Barrura begirako esplorazioa. Motibazioak, erlijiotasuna eta sineskeriak lehen bidaia ozeanikoetan. (1/3)

Xabier Armendariz, Itsas historialaria
26 MAI, 2021

Ozeanoetan zehar egindako lehenengo espedizioen ezaugarri nagusia bi elementu hauen arteko oreka zaila zen: alde batetik, abentura eta ezagutzarako espiritua zegoen; bestetik, aurre egin behar zitzaion ezezagunarekiko beldurrari eta eginkizun berriek sortzen zuten ziurgabetasunari. Balentrien eta sufrimenduen kontakizunen azpian, marinel bakoitzaren barneko unibertsoa ezkutatzen da, aurre egin behar baitio bere sinesmen eta muga ezagunak zalantzan jartzen dituen espedizio bati.

Ariketa konplexua da ulertzen saiatzea zergatik itsasoratu ziren marinelak Espezien Ontzidian, zein ziren haien motibazioak; izan ere, sentimendu horiek oso subjektiboak izaten dira. Arrazoi bat izan daiteke abentura-espiritua, bere horretan, edo irabaziak lortzeko grina. Halere, mundu ezezagunean murgiltzeko arrazoiak ondo analizatu nahi baditugu, kontuan izan behar dugu, topikoez gain, espediziora joan aurretik euskaldun horiek jaioterrian zuten testuinguru sozioekonomiko, erlijioso eta kulturala. Zuzeneko lekukotasunik egon ez arren, horien zantzuak gordetzen dituzten testuak hainbat dira: nabigazio-egunkariak (Kolon eta Pigafettarenak, adibidez), gutunak, kontakizunak eta naufragio-kronikak, baita nobela eta poesia-lanak ere. Testu horietan irakur ditzakegu, hobeto edo okerrago, garaiko marinelek nolako zailtasun fisiko eta emozionalak bizi zituzten.

...hurbileko mahai batetik entzun ahal izango ditugu 28 urteko kontramaisu gazte baten argudioak; Juan Akurio, herritarren aurrean eserita Bermeoko taberna batean (...) Berarekin joateko konbentzitzea zen haren asmoa.

Ontziratu edo lehorrean geratu erabakitzea zaila zen, eta irudizko balantza baten esku egon zitekeen. Alde batetik, abantailen artean egon zitezkeen aipatutako abentura-espiritua, irabazi izugarri handiak izateko aukera, prestigio soziala eta lanbidean mailaz igotzea. Alde txarrei dagokienez, batetik, pentsatu behar dugu garai hartan erlijioak eta sineskeriek –marinelen kulturak asko zituen– zenbat eragiten zuten, hain zuzen, ezezagunarekiko beldurra sustatzen. Bestalde, tamaina horretako espedizioek benetako arriskuak zituzten. Gogoratu beharra dago 27 urte besterik ez zirela pasa Kolonek Ozeano Atlantikoa zeharkatu zuenetik, ordura arte gaindiezina zen muga. Beti da zailagoa kondaira zaharrak eta mitoak eraistea, eraikitzea baino.

Cantinoren planisferioa (1502). Magallaes-Elkano espedizioaren aurretik geografiaz ezagutzen zenaren adibidea. Esploratu gabeko espazio handiekin lotzen dira, artean ere, Erdi Aroko mito zaharrak, besteak beste, Preste Joanen Erresuma edo Ilargiaren Mendiak.

Sormen-ariketa bat egiten badugu, hurbileko mahai batetik entzun ahal izango ditugu 28 urteko kontramaisu gazte baten argudioak; Juan Akurio, herritarren aurrean eserita Bermeoko taberna batean. Armada sortu izanaren berria eta horrek zekarren aukera ahoz aho ibiliko zen, bolbora-arrasto bat bezala. Berarekin joateko konbentzitzea zen haren asmoa.

XVI. mendearen hasieran bi arrazoi nagusik ematen zioten pisua balantzaren alde bati: prestigioa eta dirua. Kasu batzuetan, biek bat egiten zuten, baina ez beti.

Prestigioa, gizarteko estatus-eskala gisa ulertuta, oso pizgarri eraginkorra zen garai hartan. Bizitzan izen ona ez izateak pobrezia zekarren, eta, are gehiago, nekazarien eta arrantzaleen munduan, kostako nabigazioan edo, besterik gabe, lehenengo seme-alaba ez zirenen kasuan. Gizartean mailaz igotzeko aukera onena armekin aritzea zen. Baina, ordurako amaitu zen Granadako konkista, eta Penintsulako erresuma independente bakarra, Nafarroa, Gaztelako tropek okupatu zuten jada. Gainera, Gaztelako monarkiak eta herribilduek bandoen arteko zorigaiztoko borrokak amaitu zituzten. Hortaz, ospea edo izena lortzeko modu berria itsasoaren beste aldean zegoen, muga berria zen, urrearen sukar moduko bat. Izen ona eta diru-kutxa beteta itzultzea lor zitekeen.

Prestigio hori ez zen, ordea, gizartean mailaz igotzea soilik, lanbidean mailaz igotzea ere izan zitekeen. Espezien Ontzidiak hornidura bikaina zuen, garaiko ontzi, tresna, lanabes eta arma onenak zituen. Edozeinek aukera izango luke espedizio horretan profesional gisa finkatzeko: arotzek, itsasarotzek, itsasmutilek… marinelen kasuan, denbora gutxian ospea eta ezagutza lortzeko aukera zen, kabotajeko nabigazioan nahiz arrantzaren munduan nekez lor zitekeena. 

Nao Victoria cruzando el estrecho de Magallanes (2015).  Guillermo Muñoz Vera

 

Adibidez, Magallaes-Elkano espediziokideei dagokienez, oso ondo dakigu zein handia zen, bizirik itzuliz gero, jasoko zuten soldataren eta irabazi metatuaren kopurua. Horrez gain, lau hilabeteko ordainsaria jasotzen zuten aldez aurretik; ondorioz, familiak nolabaiteko babes-egoeran utz zitzaketen lehorrean.

Eredu gisa ditugu Elkano, Akurio eta Arratiaren kasuak. Lehenengoak, Getariakoak, munduari bira eman eta jaioterrira itzuli zen 613.251 marabedi irabazita, ordainsariak eta kintaladak kontuan hartuta. Gehitu horri balentriak eman zion aitorpen eta prestigio soziala.

Juan de Akuriok 231.223 marabedi irabazita amaitu zuen bidaia, eta lanpostuz igotzea lortu zuen: pilotu nagusi eta Hegoaldeko itsasoko gotorleku bateko tenente egin zuten 1538an.

Azkenik, Bilboko 18 urteko itsasmutilak, Juan de Arratiak, 64.521 marabedi metatu zituen itzuleran. Gainera, Fernando Katolikoa eta Karlos I.a pertsonalki ezagutu zituen.

XVI. mendearen hasieran bi arrazoi nagusik ematen zioten pisua balantzaren alde bati: prestigioa eta dirua.XVI. mendeko gizartea, ordea, beldurrak hartua zuen. Bai erlijioaren eraginez, bai sineskerien erruz, baita Bermeoko portuko tabernetan eta halakoetan marinelek kontatzen zituzten ipuin zaharren ondorioz ere. Eta hori da, hain zuzen, balantzaren beste aldea.

Euro bat kalkulatzen badugu marabedi bakoitzeko, ikus dezakegu kopuruak zein handiak ziren garai hartan. Elkanok, 36 urte zituela, nahi izanez gero, ospe oneko gizon aberats baten modura ahal zuen bizi, betirako. Baina, handik hiru urtera, Garcia Jofre de Loaisaren espedizioan joan zen, nahiz eta ondo jakin zer arrisku eta egoera zail bizi izan zituen Ozeano Barean eta Indiako Ozeanoan, munduari bira ematean. Erronka handiagoak egiteko grinak eta, dirudienez, eskorbutoak bizia kendu zioten.

Juan de Arratia, 21 urterekin, Loaisarekin joan zen abentura berrien bila. San Lesmes karabela, baita bilbotar gaztea ere, Ozeano Barean desagertu zen, historiako lainoek irentsita.

Ez dakigu Juan Akuriok pilotu nagusiaren postua izan ote zuen Pedro de Alvaradoren Hegoaldeko itsasoko espedizioan, baina pentsa dezakegu asmo hori zuela.

Historian ez dira falta horrelako jarrera izan duten pertsonak, bai itsasoan, bai beste esparru batzuetan ere. Besteak beste, Extremadurako Pedro de Valdivia dugu horren adibide. Pizarrorekin batera hartu zuen parte Peruko konkistan, eta patxadaz bizitzeko adina enkomienda eta etekin izan zituen. Hala ere, Txileko konkistaren buru izan zen, irabaziengatik baino, horrek ematen zion ospe eta estatusagatik.

Azken batean, ez da nahikoa izaten urrea, batez ere historian arrastoa uzteko aukera eta grina bihotzean badaramazu. XVI. mendeko gizartea, ordea, beldurrak hartua zuen. Bai erlijioaren eraginez, bai sineskerien erruz, baita Bermeoko portuko tabernetan eta halakoetan marinelek kontatzen zituzten ipuin zaharren ondorioz ere. Eta hori da, hain zuzen, balantzaren beste aldea.