beste elizgizonetako bat izan zen Bernardo Calmetas, izatez Lectourekoa (Frantzia). San Antonio itsasontzian itzuli zen Espainiara. 1522an Tenerifen zen oraindik ere. Horietan guztietan azkena Pedro Sanchez Reina elizgizona izan zen. Magallaesek San Julian portuan desterratu zuen Juan Cartagenarekin batera, obedientzia ukatzeagatik, hain zuzen ere, Magallaes “infernuko suarekin” mehatxatzeagatik. Juan Cartagenak Luis Mendoza –itsas armadako diruzaina– sastakadaz erailtzeko agindu zuen Pedro Sanchez Reinaren esku-hartzearekin. Ikus dezakegun moduan, Magallaesen erruki porrokatua ez zen oztopo izan elizgizon bat kondenatzeko.
Elizgizon haien eginkizuna lehorrean meza ematea eta indigenak ebanjelizatzea zen. Maisua arduratzen zen ontzi barruko otoitzez. Morroi batek egunsentian abesten zuen lehen otoitza, eta horrekin hasten ziren eguneroko erlijio-praktikak:
"Bendita sea la luz
y la santa Veracruz
y el Señor de la verdad
y la Santa Trinidad
bendita sea el alma
y el Señor que nos la manda
bendito sea el día
y el Señor que nos lo envía"
Gero aitagurea eta agurmaria kantatzen ziren. Ilunabarrean morroiak sua ekartzen zuen iparrorratz-kutxara eta hau abesten zuen eguna agurtzeko:
"Amén y Dios nos de buenas noches,
Buen viaje y buen pasaje haga la nao,
Señor Capitán y Maestre y buena compañía"
Ondoren, bi morroik kristau-ikasbidea esaten zuten eta berriro errezitatzen ziren aitagurea, agurmaria, kredoa eta salbea. Gau eta egun, zaintzaz arduratutako morroiaren otoitz labur batek laguntzen zuen hondar-erlojuaren bira bakoitza; gehiago zen morroiak iratzarrita jarraitzen zuela ziurtatzeko kristau-jaieragatik baino.
Horrelako eginkizun batean, erlijio-praktika formalitatea baino ez zenez, itsasgizonek erlijiotasun modu propioa bilatzen zuten, kristau-doktrinaren barruan batzuetan, sineskerietan bestetan, biak nolabaiteko sinkretismoan nahastuz bestela. Magallaes-Elkano espedizioko marinelen hirugarren beldurra tabernaz taberna, aho-belarri, zabaltzen ziren kondairak ziren; beldurrez betetzen zituzten gizonen barrenak eta buruak ezezaguneranzko nabigazio-gau amaigabeetan.